Begoña Uzkudun: "Omenaldia barruan gelditu direnei, senideei eta iheslariei eskaini nahi diet"

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 4a, 11:02

Begoña Uzkudun, aste honetan.

Kartzelan 18 urte igaro eta gero, gaur (zapatua, 19:30) egingo diote omenaldia Begoña Uzkuduni, Errezilgo plazan (Urola Kostako Hitza)

Begoña Uzkudun errezildarrak ia 18 urte igaro ditu kartzelan, etakidea izatea leporatuta, eta aurreko igandean utzi zuten aske. Gaur egingo diote eskualdeko mailako omenaldia, Errezilgo plazan. Arratsaldeko 19:30ean izango da, eta ondoren herri afaria egingo dute, herriko frontoian.

Ia 18 urte igaro dituzu kartzelan. Urte hauei guztiei begira jarri, eta zein da egiten duzun gogoeta?

Denbora asko pasatu dela. Nik pentsatzen dut bizitzan tokatu zaidan fase bat izan dela, ez dut uste denbora galdu dudanik; azken finean, badakit herri honen askatasunaren alde gaudela, eta badakit zergatik gauden. Zentzu horretan kartzela gure borrokarako frontea bilakatu da. Nahiz eta kartzela, berez, errepresio lekua den. Baina, herri honetan dagoen gatazkaren isla da.

Zer moduzko harrera izan duzu herrira itzuli zarenean?

Ikaragarria, harrigarria eta ustekabekoa. Harrera oso beroa eta oso goxoa egin zidaten.

Zer moduz zaude animoz eta?

Oso ondo. Gustura, oso pozik nago. Pozik nago alde batetik, baina beste alde batetik min ikaragarria daukat, barruan gelditu diren kideengatik. Gainera, kide asko daude ni baino urte gehiago daramatzatenak barruan.

Gaur omenaldia egingo dizute zure herrian. Urduri al zaude?

Bai, oso urduri nago. Gainera, niri ez zait gustatzen nabarmentzea, baina beno, ea lasai egoten naizen. Dena den, omenaldia merezi dutenak barruan daudenak dira, eta barrukoak bisitatzera joaten diren senideak. Omenaldia horiei eskaini nahi diet, horiek dira merezi dutenak. Baita ihesean dauden guztiei ere.

Sakabanaketa zure azalean ezagutu eta jasan duzu. Nola bizi izan duzu egoera hori?

Sakabanaketa eman zenean aldaketa izugarria izan zen. Kolektiboko kideak denok batera egotetik banaka edo binaka egotera pasatu ginen. Egoerari banaka aurre egin beharrean aurkitu ginen, baina egoera horrela zen eta aurre egiten asmatu genuen. Gaur egun sakabanaketa gaindituta dago, ezarri zutenean horrekin hautsiko gintuztela uste zuten, baina sakabanaketari aurre egiten asmatu genuen. Hala ere, zigor bezala hor dago, eta egur izugarria da, batez ere senideentzat eta zeresanik ez barruan gaudenontzat. Sakabanaketa ez da etxetik urrun egotea bakarrik; era guztietako mugak dira: gutunak, bisitak, telefono deiak... mugatuta dituzu. Egoera horretan zaudenean behar duzun oxigenoa, lagunak, senideak... kaletik etortzen zaizuna da. Sakabanaketarekin hori guztia moztea lortu nahi zuten, preso dagoen pertsona batentzat oso beharrezkoa baita herriarekin harremana izatea.

Urte hauetako unerik gogorrena zein izan da?

Asko izan dira. Familikoren bat larri edo gaixo dagoean, bidean kideren baten senideren bat hil denean. Asteburu oro zure bisitaren zain zaude gustura, hori delako zure egun berezia. Baina aldi berean, beldurrez zaude, "etorriko da, nola etorriko da?", eta "joango da, eta nola joango da?", pentsatuz. Estres handia da.

Kartzelan egon zaren bitartean gose greba ugari egin dituzu, 10 inguru. Nola eraman duzu hori?

Nahikoa ondo eraman dut. Luzeena 30 egunekoa egin nuen. Mentalizatzen zara, eta badakizu zergatik egiten duzun. Azkenean gorputza huts egiten hasten zaizu, eta horrek hondatzen zaitu. Desgastea handia da.

Nola ikusten duzu egungo egoera politikoa?

Alde batetik, itxaropentsu, ezker abertzaleak mahai gainean jarri dituelako konponbiderako ildo guztiak. Beste indarrek ere jarri beharko lituzkete. Guk (presoek) kolektibo bezala parte hartu behar dugu prozesuan. Dispertsatuta egon arren elkartuta egon behar dugu.

Zure ahizpa, Maritxu Uzkudun, preso dago. Zenbat denbora da ez duzula ikusi?

Nire aitaren hiletara ekarri gintuztenean ikusi nuen, 2001ean. Martutenen elkarrekin izan ginen. Ederra izan zen elkarrekin egotea, berezia. Laster joango naiz bera ikustera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide