Julian Eizmendi: "Nazio eraikuntza lurraldeen arteko atxikimendu librean oinarritu behar da"

Gurutze Izagirre 'Berria' 2006ko mar. 14a, 16:03

Zazpi lurraldeetako udal hautsiek, Euskal Herrian sinesten dutenek, osatzen dute Udalbiltza-Udalbide, Julian Eizmendiren esanetan, baina printzipio nagusietako bat "indarkeria baztertzea" da. Laugarren batzar orokorra amaituta, orain arteko lana eta aurrera begirakoa zehaztu du (Berria)

Udalbiltza-Udalbideren batzar orokorreko txostena du bulegoko mahai gainean zain. Azpeitiko Udaleko osoko bilkura aretotik barrena eraman du kazetaria bulegora -ez dago beste biderik-. U forman daude batzar aretoko mahaiak jarrita. Hormaren kontra beste mahai bat dago. "Hori U-ari eransten diogu, eta hor esertzen dira ilegalizatuak", adierazi du Julian Eizmendi (Azpeitia, 1958) Azpeitiko alkate eta Udalbiltzako lehendakariak.

Udalbide, Udalbiltza edo biak?

Zazpi lurraldeetako Euskal Herrian sinesten dugun hautetsien biltzarra da Udalbiltza. Bat sortu zen, eta gero banandu egin zen ETAk su-etena bertan behera utzi zuenean. Guk udal hautetsien biltzarrari Udalbiltza deitzen diogu. Eta Udalbide elkartea da. Udaletatik eta erakundeetatik jasotzen ditugun diru ekarpenak txukun kudeatzeko sortu genuen.

Zeintzuk dira oinarriak?

Euskal Herria zazpi lurraldeek osatzen dugu eta behetik gora eraikitzen joan behar dugu. Gaur egun Euskal Herria hiru esparru juridiko-administratibotan zatikatuta dago eta bakoitzak bere dinamika du. Nazio eraikuntza horrek lurraldeen arteko errespetuan eta atxikimendu librean oinarrituta egon behar duela uste dugu. Elkarlaguntza, elkarkidetza eta elkartasuna oinarri dutela, elkarrekiko errespetuan eta behetik gora eraiki beharrekoa. Eta noski, indarkeriarik gabe. Eraikuntza nazionala eta indarkeria kontrajarriak daude, geure iritziz. Horiek dira gure Udalbiltzaren printzipio nagusiak.

**Laugarren batzar orokorreko deialdia EAJren eta EAren zinegotzi guztiei helarazi zenieten Ð2.000 batiÐ . 600 baino ez ziren Durangon.**

Bai, baina deialdiaren emaitza arrakastatsua izan zela uste dut. Guk zuzendaritza 2003ko azaroan hartu genuen. Gure agintaldi erdia pasatuta, orain arte zer egin den eta aurrerantzean zer egin nahi den adierazi genien batzartutakoei eta gustura geratu ginen.

Orain artekoa zertan eman duzue?

2003-2004 urteetan hainbat arazo gainditu behar izan ditugu. Zenbait udalek Udalbiltzari emandako diruagatik hainbat prozesu judizial gainditu behar izan dira, eta horiek guztiak txukundu behar izan ditugu. Gero, berrantolaketa bat egin dugu barrutik, diru esleipenen normalizazio txukunago bat egiten saiatu gara. Gainera, saiatu gara udal eta erakundeetan kanpainak egiten ekarpenak handitzeko.

Udalerri bakoitzak erabakitzen du Udalbiltza-Udalbideri lagundu edo ez, edo alderdiek jarraibideren bat ematen dute?

Udalerri bakoitzak erabakitzen du, eta denek ez dute ematen. Baina azkeneko urtean %15ean igo dira ekarpenak. Gero eta udalerri gehiagok egiten dute bat Udalbiltzarekin.

Eta ekarpen horiek zertan inbertitu dituzue?

Batik bat euskal kulturan eta hezkuntzan. Gehienbat adreiluan. Iparraldeko eta Nafarroako zenbait ikastolatan, eta baita Trebiñukoan ere. Laguntzak zein kontzeptutan egin diren zehaztu genuen, eta aurrerantzean ildo horretatik jarraitzean adostu ginen. Bestalde, EITBren seinaleak Nafarroan heltzen ez ziren herrietara heltzeko hainbat hitzarmen sinatu ditugu udalekin.

