EA: "Garbi daukagu Esklabetako eremua garatzea hobe dela"

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 23a, 18:12

EAko zinegotziak: Mikel Ibarzabal, Kontxita Martija, Manuel Unanue eta Kandido Mitxelena.

EAko zinegotziek Esklabetako lurjabeen proposamenaz eta alkateak haiei emandako erantzunaz hitz egin zuten atzo (abenduk 22)

Udaleko Eusko Alkartasunako zinegotzien ustez, "Esklabetako lur eremua garatzea hobe da Etxebeltz-Izarra baino. Orain zazpi hilabete esan genuen bezalaxe, Udalak bertan lurrak dituelako". Atzo (abenduak 22) Alkartetxean prentsaurrekoa eman zuten gaiari buruz eurek duten iritzia emateko.

"Memoria eginez, guk bere garaian Esklabak... Udalak erosi behar zituela defendatu genuen. Udalak ez zituen erosi. Orain babes ofizialeko etxebizitzen premia larria dago. Ados. Zergatik? Urteetan ez direlako egin. Zergatik ez dira egin? EAJ urteetan agintzen egon da; ez dira egin eta orain presaka dabiltza. Guk autokritika egiten dugu, baina hor bateren bati begiratu behar bazaio, ez da EAri, beste batzuei baizik".

Babes ofizialeko etxebizitzen "premiari" irtenbidea emateko 19. (Esklabak) eta 20 (Etxebeltz-Izarra) lur eremuak aipatu dituzte Udalekoek. "Maiatzaren 5ean egin zen udalbatzarrean esandakoa berresten dugu. Etxebeltz-Izarrako lur eremuan etxebizitzak egiteko prozesua azkartzea erabaki zen orduan. Gu ez geunden ados. Udalak 19. lur eremuan, Esklabetan, lurrak zituela-eta han babes ofizialeko etxebizitzak egin zitezkeela esan genuen. Guk garbi genuen tramitazioa azkartzekotan bi eremuetan batera egin behar zela. Izarran 170 etxebizitza egiteko aukera zegoen eta 328 egitea onartu zen. Udalak hor ez du lurrik eta %10arekin gelditzen zen". Abokatu urbanistei galdegin diete EAkoek. "Abokatuen ustez, 20. eremuaren tramitazioak 8 hilabeteko iraupena balu, 19.ak 10ekoa luke. Bi hilabeteko aldea lukete. Urteetan ez denean ezer egin, zer dira bi hilabete?".

Etxeak eraikitzerakoan erabili beharreko irizpideez ere jardun zuten. "Bi eremuetan irizpide berdinak erabiltzearekin ados gaude gu. 50 etxebizitza hektareako da Udalaren irizpidea. Legeak hektareako 70 etxebizitza arautzen du. Baina alde batean lurjabeen lur guztiak kontutan hartzen badira baita bestean ere. Mendia sartzen dute lurjabeek 19. ean, baina han ez da eraikiko. Gaur egun Udalean aztertzen ari garen arau ordezkatzaileen arabera, San Migelen eraikitzea proposatzen da. Hori ez al da mendia?". EAkoen ustez Esklabetako lur jabeen proposamena ona da, "hobetu daitekeena". Mahai batean eseri eta hitz egin beharrekoa da. Negoziazioen berririk ez Etxebeltz-Izarrakoan Esklabetan baino lurjabe gehiago izanik zailagoa izango da akordio batetara iristea, EAkoen iritziz. "Udala Etxebeltz-Izarran inbertsioak egitekoa dela entzun dugu, guk negoziazio horietaz ez dakigu ezer". Udalak azkena atera eta etxez etxe banatu duen Azpeitiaren alde lanean aldizkariaz ere hitz egin zuten EAkoek, "Hilaren 2an, 13:30ean, jakin genuen Udalak hori atera behar zuela. Ordurako banatzen hasita zegoen. Zer da? Azpeitian Zer-en hilero azaltzen denaren bilduma. Zertarako? Denok dakigu zertarako. Eta Udalaren diruarekin... Gero aurrekontuetan zerbait egin nahi eta ez dago dirurik". Alkateak esandakoaz ere jardun zuten EAkoek. "Alkateak Ikasberrikoei esan die ‘fantasmak’ ez ikusteko. Gu, datu objetiboek kezkatzen gaituzte. Herrian hiru ikastetxe daude. Karmelo Etxegaraintzako eraikin berria egiten ari dira eta pozten gara. Iraurgi ikastetxea pribatua eta kontzertatua da, eraikin publiko bat erabiltzen du. Ikasberrikoek eurek egin eta ordaindu dute eraikina. Dirua ez dute denek berdin jasotzen eta tratamendua ez da berdina". "Lurjabeen prentsaurrean batek zioen, ‘Udalak 20. eremua bultzatzeko daukan interesean susmo bat dutela’. Azkena, lur eremu horren %15a erosi duena zein izan den jakitea proposatzen dugu guk. Hori jakinda igoal azalpenak topatuko ditugu", adierazi zuten EAkoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide