Azpeitiko gazteen "errealitatea eta kezkak" aztertzeko asmotan hitzaldi zikloa antolatu dute Gaztetxekoek. "Gazteen problematika lan taldea" sortu zuten irailean gazteen arazoen inguruko diagnosia egiteko. Orain arte "barruko lana" egin dute eta orain hitzaldiak antolatu dituzte, "gaien inguruan informatzeko, jendearen aportazioak jasotzeko eta eztabaida zabal baterako oinarriak jartzeko".
Gaur hasiko dira hitzaldiak, eta otsailaren 9a arte astero-astero solasaldiak egingo dituzte hainbat gairen inguruan.
Otsailaren 18an, berriz, hitzaldietan ateratako ondorioak azaldu, aztertu eta horien inguruan eztabaidatuko dute gazteek.
Gazte problematika
Hitzaldi zikloa
"Gazte Problematika"-ren inguruan antolatutako hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira, Gaztetxean.
Urtarrilak 10, gaur. Gaia: Kultura. Hizlariak: Uztarria Kultur Koordinakundeko kultura arlokoak.
Urtarrilak 11, asteazkena. Gaia: Musika. Musikherria herri disketxea proiektuaren aurkezpena egingo dute.
Urtarrilak 17, asteartea. Gaia: Hedabideak. Gaztesarea, Xirika...
Urtarrilak 18, asteazkena. Gaia: Aisialdia, festak. Hizlariak: Bilboko Kaskagorri, Donostiako Piratak...
Urtarrilak 24, asteartea. Gaia: Feminismoa. Hizlariak: Azpeitiko Bilgune Feministako eta Azpeitiko Emakume Taldeko kideak.
Urtarrilak 25, asteazkena. Gaia: Euskara. Hizlariak: Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz eta Uztarria Kultur Koordinakundeko euskara arloa.
Urtarrilak 31, asteartea. Gaia: Gazte errepresioa. Hizlariak: Azpeitiko Askatasuna eta Segi.
Otsailak 1, asteazkena. Gaia: Proiektu txikitzaileak. Hizlariak: Abiadura Handiko Trenaren aurkakoak...
Otsailak 7, asteartea. Gaia: Lan baldintzak. Hizlariak: Duina eta beste herriren bateko eragile bat.
Otsailak 8, asteazkena. Gaia: Etxebizitza. Hizlariak: Duina, beste herriren bateko eragileren bat, Kale Gorrian eta Segi.
Otsailak 9, osteguna. Gaia: Gaztetxea eta gazte asanbladak.
Otsailak 18, larunbata. Ondorioen inguruko eztabaida.
-10:30ean, ondorioen aurkezpena.
-11:00etan, eztabaida talde txikietan bilduta.
-13:00etan, ondorioen inguruko solasaldia, denak bilduta.
-14:00etan, bazkaria.
-16:30ean, jolasak eta jokoak.
-19:00etan, aldarrikapen kalejira.
-22:00etan, kontzertua.
**Haritz Arzallus eta Iñaki Galarraga Gaztetxeko gazte problematika lan taldeko kideak**
"Gazteen errealitatearen inguruko azterketa bat faltan bota dugu"
Irailean, Gaztetxea antolatzen hasi zirenean, hainbat lan talde sortzea erabaki zuten gazteek. Horietako bat "gazte problematika" da. Lan talde horretako kidea da Haritz Arzallus. Orain hitzaldi zikloa antolatu dute, "Azpeitiko gazteen egoerari buruzko diagnosia egiteko asmotan".
Gazte problematika lan taldea zergatik sortu zen?
Gazte asanblada herriko gazteek osatu eta parte hartzen duten gune ireki bat da. Bai gazte asanblada eta bai Gaztetxea tresnak dira. Sistema honek ezartzen dizkigun balore batzuei aurre egin eta guk ikusten dugun beste eredu bat edo eredu aske bat sortzeko tresna dira. Horrek sakonean esan nahi duena zera da: gu ukitzen gaituzten gaietan, bai sozialki kulturalki geuk sortu, geuk pentsatu, geuk amestu behar dugula. Geuk, gazteok, borrokatu behar dugula geuk nahi dugun bizi eredu bati begira. Sistema hau kontsumista, patriarkala eta indibidualista da. Nahiz eta Gaztetxe askok kultura aldetik jo, gure ustez sozialki ere beste gauza batzuk egin daitezke Gaztetxetik. Gazteok geuk erabaki behar dugu, geuk pentsatu, geuk sortu eta geuk amestu.
Irailetik "barruko lana" egin ondoren, orain hitzaldi zikloa antolatu duzue.
Bai, orain arte Gaztetxetik kanpo aldera ikusi edota egon den eskaintza aisialdiarekin lotutakoa izan da batik bat: txapelketak, ikastaroak... Gaztetxean, gazte problematikaren inguruan lanean jardun dugu. Zertarako? Azpeitiko gazteen inguruko azterketa bat egin gabe geneukalako; gazteen egoeraren azterketa bat falta zen. Gazteoi dagozkigun gaien inguruko eta ematen den errealitate baten diagnosia egiteko beharra ikusten genuen. Gero, horren arabera, nahi dugun apustua, borroka... martxan jartzeko.
Zertaz izango dira hitzaldiak?
Hitzaldi zikloaren helburua gazteoi dagozkigun gai desberdinak lantzea da. Euskal Herri mailako egoeraz jardungo gara aurrena, eta gero gaia herrira ekarriko dugu.
Otsailaren 18an egingo dugun eztabaida zabalerako ondorio batzuk aterako ditugu hitzaldietan, eta oinarriak jarriko ditugu. Gai desberdinen inguruan jendeak dituen ikuspegiak jasoko ditugu. Bakoitzak bere kezkak azaltzeko aukera izango du hitzaldi hauetan.
Diagnosi hori egin ondoren, zer egiteko asmoa daukazue?
Orduan lehentasunak jarri beharko ditugu, eta hor ateratzen diren arazoak nola jorratu erabaki beharko da gaztetxeko gazte asanbladan. Agian nahi ditugun gai denak ezingo ditugu jorratu, baina lehentasunak jarri eta horiei aurre nola egin erabaki beharko dugu denon artean.
Gai batzuk urtean behin aterako ditugu, eta beste batzuk iraunkorki landuko ditugu. Beste eredu bat bultzatuko duen herri baten bila joko dugu.