Pare bat kontu txiki alde batera utzita, sansebastianak "oso ondo" atera direla dio Mikel Ibartzabal Udaleko Festa Batzordeburuak. "Orokorrean ondo joan dira festak. Arazo txiki bat bezperan izan genuen: helduen danborradako talde batzuk irteerara berandu iritsi ziren eta gero ibilbidean presaka ibili ginen, plazara ezin iritsita. Baina gainontzean, oso ondo joan zen danborrada", esan du Ibartzabalek.
San Sebastian egunean ere gauzak ondo atera ziren eta giro bikaina izan zen herrian. Haurren danborradak oso ondo irten zuen eta kaleak jendez gainezka egon ziren. Aurten, aurrenekoz, helduen danborradako bi taldek irten zuten arratsaldean danborra jotzen, "herritarrek oso ondo hartu zuten ekimen berri hau, Sanjuandegikoek zorionak eman dizkiguten haiekin ere oroitzeagatik". San Sebastian egunean Sanjuandegi eta Barratsu taldeek Sanjuandegi auzotik irten zuten danborra jotzen, eta Pablo VII.a auzoan ere ibili ziren. "Gure asmoa jaia auzoetara zabaltzea zen. Sanjuandegin eta Pablo VI.ean ibili zen danborrada, guk Juan XXIII.a auzora ere joatea nahi genuen baina azkenean berandutu egin zen. Danborradako bi taldeak 18:30etik 21:00ak aldera arte ibili ziren. Eskerrak eman nahi dizkiet Sanjuandegi eta Barratsu taldekoei haiek erakutsitako prestutasunagatik, gu oso gustura gelditu gara", dio Festa Batzordeburuak.
Sokamuturraz ere jardun du Ibartzabalek. "Ez gara damutzen igandean (urtarrilaren 22an) sokamuturra antolatzeaz, ikusi besterik ez dago zenbat jende ibili zen zezenean; jende piloa, zahar eta gazte asko, atera zen kalera, zezenera", dio.
Datorren urteko sansebastianetan helduen danborradan parte hartu nahi duten talde berrientzako izen-emate epea irekiko du Udalak. "Datorren urtean aurrekoan bezalaxe epe bat irekiko da. Dagoeneko elkarte batek esan digu danborradarako taldea osatu nahi duela. Talde batek baino gehiagok izena ematen badu aztertu egin beharko dugu zer egin, plazan tokirik ez baita gelditzen denak sartzeko. Baina danborradan talde berriak sartzea aberastasuna da". Datorren urtean asteburuan egokitzen dira sansebastianak eta danborradak 50 urte beteko ditu.
Inauteriak antolatzen
Udaleko Festa Batzordea aste honetan inauteriak antolatzen hasiko da. "Ni dagoeneko hasita nago inauteriak prestatzen eta Batzordea aste honetan hasiko da lanean. Inauteriak baino astebete lehenago, urtero bezalaxe, musika kontzertua antolatuko dugu. Talde ezagun bat ekarri nahi dugu", esan du Ibartzabalek.
Sansebastianetako beste albiste batzuk hemen:
-Txikien danbor hots ozena herrian
-Danbor-jotzaileen menua
-Gero eta emakume gehiago danborra jotzen