Wazemank-eko kameren aurrean eta atzean dabil lanean Nagore Aranburu (Azpeitia, 1976). Alde batetik, gidoilari taldearen zuzendaria da; bestetik, aktorea. Aurretik ere hainbat lan egin ditu telebistan nahiz antzerkian, gidoilari eta aktore lanetan Sorginen Laratza, Martin. Zineman ere egin ditu urratsak; orain gutxi Aitzpea Goenagak zuzendutako Zeru horiek euskarazko telefilmean parte hartu du. Datorren astean estreinatuko da Miarritzeko FIPA jaialdian.
ETBn Wazemank saioa izaten ari den harrera zer moduz ikusten duzue?
Jendeak oso ondo hartu du. Identifikatuta sentitzen garen gauzekin barre egitea gustatzen zaigu, eta, alde horretatik, gidoia eta pertsonaiak oso gertukoak dira jendearentzat. Hori da arrakasta izan duena. Askotan testuingurutik atera eta exajeratuta, baina jendeak ezagutzen dituen pertsonaiak dira, eta hitz egiteko modua ere oso herrikoia da. Hasieran gustatzen zitzaizkigun gauzak egiten genituen, zer harrera izango zuen pentsatu gabe. Politena da saioko esamoldeak gero kalean entzutea; haurrak Tolosarena egiten ikustea, edo emakumeak gizonari moxolo deitzen entzutea.
Gidoiak idazterakoan, euskal erreferentziak hartzen dituzue kontuan?
Ez gara horrekin obsesionatzen. Gure inguruko mundua da erreferentzia. Gidoilari eta aktore guztiak euskaldunak eta euskal hiztunak garenez, hori da gure mundua, eta horrekin egiten dugu umorea. Baina ez diogu euskal munduari bakarrik begiratu nahi izan. Gai sozialak eta unibertsalak ere ukitzen ditugu. Euskal umorea etiketa ez zait gustatzen, mugatu egiten du. Euskal umorean baino gehiago, hemendik begira egindako umorean sinesten dugu.
Euskal jende ezagunak ere imitatzen dituzue. Tolosa eta Euzkitzerenak esaterako sona handia hartu du.
ETB1eko erreferentziak hartu ditugu. Gaztelaniazko kateren batera jo, eta gero pertsona horrena euskaraz egin behar baduzu, ez da gauza bera; imitazioa oso ondo ateratzen da jatorrizko hizkuntzan eginez gero. ETBn ustiatu gabeko esparru zabala genuen, eta hori guretzat altxorra da; pertsonaiak, hizkerak, Julian Jantzi, Dani Arizala eta abeslari ugari, besteak beste.
Wazemank saiotik, zein da zuri gehien gustatzen zaizun atala?
Zaila da, kutun asko ditugu. Gure haurrak dira pertsonaiak, asko kostatzen da ateratzea, baino ondo ateratakoan... Ez nuke jakingo aukeratzen.
Wazemank egunez aldatu dute. Hemendik aurrera ostiraletan izango da. Badakizu zein den arrazoia?
Ez dakit, programazioaren kontuak izango dira. Ostiraletan, ordutegia goizago izango da; horrela, familia osoarengana iritsiko garen esperantza dugu.
Euskaldunok geure buruaz barre egitea garrantzitsua da?
Bai, euskaldunok eta denok. Ondo etortzen da, gauzak beste ikuspuntu batetik ikustean, askotan pisua kentzen zaio, eta umore horrek lasaitu egiten du.
Kamera aurrean aktore lanetan eta atzean gidoilari aritzen zara Wazemank-en. Non zaude erosoago?
Bietan. Jende askok esaten digu: "Zein ondo pasatzen duzuen". Egia da, baina lan handia egiten dugu idazten nahiz antzezten. Halere, taldean oso ondo daramagu, eta eroso nago bi lanetan.
Aitzpea Goenagaren Zeru horiek filma laster estreinatuko da Miarritzeko FIPAn. Protagonistaren rola bete duzu. Nolako esperientzia izan da?
Oso ona. Iazko udan filmatu genuen, eta oso ondo gogoratzen dut. Beste erregistro batzuetan eta zineman aritzeko aukera ikaragarria izan da; beste rol batzuk egiteko gogoa nuen. Oso denbora gutxian egin genuen, lan handia eta bizia izan zen; hiru aste Katalunian eta hiru egun Donostian egin genituen. Telebistarako filma zen, eta Miarritzeko jaialdian emango zutela jakiteak harritu ninduen.