Zein lan dinamika daukazue?

Normalean hiru astetik behin biltzen gara, Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Iparraldetik eta Nafarroatik ordezkari bana. Bulegoa Iruñean daukagu. Eta gero, lurralde bakoitzak du bere dinamika. Bakoitzak bere erritmoak ditu. Euskararen eremuan eta euskal kulturan ahulen dauden lurraldeetan erakundeen laguntza jasotzen ez dutenei laguntzen ahalegintzen gara.

Irakurri zenuten adierazpenean, giza eskubide guztien alde egiten zenuten, baita eskubide zibil eta politikoen alde ere. Herri plataformei botoa eman dietenak eta haiek ordezkatzen dituztenak gogoan hartzen al dituzue?

Saiatu behar dugu aurrerantzean normalizazio politikoaren bidea jorratzen. Oztopo nagusia ETA dela uste dut. Eta denok desio ditugun bi mahai horiek osatzeko, bai bakerako, bai normalizazio politikorako, une honetan ETA da oztopo nagusia. Eta denok egin behar ditugu ahaleginak, indarkeria bazter dezaten. Elkarri kulpa bota geniezaioke. Baina oztopo nagusia ETA da. Dena den, aurrera begira ari gara. Denok desio dugu hurrengo udal hauteskundeetarako gauzak normalizatzea. Baina horretarako bakoitzak bere ardurak hartu behar ditu eta urratsak egin. Eta ea hurrengo hauteskundeetan adierazpide guztiak baldintza beretan aurkezteko aukera duten.

Ezker abertzaleak kudeatutako Udalbiltzak elkarlanerako deia egin izan dizue. Zehazki Durangoko batzar orokorra itxia izatea gaitzetsi zuten. Zer esango zenieke?

1999an ETAk su-etena bertan behera utzi zuenean zatiketa egon zen. Sei urte pasatu dira, baina zatiketa eragin zuen arrazoiak berdin jarraitzen du. Garbi daukagu elkarlana egongo dela, baina indarkeriaren posizioak argitzen direnean.

Harremanik ba al duzue?

Guk bilerak egiten ditugu. Tartean egoten gara. Gainera garbi daukagu Udalbiltzak bat izan behar duela. Baina zatiketa eragin zuen arrazoiak jarraitzen duen artean, ez gaude prest bat egiteko. Horrek ez du esan nahi aurrera begira egin behar ez dugunik, eta horrela izango da gainera. Izaten ditugu tartean bilerak, eta izango ditugu, baina bakoitzak bere bidea du indarkeriaren aurrean jarrera aldatzen ez duten artean.

Aberri Egun bateraturako aukerarik ez duzu ikusiko orduan?

Arazo hori dago gure ikuspegitik. Gustatuko litzaiguke, baina hemen mahaiak osatzea da garrantzitsuena. Zeinek pentsatzen du mahai horiek osatuko direnik aldez aurretik ETAk egin beharreko urratsak egiten ez baditu. Batik bat ETAk. Besteok ere egin behar ditugu eta egingo ditugu, baina batik bat ETAk eman behar du pausoa.

Ba al zenuen Eusko Alkartasuna Udalbiltza-Udalbiden parte hartzeari uztearen inguruan egiten ari den hausnarketaren berri? Nola ikusten duzu gogoeta hori?

Lau mezutan labur daiteke nire erantzuna. Batetik, uste dugu Udalbiltza-Udalbideren barne organoen bidez planteatu beharko litzatekeela gaia, eta, tira, hedabideetan azaldu da. Bestetik, programa bat dugu, 2004ko abenduan aho batez onartua, eta bertako oinarriei jarraitzen diegu; berau betetzen ari gara. Eraikuntza nazionalaren inguruko printzipioak ere beti errepikatzen ditugu, horiek garbi ditugu; bai programa, eta bai zein oinarritan sustatu beharko litzatekeen eraikuntza nazionala. Hirugarrenik, EAJrentzat apustu estrategiko eta garrantzitsua da programa hauek eta Udalbiltza-Udalbide bultzatzea. Eta azkenik, honen guztiaren esplikazioa izan liteke Nazio Eztabaidagunean EAk duen jarrera. Jakin badakigu foro horretan EAk baduela presentzia adierazgarria; gu, aldiz, ez gara bertan inplikatu. Eta agian hortik etor liteke diferentzia hau.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide