Azpeitiartasunaz uluka

Iratxe Retolaza ('Berria') 2006ko mar. 15a, 11:03

Otsobeltz komiki liburuaz kritika egin du Iratxe Retolazak 'Berria'-n

Euskal liburugintzan zenbakiek gorantz egin badute ere, komiki-liburuen argitalpenak gertakari ezohikoak dira. Gure artean, badira euskal komiki-egile ezagunak, badira egunkari zein aldizkarietan aldiro euskaraz argitaratzen diren komiki-tirak ere, badira komiki-pertsonaia ezagunak, bada argitaletxe espezializaturik ere. Baina komiki-liburuak gutxi, oso gutxi. Eta komikiak liburu formatuan argitaratu izan direnean, batik bat helburu didaktiko bat besarkatzeko asmoari erantzun diote.

2004an Patxi Gallegok Pololoak izenburuko komiki-liburua argitaratu zuen, zer esana eman zuena. Hainbatek orduko komiki-liburu hura euskal komikigintzaren mugarritzat jo zuten: batetik, helduentzat espresuki idatzitako lehen komiki-liburua zela aipatu zen; bestetik, euskal gaiak modu kritiko eta ironikoan jorratu zituen lehen komiki-liburua zela ere aipatu zen (ikus Igor Leturiaren e-gor blogaren e-gor komikizalea atala, besteak beste). Zenbaiten esanetan, halako kezka bat ere sumatzen zen: Pololoak komiki-liburua euskal letren itsasoan bakarturik igaroko al da? Eta urtebete eskasera, Azpeiti aldetik jaso dugu erantzuna: Andoni Salegiren Otsobeltz komiki-liburua. Oraingoan ere euskal gaiak bertatik bertara aletzen dituen komiki-liburua, baita modu kritiko eta ironikoan ere. Baina oso bestelako estiloan eta moldean. Oraingo honetan, ironia eta kritika ez dira hain gordinak eta krudelak. Samurragoak eta leunagoak dira, baina zuhurragoak.

Komikigintzaren eremuan sarri gertatu bezala, (herri-)prentsako komiki-tiratik libururanzko jauzia egin du komiki-pertsonaia batek, 'Otsobeltz'-ek. Azpeitiko armarritik jasotako pertsonaia hau kaletartuz, Azpeitiko herriaren eta batik bat azpeitiartasunaren inguruko gogoeta jarri da abian. Azpeitiartasunaren inguruko hausnarketak harilkatzeko bi narrazio-maila tartekatu dira komikian. Narrazio nagusian, 'Otsobeltz'-ek lapiko batetik hainbat lanabes, objektu edo pertsona ateratzen ditu, eta hauetariko bakoitza bigarren mailako narrazioen iturburu da. Are gehiago, lapikotik ateratako elementu bakoitzak azpeitiartasunaren sinbolo bat irudikatzen du, azpiatalen leloek adierazi bezala: aitzurra (“lana”), kaskoa (“eoskortasune”), txistu-danbolina (“ohiturak”), ikurrina (“aberriye”), liburua (“jakituriye”), sexuaren ikurrak ("sexue"), Aita Saindua ("elizie"). Beraz, komikigintzak hain berezkoa duen metonimiaren erabilera Andoni Salegik oso egoki erabili du, metonimia hauen zentzua behekoz gora jarriz. Izan ere, azpeitiartasunaren (eta nolabait, euskalduntasunaren) ikur diren elementu hauetatik abiatuz, eta 'Otsobeltz'-en arrastoari segika, azpeitiartasunak (eta nolabait, euskalduntasunak) zabalduriko estereotipo eta ereduak auzitan jartzen dira. Azken batean, 'Otsobeltz'-en begiradek eta ahotsek egunerokoari begiratzeko behar den distantzia hori ahalbidetzen dute, ohikoari ezohiko soaz hurbiltzeko behar-beharrezkoa. Euskal komikigintzak berriro ere euskal errealitatearen eta garaiko gizartearen inguruko irakurketa kritikoa egiteko gaitasuna erakutsi du, baita beste genero literario zenbaitek baino gaitasun eta osasun hobea ere. Are gehiago, lekuan lekuko (Azpeitiko) gizarteari erantzuteko gaitasuna erakutsi da, bai bertako soinez (hizkeraz), bai bertako muinez (gaiez), eta hartara, herri-kulturak behar duen harreman zuzen hori ahalbidetu. Beharbada, hor legoke euskal komikigintzaren bidea, gurean inoiz mass media izatera iritsiko ez bada ere, gutxienez herri-media bilaka dadin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide