Uranga finaletik puntu batera gelditu da

Uztarria 2005ko abe. 5a, 12:12

Jokin Uranga kartzelako lanean, atzo.

Atzo Atano III.a pilotalekuan izan zen azken finalaurrekoa; Urangak laugarren egin zuen

Azpeitiarra "gustura" dago; "baina ez sartuta, nahiago nuen hamar puntura geratzea"

Jokin Uranga bertsolari azpeitiarra, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko atarian gelditu da: zazpigarren postuan (lehen seiak sartzen ziren), Sustrai Colinarengandik puntu bakar batera (Colinak 1.455,5 puntu, Urangak 1.454,5).

Atzo (abenduak 4) jokatu zen azken finalaurrekoa Donostian Atano III.a pilotalekuan, eta giroa gori-gori zegoen. Uranga ondo aritu zen, eta "gustura" dago atzo egindako lanarekin, nahiz eta aitortu ez duela izan denborarik atzokoaz "gehiegi pentsatzeko". Saioan laugarren gelditu zen, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Arkaitz Goikoetxearen atzetik. Azpeititik joandako lagun eta zaleek saio osoan asko animatu zuten Uranga.

Atzoko puntuazioa:
- 1. Igor Elortza, 733,5 puntu.
- 2. Unai Iturriaga, 730.
- 3. Arkaitz Goikoetxea, 723,5.
- 4. Jokin Uranga, 723.
- 5. Aitor Sarriegi, 718.
- 6. Ekaitz Goikoetxea, 702.

Finalerdiak (lehen seiak, finalera):
- 1. Amets Arzallus, 1.566,5 puntu.
- 2. Jon Maia, 1.510.
- 3. Igor Elortza, 1.506.
- 4. Aitor Mendiluze, 1.505,5.
- 5. Unai Iturriaga, 1.504.
- 6. Sustrai Colina, 1.455,5.
- 7. Jokin Uranga, 1.454,5.
- 8. Aitor Sarriegi, 1.453.
- 9. Xabier Paia, 1.450,5.
- 10. Amaia Agirre, 1.450.
- 11. Arkaitz Goikoetxea, 1.447,5.
- 12. Fredi Paia, 1.444,5.
- 13. Jexux Mari Irazu, 1.442.
- 14. Iñigo Manzisidor Mantxi, 1.333,5.
- 15. Ekaitz Gokioetxea, 1.414.
- 16. Arkaitz Estiballes, 1.411.
- 17. Jon Martin, 1.411.
- 18. Etxahun Lekue, 1.406.

Lehen seiek, Andoni Egaña txapelduna eta Maialen Lujanbio txapeldunordea izango dituzte zain finalean.

Urangak dio txapelketa honetan jarritako helburua lortu duela: "Hasieratik finalerdietara pasatu eta bi saio on egitea nahi nuen, eta alde horretatik gustura nago", esan dio Uztarriari. Finaletik puntu batera gelditzeak ez dio "molestatu", baina "hamar puntura gelditzea nahiago nuen, horrela ez bainuen arantzarik izango".

Abenduaren 18an izango da finala, BECen (Barakaldo) eta Urangak pronostikorik ez du: "Ez naiz aurreikuspenak egin zalea, eta aurtengoan, gainera, ez dut faboritorik ere".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide