Emakumeekin bat, gaur kalera

Maijo Segurola (Azpeitiko Batasunaren izenean) 2006ko mar. 8a, 12:03

Urtero bezala, martxoaren 8an, milaka emakume eta beraiekin batera milaka euskal herritar, emakumeen eskubideen alde aterako dira kalera. Batasuna ere, emakumeen aldarrikapenekin eta borrokarekin bat eginez, kalera aterako da gaur.

Bide Eginez barne eztabaida bukatu berri dugunean hainbat eta hainbat arrazoi ditugu egun honetan emakumeen eskubideen aldarrikapena egiteko.

Batasunak, Bide Eginez prozesuaren bidez, hurrengo urteetarako ditugun erronkei aurre egiteko prest egoteko jauzi bat eman nahi izan du. Gure ildoak zehaztu eta egitura indartu ezker abertzaleak aurrera begira dituen lanetan bere burua ongi kokatzeko. Inolako zalantzarik gabe, maila politikoan, eztabaida honetan Euskal Herria Ezkerretik Eraikiz Proposamena izan da Batasunak mahai gaineratu duen ekarpenik garrantzitsuena; alegia, zeintzuk izango diren Batasunaren jarduera politikoaren oinarriak eta lehentasunezko ildoak Euskal Herriaren eraikuntza helburu, euskal herritarren eskubide guztiak bermatuak izan daitezen, datozen garaietan eman beharreko urratsak.

Esan beharrik ez dago, proposamen horren funtsezko eremuetariko bat emakumeen eskubideen aldeko lana eta emakumeen zapalkuntza gainditzeko ildo feminista dela. Proposamen batean biltzeaz gain, gure eguneroko erronka izan behar du, lan hau praktikan eta emakumeen errealitateari atxikiz garatzea, pixkana-pixkana emakumeen eskubideekiko begirunea gertuago egon dadin. Bide honetan, emakumeek garatzen ari diren bidea ezinbestekoa da eta zentzu horretan, egun martxan dagoen Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Gutunaren sortzea, jendarteratzea eta egikaritzea pausu handia izango da.

Egun Euskal Herriak bizi duen egoera politikoan emakumeen eskubideen alde egitearen beharra etengabe mahai gaineratu beharreko gai bat da. Herri honetan egin den lana eta borrokaren ondorioz, gure eskubideen aitortzan aurrera egiteko aukera berriak ireki dira. Gure herriak urteetan pairatu duen gatazka politikoa konpontze bidean jartzeko baldintzak ezartzen saiatzen ari gara. Prozesu hori, demokratikoa izan dadin, euskal herritar guztien hitzan eta erabakian oinarritu beharko da; Euskal Herriko gizon eta emakumeen hitza eta erabakiarekiko errespetuan. Hori dela eta, Euskal Herriko emakumeen hitzaren bermea ezinbesteko oinarri demokratikoa da. Egungo jendarte ereduak, alabaina, emakumeen parte hartze sozial eta politikoa erabat oztopatzen du. Emakumeek traba handiak dituzte jendartearen eremu ezberdinetan parekidetasunean parte hartzeko. Hortaz, eragile guztiok, konpromisoak hartu eta hauek era eraginkor batean zehaztu behar ditugu gatazkaren konponbidean emango diren urrats guztietan emakumeak subjektu politiko aktibo gisa aintzat hartzeko eta euren hitza eta parte hartze aktiboa ziurtatzeko.

Azkenik, berriro ere azpimarratu nahi dugu emakumeen aktibazioa eta borrokaren beharra eta horrekin batera, emakumeen eskubideen aldeko lana guztion ardura izan behar duela gure bizitzaren alor guztietan. Euskal Herria ezkerretik eraikiz!!

Gora emakumeen borroka!
Gora Euskal Herria askatuta!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide