Hemezortzi bertsolari gazte ariko dira III. Erniarraitz Sariketan

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 9a, 13:02

Jokin Urangak, Leire Ostolazak eta Benat Lizasok III. Erniarraitz Sariketa aurkeztu zuten asteazkenean, Azpeitian.

Ostiralean, otsailaren 10ean, hasiko den txapelketan eskualdetik kanpoko bertsolariak ere ariko dira aurten; 'Hitza'k saria emango du (Urola Kostako Hitza)

Ostiralean hasiko da III. Erniarraitz Sariketa; lehen kanporaketa saioa Azkoitian jokatuko da. Aurten aldaketak izango ditu bi urtean behin jokatzen den bertsolari gazteen txapelketak. Aurreko bi sariketetan baino parte hartzaile gehiago ariko dira lehian: "Hirugarren sariketa honetan 16 beharrean 18 bertsolari jardungo dira. Bestetik, zabaldu egin dugu gure esparrua eta era horretan egin ditugu gonbidapenak ere. Lehentasuna eman diegu bailarako bertsolariei eta 18ko taldea osatzeko falta zena Gipuzkoako bertsolariak gonbidatuz osatu dugu", zioen sariketaren aurkezpenean Erniarraitz Bertsozale Elkarteko Jokin Urangak. Parte hartzaileen artetik erdiak, bederatzi, Urola Kostakoak dira; gainontzekoak, berriz, Gipuzkoako beste herri batzuetatik etorritakoak. "Aurreko bi txapelketetan bertsolari askok errepikatu egin zuten eta beste bertsolari batzuk sartzeko asmotan eskualdetik kanpoko bertsolariak gonbidatu ditugu".

2002an hasi zen Erniarraitz Bertsozale Elkartea Erniarraitz Sariketa antolatzen, "Urola Kostako bertsolari gazteei aukera ematearren hasi ginen", diote. Lehen sariketan, Zarautz, Zumaia, Itziar, Aizarnazabal, Zestoa eta Azpeitiko bertsolariz osatu zuten 16ko taldeak jardun zuen. Bi kanporaketa eta finala izan zituzten, eta Nahikari Gabilondo zarauztarrak irabazi zuen. Bigarren sariketa, 2004an, ildo beretik antolatu zuen Erniarraitzek. Orduan Jokin Uranga izan zen txapelduna. Hirugarren txapelketa honetan, berriz, hiru kanporaketa eta finala jokatuko dituzte. "Oraingoan zortzi izan beharrean seina bertsolari ariko dira hiru kanporaketetan, eta finalera ere sei pasatuko dira; kanporaketetako irabazleak eta puntu gehien lortzen dituzten hiru bertsolariak", zehaztu zuen Leire Ostolazak.

Bertsolariek saioetan egin beharreko lanak ez du aldaketarik izango III. Sariketan, baina bost puntuko bertsoa baino luzeagorik ez dute onartuko. "Bertsoek kalitatean irabaziko dutelakoan jarri dugu baldintza hori", zioen Ostolazak.

Faboritorik ez

III. Erniarraitz Sariketan parte hartuko duten bertsolarietako batek, Benat Lizasok, gainontzeko bertsolarien berri eman zuen atzo (hilak 8) Azpeitian egindako aurkezpenean. Lizasoren iritziz kontu handiko bertsolari ugari dago, "tartean sari ugari jaso dituztenak eta txukun jarduten duten bertsolari asko daude". Uranga ere bat etorri zen Lizasorekin. "Txapelketan jardungo dutenen artetik sei baino gehiagok dute finalera pasatzeko aukera, horregatik aurretik zaila da esatea finalean zein izango diren. Sariketa antolatzen hasi ginenean, burura etorri zitzaizkigun bertsolariak batean edo bestean nabarmendu direnak izan ziren, eta 18ko talde on bat egitea lortu dugu. Finalerako seiko talde bat aukeratzeko nahiko tarte estua dago. Ez dut faboritorik, ez dut bat ikusten. Bertsolari gazteen mailako txapelketa polita espero dugu antolatzaileok". Finalean, bertso onenaren saria emango du 'Urola Kostako Hitza'k.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak eta Zumaiako Bertso Eskolak antolatutako Sariketako lehen kanporaketa ostiralean da, 22:00etan, Azkoitiko Kultur Etxean.

III. Erniarraitz sariketa

Saioak
Otsailak 10, ostirala.
Kanporaketa Azkoitian, Kultur Etxean, 22.00etan. Aurkezlea, Idoia Alberdi.
-Aritz Etxeberria Ministro (Azpeitia).
-Benat Lizaso (Azpeitia).
-Arkaitz Zelaia (Bidania).
-Agin Rezola (Astigarraga).
-Alaia Martin (Oiartzun).
-Mirari Martiarena (Oiartzun).

Otsailak 17, ostirala.
Kanporaketa Zumaian, Aita Marin, 22:00etan. Aurkezlea, Jon Maia.
-Aritz Aranburu (Zarautz).
-Egoitz Eizagirre (Orio).
-Jokin Gijarro (Zumaia).
-Unai Gijarro (Zumaia).
-Benat Gaztelumendi (Anorga).
-Unai Munoa (Lasarte).

Otsailak 18, larunbata.
Kanporaketa Errezilen, Borondegin, 22:00etan. Aurkezlea, Gorka Tolosa.
-Alaitz Sarasola (Ordizia-Azpeitia).
-Ruben Gorrotxategi (Urrestilla, Azpeitia).
-Mikel Berasategi (Urrestilla, Azpeitia).
-Inaki Apalategi (Beasain).
-Iban Urdangarin (Ataun).
-Aitzol Barandiaran (Ataun).

Otsailak 24, ostirala.
Finala Azpeitian, Betharrametan, 22:00etan. Aurkezlea, Jokin Uranga. Bertsolariak: Kanporaketetako irabazleak eta puntu gehien dituzten beste hiru bertsolariak.

Sariketa
Epaileak. Xabier Azpillaga, Xabier Olaizola, Manuel Agirretxe eta Josu Garate.
Sariak. Txapeldunak, txapela eta 300 euro jasoko ditu. Bigarrenak, Azpeitiko Udalak emandako garaikurra eta 250 euro eta beste bertsolariek 80na euro jasoko dituzte. Finaleko bertso onenak 'Hitza'ren oroigarria jasoko du.

Aurreko txapeldunak
2002an. Nahikari Gabilondo.
2004an. Jokin Uranga.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide