Aurten ere Saioa Imazek egingo du karroza

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 6a, 11:12

Saioa Imazen lana izan da 2006ko karroza lehiaketan aukeratutakoa.

Lan bakarra aurkeztu da 2006ko sansebastianetako Karroza Lehiaketara, eta Udalekoek bera aukeratu dute (Urola Kostako Hitza)

Aurten bezalaxe datorren urtean ere San Sebastian egunean haurren danborradarekin batera aterako den karroza Saioa Imaz azpeitiarrak egindakoa izango da. Halaxe erabaki du 2006ko Sansebastianetako Karroza Lehiaketako epaimahaiak.

2006ko karroza lehiaketara aurreproiektuak aurkezteko epea azaroaren 30ean bukatu zen, eta ostiralean epaimahaia bildu zen erabakia hartzeko. "Karroza lehiaketara proiektu bakarra aurkeztu da. Udal festa batzordean proiektua aztertu ondoren, aho batez karroza lehiaketako saria proiektu horri ematea erabaki dugu lehiaketan eskatutako baldintzak betetzen dituelako. Lan hori Saioa Imaz azpeitiarrak aurkeztu du eta 1.202 euroko saria jasoko du", diote Udaleko Festa Batzordeko kideek.

Hiru gai proposatu zituen Udaleko Festa Batzordeak 2006ko sansebastianetako karroza egiteko: "Txokolo Zaharra txistularia jaio zela 125 urte; Jose Artetxe eta IƱaki Goenaga Sistiya idazleak jaio zirela 100 urte; eta Xoxoten Inazioren irudia jarri zutela 50 urte". Udalekoen esanetan, lehiaketara Imazek aurkeztu duen proiektuak proposatutako gaiak "modu egokian eta gaur eguneratuta jasotzen ditu".

Atzo (abenduak 5) jakin zuen Saioa Imazek bere proiektua aukeratu zutela, eta gustura zegoen. "Aurten ere nik egin nuen karroza, eta orain badakit nolako lana den karroza egitea. Lanean hasteko gogoarekin nago eta bihar (gaur) hasteko asmotan naiz", zioen atzo.

Lan bakarra aurkeztu da karroza lehiaketara. "Udaletxean esan didatenez kanpotik-eta dei asko jasotzen dituzte lehiaketaz interesatuta, baina gaiak herrikoak dira eta nonbait horregatik ez da animatzen jendea. Nik neronek ere aurrez dokumentazio lana egiten dut, gaiak elkarrekin lotzeko-eta, baina dokumentazio lana gainetik egiten dut", dio Imazek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide