Hasteko, zera: Soreasun kultur gunea egiteko martxan den proiektuaren gaia lantzen aritu izan naiz otsailera arte, beste batzuekin batera, Uztarriaren ordezkari moduan, eta tartean bilera dezente egin ditut Azpeitiko Udaleko ordezkariekin; baina gaur egun Uztarriatik kanpo nabil. Beraz, nik ez dut hemen eztabaidatu nahi Soreasuko proiektua hobetzen edo kaltetzen duen Uztarriak proposatutako Kafe Antzokiak; hori Uztarriakoek egin dute eta egingo dute. Nik gaur hemen errespetuaz eta parte hartzeaz hitz egin nahi dut; demokraziaz, azken batean. Neure ikuspuntua da, jakina. Baina ez dut isildu nahi, minduta nagoelako Azpeitiko Udaleko ordezkariekin. Nazkatuta.
Partaidetza erreala bada, boterea birbanatzen duen prozesua da, eta horrek aldaketak ekartzen ditu indar sozial eta politikoen arteko korrelazioan; beraz, beldurrak eta trabak egotea ez da harritzekoa. Parte-hartzearen gaia asko instrumentalizatzen ari da agerikoak ez diren helburuetarako; erabiltzen ari da marketin politikorako. Hau da, irudia hobetzeko, politika edo proiektu zehatz bat legitimatzeko edo, batzutan, protesta eta gatazka soziala desaktibatzeko ere. Goiko adierazpena Zesar Martinez EHUko irakaslearena da. Ekarri Azpeitira, Soreasu proiektura, eta horixe gertatu da hemen. Azpeitiko Udaleko ordezkariek adarra jo digute; ni neu behintzat engainatua sentitzen naiz. Esan zitzaigun denon artean egingo genuela Soreasu (hitzez hitz, azpeitiar guztientzat izango den gunea denon artean eraikitzeko asmoz deitu gintuzten aurkezpen bilerara), baina ez da horrela izan. Eta nik dagoeneko galdu dut Udaleko bakar batzuengan neukan konfiantza apurra.
Soreasu proiektua 2005eko irailean aurkeztu zuen Udalak, emendakinak aurkezteko bi asteko epea eman zuen (planoak eskuratu eta astebete pasatxo izan genuen horretarako), eta Uztarriako taldeek aurkeztu zuten euren emendakin bateratua, Soreasun Kafe Antzokia egiteko eskatuz. 2006ko otsailaren 9an, aurretik Uztarriari erantzunik emateke, Udalak behin betiko proposamena aurkeztu zien taldeei, komunikabideei eta herritarrei: Kafe Antzokiaren proposamena funtsik gabea dela esan zuen Julian Eizmendi alkateak, eta erabaki beharrekoa erabakita dagoela. Ez elkarrizketarik, ez kontrasterik, ez negoziaziorik. Despotismo hutsa. Kafe Antzokiaren proposamena herriko ia kultur talde guztiek babestu duten arren, 1.000 azpeitiarretik gora ordezkatzen dituen batzar batek onartu arren, Udaleko arduradunek ez dute proposamen hori eztabaidatzeko eta proposamen horri erantzun ofizialik emateko gizalegerik ere eduki. Kultur azpiegituren inguruan hainbat kultur taldek, kultur eragilek eta herritarrek egindako proposamenari, kasurik ez. Dena erabakita dago. Horixe totalitarismoa.
Nik argi daukat. Talanteak talante, itxurak itxura, Azpeitiko EAJk lehengo jarrera bera dauka (iruditzen zait edota pentsatu nahi dut EAk bestelako jarrera duela): oraingo alkateak eta arduradunek, lehengoen moduan, ez dute sinesten parte-hartzean; ez parte-hartze errealean behintzat, boterea birbanatzen duen parte-hartze horretan. Parte-hartzea marketin politikorako erabili dute, Soreasu proiektua legitimatzeko. Nik, aukeran, nahiago lehengo alkate Bastidak eta beste arduradunek egiten zutena, nahiz eta haiekin ere ados ez egon; garbiago hitz egiten eta jokatzen zuten.
Bukatzeko, zalantza bat daukat: ez dakit Aitor Gorrotxategi Kultura zinegotziak engainatu egin gaituen ala herrian benetan agintzen dutenek engainatu eta presionatu duten Gorrotxategi bera (beste behin, bere garaian Bastidak Basazabal etxearen kasuan egin omen zuen moduan). Egunen batean jakingo dugu (eta jakingo dugu, bide batez, Kultur zinegotziak eta Kulturak zenbaterainoko pisua izan duten gai honetan). Oraingoz, herritarrek eta kultur taldeek beste bide batzuk bilatu beharko dituzte, beste behin, funtsik gabeko proposamenak aurrera ateratzeko. Hasiera txarra osatu berri den kulturaren mahaiarentzat.