Aitor Arana: "'Editorea' lana aurten aterako da, baina hamar urte ditu ibilian"

Urola Kostako Hitza 2006ko ots. 10a, 11:02

Aitor Arana

Editorea antzezlanarekin Donostia Hiria saria jaso du, eta argitaletxeen gorabeherak kritikatu ditu bertan (Urola Kostako Hitza)

Editorea antzezlanarekin euskarazko antzerkien ataleko Donostia Hiria irabazi du Aitor Aranak, Urrestillan bizi den idazle legazpiarrak. Editorea bigarren antzezlana du Aranak; lehenago Lagun Mina idatzi zuen, eta hura ere saritu egin zuten, BBK-Euskaltzaindia saria jaso baitzuen. Bi antzezlanak "errealitatean oinarrituta" idatzitakoak direla dio. Haur eta helduen literatura liburuak, saiakerak, euskalgintzako liburuak... idatzi izan ditu. Donostia Hiria saria datorren urtean jasoko du, baina Editorea liburua apirilean argitaratuko da.

Donostia Hiria saria jasotzea ezustekoa izan al da zuretzat?

Taktika txiki bat egon da antzerki honekin: mundu editorialari kritika latza egiten dionez, nik banekien argitaratzen zaila izango zela. Orduan, nolabait esateko, bi ekintza bateratuta bideratu ditut, argitaratzeko helburuarekin: argitaletxeetan aurkeztea eta lehiaketetan aurkeztea. Lehiaketaren bat irabaziz gero, automatikoki argitaratzea etorriko zitzaion, eta orduan argitaratuta geldituko zen. Argitaletxeei begira, argitaletxe ausart bat behar zen, beste argitaletxe batzuetako editoreak kritikatzen dituelako, beraien berri ematen duelako. Itxaropen handirik ez neukan, ausardia eskatzen nuelako. Ausardia izan duen liburua dela iruditzen zait, aurrera eramateko ere laguntza, jende ausarta behar zuen. Zortea izan dut saritua izan delako.

Editorea antzezlana barrenetik ateratako kritika dela diozu.

Urte asko daramatzat idazten, euskal literaturaren munduan gertatzen dena gutxi gorabehera ezagutzen dut, beste askok bezala. Idazlan honen bidez, hainbat aldiz editore batzuen ekintzetan gertatu diren botere gehiegikeriak salatu nahi nituen, eta gehienbat, geroari begira jasota utzi nahi nituen, eta hori izan da idazlan honen helburu nagusia. Argi eta garbi esan nahi dut, euskal editore gehienak oso zintzoak, jatorrak eta langileak direla. Lan hau, Euskal Herriko literaturgintzaren munduan gertatzen den salbuespen bati buruzkoa da. Penagarria iruditzen zait egoera honetara heldu izana, iruditzen zait horrela jokatu duten pertsonek beste era batera jokatu izan balute, ez zela honelakorik gertatuko. Egia da ekintza horiek beste pertsona batzuengan oso eragin nabarmena izan dutela, eta nire ustez, euskal literaturaren kalterako. Hitzaurrean aipatu dut, nolabait salatu beharra dagoela iruditzen zaidala, eta ez naiz lehenengoa; Ur Apalategik ere egin zuen.

Errealitatean oinarritu zara antzerki lan hau idazteko.

Neuk zalantza handiak izan ditut. Lan hau aurten aterako da, baina baditu hamar urte ibilian, ideiak hamar urte ditu. Nik zalantza handiak izan ditut honelako lan bat argitaratzearen egokieraz eta abantailez, desabantailez. Horregatik dokumentazio lan handia egin nuen, hamabost idazlerekin kontsultatu nuen nik honelako lan bat egokia den edo ez jakiteko, bost editorerekin eta bi kazetarirekin. 22ek baietz esan zidaten, kritika beharrezkoa dela. Baina, jakina, kritika desatsegina da, gauza bat da egokia dela pentsatzea, eta beste bat da egitea. Nik gehienbat buruan dudana etorkizuna da. Batzuetan pentsatzen da automatikoki euskararen alde egiten diren gauzak oso jatorrak, oso onak direla, eta gehienetan horrela da, baina badago horretan dabilen jende ustela ere, beraien eserleku erosoetan gaizki ohitu direnak, eta errespetua zer den ere ahaztu egiten zaienak. Kritika latza alde horretatik dator. Interesatuei ere deitu nien, uste dudalako hori ere kontuan izan beharreko gauza bat dela. Arrazoia alde batean soilik ez da inoiz egoten, nire ustez, gehiago izaten da grisa. Hori jakinik ez zitzaidan zuzena iruditzen nire ikuspegia bakarrik azaltzea idazlanean. Horrek lasaitasun handia ematen dit. Liburuan beraiek esan zidatena ere ageri da. Bi aldeak islatzen saiatu naiz, eta neurri batean lortu dudala pentsatzen dut.

Zuk diozu idazleak ausarta izan behar duela. Zergatik?

Nik uste dut horrelako gauza bat egiteko pisuzko arrazoiak egon behar dutela. Nire pisuzko arrazoiak izan dira bidegabekeriak gauzatzea, botere gehiegikeria egitea hainbatek, lehiaketa ustelak prestatzea. Hori ere ezagutu dugu Euskal Herrian, nik ez dut ulertzen zergatik. Euskalgintzan denok gara beharrezkoak. Euskal kultura sare baten moduan ikusten dut, eta iruditzen zait kazetariak, kirolariak, idazleak, antzergileak... sare horren hariak osatzen ditugula, eta denok garela beharrezkoak. Orduan, amorru handia ematen dit batzuek beren boterea erabiltzea hari horietako batzuk baztertzeko. Uste dut, luxu bat dela idazle batek argitaratzea galeraztea, eta hori egin izan da, baztertu da jendea, idazle kontsagratuak oso errespetu kaskarrez erabili izan dira, bidegabekeriak egin dira.

Nolako obra da egituraz?

Sinplea da, nik ez nuen nahi antzezlan zail bat izatea; ulergarria eta xumea, erraz argitaratzeko eta taularatzeko modukoa egin nahi nuen. Eszenatoki nagusia bi zatitan jarrita aurkezten dut, eta argien bidez eszenak non gertatzen diren azaltzen da. Idazle batek sari bat irabazi du, eta hori dela-eta, kazetari batek elkarrizketatu egiten du, eta kazetariak idazleari ausarta izan dadin eskatzen dio. Idazleak onartzen du, eta sakoneko lokatzak harrotzen hasten dira. Sinplea da, baina etengabeko elkarrizketa dago.

Egunen batean taula gainean ikustea gustatuko litzaizuke?

Ez dakit, zalantza handiak dauzkat. Nire ustez ez da inor ausartuko hau taularatzen, eta lasai nago. Baina beste alde batetik ez dakit lasai ikusiko nukeen idazlan hau.

Beste proiekturik ba al duzu?

Liburu bitxi baten azken zuzenketak egiten ari gara; Aita Gurea otoitzaren liburu bat egin dugu, baina ez da liburu erlijiosoa, linguistikoa da. Aita Gurea 335 hizkuntzatan agertuko da, eta orrialde bakoitza fitxa bat da. Konparaketarako edo hizkuntzak nolakoak diren ikusteko liburua da. Bestetik, hiltzaile baten bizitza kontatuko duen nobela bat idazten ere ari naiz; nobela beltza izango da. Nafarroako euskalkiekin ere jarraitzen dut lanean, eta apirilean lau liburu berri aurkeztuko ditugu; ia-ia bukatuta daude horiek. Gustura nago eta pozik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide