Etxaurreetako aldaketak arautu ditu Udalak

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 8a, 14:02

"Banaka-banaka etxaurreetan egiten diren aldaketek herriaren itxurari kalte oso handia egiten" diotela dio (Urola Kostako Hitza)

Udalak aho batez etxaurreak aldatzeko edota berritzeko Udal agintaraua egin eta onartu du behin-behingoz; orain, hilabetean, jendaurrean egongo da erakusgai. Helegiterik, emendakinik edota oharrik jasoko ez balu behin betikoz onartuta geldituko da. Baina oharrik jasoko balitz, hori eztabaidatu eta behin betikoz onartu beharko luke Udalbatzak. Etxaurreei dagokien Udal agintarau horren helburua, "balkoiak ixteko egiten diren jarduerak edota etxaurreetan egiten diren beste aldaketa batzuk arautzea da".

Udalaren esanetan, etxaurreetan egiten diren aldaketek herriaren itxurari eragiten diote, "banaka-banaka egin diren itxiturak eta lan horien maiztasunak, kalte handia sortu dute herriaren itxuran, inolako irizpiderik gabe hondatu egin baitira etxaurreek itxura aldetik zituzten taxuketa irizpideak. Beraz, beharrezkoa egiten da horrelako egoeren aurrean irizpide argi bat izatea".

Udalak agintaraua behin betikoz onartzen duenean, etxaurreetan edozer aldaketa egiteko Udal baimena izan beharko da. Adibidez, pertsianak aldatzea nahi baldin bada eta antzekoak jarriko badira, nahikoa izango da Udalak emandako baimena, baina beste ezaugarri bateko pertsianak jarri nahiko balira, Udal baimenaz gain, jabekideen baimena ere beharko da. Obra handiagoa egin nahiko balitz, etxaurreko elementuak aldatuz, orduan goi mailako arkitektuak idatzitako proiektu teknikoa aurkeztu beharko litzateke udaletxean.

Arau-hausteak ere zehaztu ditu Udalak; esaterako, balkoia hirigintza baimenik gabe ixtea arau-hauste "oso larria" litzateke. Isunak ere zehaztu dituzte: arau-hauste oso larrien kasuan, Udalak gauzak lehengo egoeran jartzea aginduko du, eta 3.000 euro arteko isuna jarriko du. Arau-hauste larrietan, berriz, 1.500 euro arteko isuna jarriko luke Udalak, eta arinetan 750 euro artekoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide