'Bai Eskolak Euskalduntzeari!' kanpaina abian da

Urola Kostako Hitza 2006ko mar. 6a, 10:03

Larunbatean aurkeztu zuten 'Bai eskolak euskalduntzeari!' sinadura bilketa kanpaina.

Herriko hainbat eragile bildu zen martxotik maiatzera egingo duten sinadura bilketa kanpainaren aurkezpenean (Urola Kostako Hitza)

Bai eskolak euskalduntzeari! kanpaina aurkeztu zuten larunbatean Azpeitian. "Euskal Herrian diren hizkuntza ereduen bitartez milaka haur eta gazteren hizkuntza eskubideak urratzen" direla azaldu zuten, eta horren ondorioz, eskolak "hiru ikasletik bi ez ditu euskalduntzen".

Horrek guztiak sortutako kezkak bultzatuta, kanpaina berri hori jarri dute abian hezkuntzako eta euskalgintzako hainbat eragilek.

Alde batetik, hizkuntza politika berri baten beharra nabarmendu nahi dute, eta bestetik, Euskal Herrian hezkuntza eskumenak dituzten erakundeei eskaera egin nahi diete sinadura bilketa erraldoi honen bidez. Kanpainaren helburuetako bat, "euskal herritarrek aldarrikapenarekin bat egin, eta guztien sinadurak biltzea" dela azaldu zuten.

Egoera larritzen ari dela, eta egun euskalduntze osoa bermatzen ez duten ereduak gainditzeko aukerak zabaldu izanak, "euskalduntzearen alde indarrak biltzea eta aktibatzea" eskatzen duela zioten.

Ekimen horrekin, eskola bidez haur guztien euskalduntzearen beharra lau haizetara zabaltzea nahi dute, eta Euskal Herri osoan milaka herritarren sinadurak bildu ostean, horien bitartez, erakundeek, egun indarrean diren ereduak edo politikak gainditu, eta euskalduntzea bermatzeko prozesuak zabal ditzaten dute helburu.

Sinadura bilketa hori martxotik maiatzera egingo dute, eta Euskal Herriko txoko guztietan hedatuko da kanpaina: ikastetxeetan, kaleetan, lantegietan... Azpeitian, kalean egingo diren sinadura bilketez gain honako gune hauetan egin ahal izango dira maiatza bitartean: Orkatz Kultur Elkartean, AEK-n, Uztarrian, Gaztetxean eta LABek duen bulegoan. Kanpainaren babesleak, besteak beste, honakoak dira: Kontseilua, Topagunea, AEK, IKA, EHE, UEU, LAB, eta Euskal Irratiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide