Euskal Herriaren eta estatuaren arteko gatazka politikoaren eremuan, tortura dagoela eta aplikatzen dela errealitatea da. Azken 26 urteotan zortzi euskal herritar, Muruelagoiena, Lasa, Zabala, Zabaltza, Calvo, Iantzi, Kalparsoro eta Arregi, komisaldegietan hil dira, torturapean, eta 6.000tik gora tortura salaketa judizial jaso dira. Espainiar zein Frantziako espetxeetan ere tortura salaketa teknikak erabiltzen dira. Errealitate honek, espainiar estatuaren izaera ez demokratikoa azaltzen du. Urteotan herrian ere, hainbat torturatu izan dira, azken kasua Unai Lizasorena delarik.
Unai 2005eko otsailaren 11n atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Hiru egunez inkomunikatuta izan zuten bitartean torturatua izan zen; buruan kolpe gogorrak eman zizkiotelarik, ileetatik tiratu, mehatxatu, lurrera bota eta lo egin ezinik eduki zutelarik. Baldintzapeko askatasunean hiru egunera aske geratu ostean, buruan zauriak zituela anbulatoriora joan zen, medikuak ikus zezan. Ondoren, mediku txostena epaitegira bidalia izan zen.
Honen ondorioz, pasatu den ostiralean, 24an, Unai Madrilgo epaitegian izan da epailearen aurrean, bere tortura kasuak deklaratzen. Hasiera batean sumarioa irekita dagoela badirudien arren, beste kasuen antzera epaileak Unairen testigantzari sinesgarritasunik eman gabe, dena bertan behera geratzeko aukera handiak daude.
Hau guztiaren aurrean, Azpeitiko Amnistiaren Aldeko mugimenduak babesa lortu eta torturak ekiditeko bidean pausoak eman asmoz, lanean jardun du buru-belarri azken bi astetotan.
.1- Proposamen baten inguruan, elkarlanerako ateak zabalik, EA, EAJ, Habea, ELA eta LABekin aldebikoak burutu dira.
.2- Bat eginez, EA, Habea, LAB, ELA eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak otsailaren 24an eguerdiko 12:30ean plazan elkarretaratzea egin zuten, torturarik ez, inkomunikaziorik ez lemapean. EAJk ez zuen bat egin, ezetz esanez.
.3- Bat egin dugun talde guztiek bost puntutan oinarritutako testu bat adostu dugu, era berean, udaletxean denon izenean aurkeztu dugu, mozio bezala, ostegunean, martxoaren 2an, burutuko den udalbatza osoko bilkuran landu dadin.
Honen harira, egin den lan guztiari esker azpimarratzekoa da bat egin dugun eragileek agertu dugun elkarlanerako prestasuna, eta hartu ditugun konpromisoak. Aldiz, oso kezkagarria iruditzen zaigu EAJ alderdiak duen jarrera ezkorra eta beraien prestasun eza elkarlanerako, herritar bat torturatua izan denean. Honen aurrean, eta konponbide garaian gaudela, jauziak eta konpromisoak hartu behar ditugula jakinik, honako galdera luzatu nahi genieke EAJ alderdikoei: hau al da zuen ekarpena bake eszenatoki berri bat gainditze bidean? Torturaren aurka ez al zaudete bada?
Amaitzen joateko, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren partetik dei egiten dizuegu herritar guztiei toturarik gabeko eszenatoki baten alde lanean jarraitzeko. Bide batez, ostegunean, martxoaren 2an, ospatuko den udalbatzarrera azaltzeko deia ere luzatzen dizuegu.