Sokako zezenaren urtaroan gaude. Santa Eskearekin Lurra danbatekoka esnarazi, negutik nahikoa dugula esan, eta karnabaletan, antzaldatu, mozorrotu. Disfrazarekin, tarte batez ohiko neurri estuetatik aske nahi dugu. Beste itxura batekin libreago izan. Baina mozorroa ez da helburu, tresna baizik.
Iritzi guneetan indartsu dabilen joera da buila ateratzearena ezer gutxi esateko.Telebistak bere-berea du, Internetek ere bai. Ahokadaren kultura da, eta/edo anonimoena. Mozorroa bezala, batzuetan gauza beharra da injustiziaren kontra, iraultza edo edertasunaren alde ezkutuan ere jardutea, baina klandestinitatea, tabernako jardun merkea ezin da jomuga bihurtu. Esango zait horri esker parte-hartze zabala lortzen dela, komunikazioa. Aitor diezadatela hortako, helburu lehena, jendearen iritzia eta pentsamendua aberasteko partez, audientzia edo bisita kopuru handia izatea dela. Ba al dago beti mozorropean bizitzerik? Pelaje horretakoak dira tarteka uztarria.com azpeitiko ataiye web bikainean ere azaltzen diren erantzunak. Azpeitiarron topiko itsusienekin mozorrotutako ahotsak: xenofoboak, harroak, baldarrak. Jendearen hitzak libre behar duela? Noski, ez doa hortik nire kezka. Seguru kareta kenduta bestelako aurpegiak ageri direla. Baina hori norbanakoaren lana da. Baten batek idatzia du, azpeitiarrak garela munduan bakarrak festa egun bat antolatzen dugunak azpeitiarrez mozorrotzeko. Elegante.