Danborradaren itzalpean

Urola Kostako Hitza 2006ko urt. 19a, 15:01

Julian Arruti 'Oriyo' bere ganbaran, danbor bat konpontzen.

Julian Arruti Oriyo orain dela "24 edo 25" urte hasi zen danborradarako danborrak egin eta konpontzen, eta gustuko lana duela aitortu du (Urola Kostako Hitza)

Sansebastianetan herritarren parte hartzea handia izaten da. Musika banda, danbor-jotzaileak, zuzendariak, kantinerak... guztiak dira festaren parte. Hala ere, festako protagonista danborra da. Julian Arruti Oriyo duela "24 edo 25 urte" hasi zen danborrak egiten.

"Mikel LarraƱaga 'Enbortxo'-k Itsasirako danborrak egingo al nituen galdetu, eta eredu moduan danbor bat ekarri zidan. Nik ez dakit zenbat egin nizkion, baina egindako lanarekin gustura geratu ziren eta hortik aurrera poliki-poliki hasi nintzen danborrak konpontzen eta danbor berriak egiten", dio Arrutik. Hasiera batean herrirako egiten hasi bazen ere, gerora kanpotik ere eskaerak izan ditu: "Mendaro, Durango, Soraluze, Markina, Usansolo, Andoain eta Zestoarako ere egin izan ditut danborrak", gogoratzen du.

Urte hauetan guztietan danbor ugari egin du 'Oriyo'-k, "arrastorik ere ez daukat zenbat egin ditudan", dio. Danborrak egiteaz gainera, ordea, erraiak, arraunak, ezpatak... danborradarako osagarriak ere egin izan ditu.

Etxeko ganbaran du bere txokoa Arrutik. Hantxe egiten ditu danborrak. Danborrak egitearen afizioa nondik datorkion galdetzean, "nire kasa ikasi dut" erantzuten du. Hori bai, lanerako garaian etxekoen laguntza izan duela aitortzen du. "Aurrera begira baliteke etxekoren batek nik hasitako lanari jarraitzea, danborrak egiten jarraitzea", dio.

Artisauaren talentua

Azken urteetan leihotik ikusten omen du Arrutik danborrada. "Kalean jende asko ibiltzen da alde batetik bestera, eta nik nahiago dut leihotik lasai gozatu". Danbor on baten ezaugarriak zein diren galdetzean, honakoa dio Oriyok: "Leihoan nagoela, goitik ederki antzematen dut zein talde noiz datorren, zaratan erreparatuta. Zenbat eta danbor handiagoa orduan eta zarata handiagoa ateratzen du". Hala ere, danborra lotzerakoan soka tiratzeak garrantzi handia du. "Danborrak ondo tiratuta, beste zarata bat ateratzen du".

"Jendeak afanarekin jotzen du danborra. Batzuek, gainera, kolpe ederrak ematen dizkiote. Ederki txikitutako danborrak konpondutakoa naiz". Baina danborra egitean bere teknika duen bezalaxe, ondo zaintzea oso garrantzitsua dela dio Oriyok. "Ez da komeni izaten danborra leku hezean gordetzea, larrua maskaldu egiten delako. Egun bateko jardunaldiaren ondoren, danborra lasaitu egin behar da. Bestela oinetakoaribezala gertatzen zaio danborrari ere, zenbat eta gehiago erabili danborra orduan eta lasaiago geratzen da larrua".

Duela bost urte, omenaldia

Sansebastianak festa bereziak dira Julian Arruti danborgilearentzako. Duela bost urteko sansebastianetan ordura arte danborrak egiten hartutako lanagatik omenaldia egin zion Azpeitiko Udalak. Harrezkero bere lana gutxiagotu egin du, baina hala ere segitzen du danbor berriak egin eta zaharrak konpontzen.

"Sansebastianak gerturatzen ari diren heinean nik lanean ilusio handiagoarekin jarduten dut. Jendea danborren bila etortzen denean ikusten zaien ilusioarekin gehiago pozten naiz. Herriaren kirkila da hori, azpeitiarra izatearena", dio.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide