Iriondo: "Soinu txikia erabat baztertuta egon zen garaiak ezagutu ditut"

Gara 2006ko mar. 19a, 16:03

Joxe Mari Iriondori omenaldia egin diote gaur Azpeitiko kiroldegian trikitiaren bultzagile izateagatik (Gara)

Zortzi urterekin ikusi zuen Auntxa soinua jotzen. Harrituta egon zitzaion begira luzaz, ezker-eskuin eskuei erreparatuz, soinua nondik ateratzen ote zuen bere buruari galdetuz. Hirurogei urte geroago, trikitilari horren biografia idazten ari da Elkartearen aginduz. Bien bitartean trikitilari ia guztiekin izan du tratu estua. Igandean omenaldia egingo diote Azpeitian.

Hiru zaletasun handi, hiru arlo nagusi izan ditu lanean Joxe Mari Iriondok: euskal kantagintza, bertsolaritza eta trikitia, eta hiruetan egin du bultzagile gisa ahalegin eskerga. Trikitilariek egingo diote omenaldia igande honetan Azpeitian eta trikitiarekin izan duen harremanaz mintzatu gara. Hiztun bikaina da, orduak eman ditzake bere gai kutunei buruz hizketan, pasadizoak tartekatzen ditu etengabe eta idazteko orduan ez dago, tamalez, gehienak kanpoan uztea beste erremediorik.

Zein izan zen trikitiarekin izan zenuen lehen harremana?

Guk ez genion trikitia esaten garai hartan, soinu txikia edo esku soinua baizik. Besteari soinu handia esaten genion edo pianola, teklatua zuelako. Eta ahoko soinuari ezpainetako soinua edo pilarmonika deitzen genion. Ni ezagututa nago ezpainetako soinuarekin egindako erromeria bat, Pagotxetan. Gazte jendea dantzan ezpainetako soinuarekin eta panderoarekin. Soinu txikiarekin ezagutu nuen lehena Auntxa izan zen, arrazoi sinple batengatik. Gure ama zena Atzunberrikoa zen, Arizumarraga baserrikoa. Auntxa trikitilariaren anaia bat, Juan, Auntxa Xaharra esaten geniona, Aitzunberri Gaineko Inaxirekin ezkonduta zegoen eta bazkariren bat zutenean Auntxa, Antxon, joaten zen jotzera. Han ikusi nuen lehen aldiz soinua jotzen eta harrituta egon nintzaion begira. Auntxa gizon txikia zen, baina une hartan supergizon bat iruditu zitzaidan. Zazpi edo zortzi urte izango nituen.

**Baina zu Larrañaga baserrian jaio zinen, Urrestillako kaletik gertu.**

Orain Larrañaga jatetxea dagoen baserri horretan jaioak gara gu. 1713an etorri zen gure aitona horra Altzo Goikotik. Martin de Gabiria harginak urteak eman zituen baserria egiten. Martin de Abadia ordiziar jauntxoa zen baserriaren jabea eta bereak ziren Lazkaoko jauregia eta beste hainbat baserri. Urrestillako eliza ere hark egina da. Gure ama zena nik urtebete nuela hil zen, 36 urterekin, eta Atzunberrira eraman ninduten, amonaren etxera.

Oso umea zinela harritu zintuen, beraz, soinu txikiak.

Harrigarria iruditu zitzaidan soinu hura nola atera zezakeen, behatzak nola mugitzen zituen. Gogoan dut oraindik ere haren eskuei ezker-eskuin begira egon nintzela. Auntxak artean 40 urte izango zituen.

Erromeriak ere ugari izango ziren orduan inguruetan.

Nik hurrengo erromeria Kizkitzan ikusi nuen. Eta hura oraindik harrigarriagoa iruditu zitzaidan. Tipo bat ikusi nuen soinua jotzen ari zen bitartean, okondoan lotuta zuen soka bati eraginez txapak jotzen zituen, eta hankari eraginez, danborra. Gerora ikusi ditugun gizon-orkestra horietako bat zen, nahiz eta orduan jazbana zela esaten zuten. Kizkitzako eliz atarian eman zuen meza Aita Agirretxek eta liztor habiaren bat zapaltzen zuelako-edo, meza osoa liztorrak ingurutik bidali ezinik jardun zuen. Astoan jatekoak hartuta joaten ginen Kizkitzara egunpasa. Ondoren Oletako erromeria ezagutu nuen, eta hura erabat desberdina izan zen: koadrilak zeuden soinua jotzen. Han ziren Epelde Zaharra, Osinalde eta Zumarragako Trikitixa, bakoitza bere lagunekin. Pago adarrekin egiten zuten jotzeko tokia eta lagun bat jartzen zuten dantzan ari zirenei txartelak jarri eta kobratzen. Trinitate egunean izaten ziren hango festak. Zortzi edo bederatzi urte izango nituen. Adin horrekin ezagutu nuen Belokiko erromeria ere. Ondoren, Altzerrekan San Isidrotan egiten zen erromeria ikusi nuen. Mendizabal urrestildarra ari zen jotzen. Irudia oso garbi gordetzen dut. Elgetarekin ibilia zen ikasten, nahiz eta errepertorio laburrekoa izan. Urrestillan ere jo ohi zuen igandetan pilotalekuan. Hiruzpalau ume bakarrik izaten zituen inguruan. Elgeta bera ere etorri ohi zen Urrestillara. Haren irudia ere gordetzen dut, baina Urrestillan ez zen trikitirako girorik. Musika tradizio handia izan da herrian, baina soinu txikiak ez zuen estimurik.

Zuk ezagutu zenuen soinu txikia gutxiesten zen garai hori?

Ezagutuko ez nuen, bada. Ezin direla alderatu esan ohi zen. Soinu txikiak lau tonu baxu ditu eta soinu handi batek 180. Soinu txikia oso baztertuta egon zen garaiak ezagutu ditut. Soinu handiak, ostera, irudi hobea zuen. Lizartzako Itsua, oraindik orain hil den Angiozarko Itsua, Manolo Yaben, oraindik 91 urterekin bizi dena, Pepe Yantzi eta beste asko aipa nitzake, kategoriari dagokionean garai hartan trikitilarien gainetik zeudenak. 1955etik 1965era bitarteko 'La Voz de España'-ko kroniketan zer-nolako jaialdiak egiten ziren begiratzen badugu, otxoteren bat edo abesbatzaren bat jartzen zuten, bertsolari pare bat eta askotan Manolo Yaben edo Angiozarko Itsua izango ziren soinua jotzen. Ni neu aurkezle gisa ibilita nago Azpeitian, Orion, Zarautzen eta gogoratzen naiz egitarauan beti soinu handia sartzen zutela. Loiola Irratian soinu txikia grabatzen 1962an hasi ginenean batek baino gehiagok aurpegiratu zidan soinu handia irratitik desterratu nahi genuela. Soinu handiak bazuen halako babes ofizial bat txikiak ez zuena. Baliabide gutxiko instrumentua zela esan ohi zen, eta atzerritik ekarria zela ere bai.

Horrek ez du esan nahi herri mailan onespenik ez zuenik.

Hori egia da. Umea nintzela amonarekin egiten nuen lo, eta ipuin bat kontatu ohi zidan trikitilari bati buruzkoa. Elgetari buruzkoa ote zen pentsatu izan dut. Kontatzen zuen trikitilari bat bazela herriz herri soinua joaz bizi zena, eta hiltzeko ordua etorri zitzaionean apaizak soinua jotzen ibilitako herrien zerrenda egiteko eskatu ziola. Trikitilariak aipatu omen zizkion herri horiek guztiak eta banan-banan herri horietara joan eta barkatzeko eskatzeko agindu omen zion. Soinu jotzaile hori barkatzeko eskatuz joan omen zen herri horietako bakoitzera. Soinu-jotzailearen heriotzarekin bukatzen zuen ipuina, baina amonak beti gauza bera esan ohi zuen: "Ez dakit bekatu izango den, baina zein polita den soinu txikia". 93 urterekin hil zen.

Azkoitiko Kandido eta Sakabiren grabazioak aipatu dituzu. Zein etorri zen ondoren?

Irratia 1961eko otsailean zabaldu zen. Aita Bergara euskaltzalea zen eta halaxe da orain ere, eta Gillermo Aldalur Pikuaren grabaketa egin zuen, soinu handia eta panderoarekin. Nik badut grabazio hori. Migel Sagastume Mago de Urki ere grabatu zuen panderoarekin. Ondoren Kandido Beristain ekarri zuen soinu txikiarekin. Jesuitak soinu txikiaren kontra egongo ziren, baina irratian behar zuelako egin zituen grabazio horiek. Ni 1961eko abuztuan hasi nintzen administrazioan eta 1962ko martxoan bertsolari gazteen sariketa antolatu genuen. Igande eguerdiro bi-bitara egiten zuten, bata bestearen kontra, denak denen kontra kantatu arte. Entzuleek egiten zuten aukeraketa eta izan ziren 1.600 gutun jasotako asteak. Eusebio Eizmendi Txapel bertsolriaren babesa izan zuen sariketa hori antolatzeko eta, soinu jotzaileekin ere gauza bera egin nezakeela pentsatuz, Sakabirengana jo nuen, baina "orain bezain lagun izango al gara gero?", esan zidan. Haien artean ez ote ziren konponduko beldur zen nonbait, eta asmo hori baztertu nuen arren, grabaketekin aurrera egin nuen. Hasieran dirua eskatuko ote zuten pentsatzen nuen. Gogoratzen naiz Sakabi, Egañazpi eta Justo Goikoetxea Orkasarre etorri zirela. Ehiztarien gozamena eta 'Zure urtebetetzea'-ren hitzak, esaterako, Oskasarrerenak dira. Etorri ziren, eta guk ordaintzeko dirurik ez genuela esan nien, eta ehun duro emateko asmoarekin etorri zirela erantzun zidaten. Inolaz ere ez geniela kobratuko esan nien. Aurkikuntza bat izan zen. Elkarte batean arkume jana egin genuen irratiaren kontura. Afari horretan berotu nituen Colunbian diskoa egiteko. 1962ko kontuak dira horiek. Handik urtebetera bi disko grabatu zituzten. Konbentzituta zeuden diskoa grabatzeko ere ordaindu egin beharko zutela eta mila bana pezeta kobratuta etorri ziren etxera.

Beste irratiak noiz hasi ziren soinu txikiari leku egiten?

Arrate gure aurretik jaio zen, baina grabatzen ondoren hasi zen eta geroago hasi zen Segura ere. Arraten bi lagunek lan egiten zuten, eta gu 1962an hamaika langile baginen. Hemezortzi langile izatera iritsi ginen. Orain trikitiaren alde egin ditudan merituak aipatzen hasi dira. Nik oso ondo kobratuta dut egin nuen lana, kantariekin, bertsolariekin edo trikitilariekin nik gozatu nuen baino gehiago ezin liteke gozatu-eta. Neure saltsan ibili nintzen, entzuleek eskertu egiten zuten eta irratian oso onartua sentitu nintzen. Handik urte batzuetara, 1970ean, nik Sakabiri proposatutako baldintza berdinekin antolatu genuen Trinitate Plazako Txapelketa. Agirre Francok asko animatu ninduen. Handik aurrera hasi ziren soinu-jotzaileak ere normal samar kobratzen. Ordura arte egunpasak egiten zituzten ehun durotan.

Ez dugu aipatu irratira grabaketak egitera ondoren ekarri zenuen beste trikitilaririk.

Laja eta Beizamako Motza, Urdanpilleta, ekarri nituen ondoren. Auntxa eta Iturbide izan ziren ondoren. Iturbidetarrak etengabe agertzen dira Loiola Irratiko grabazioetan, orduko soinu jotzaile gehienak pandero jotzaile finkorik gabe ibiltzen zirelako, eta Iturbidetarrak irratitik gertu bizi zirelako. Auntxarekin Imanol Iturbidek jo zuen, Otolarekin ere berak jo zuen panderoa, baina Zabaleta Uitirekin etorri zen. Irratian bada grabazio bat oso polita, panderoaren ordez Seat 600aren gurpileko estalkia jotzen egina. Tapakoa esaten genion. Oso ondo jotzen zuen Uitik. Anis botila ere primeran jotzen zuen. Maltzeta ere grabatu genuen. Epelde gaztea ere bai. Zendoia, Otamendi eta beste hainbat pasatu ziren irratitik.

Irratsaio berezirik ba al zenuten horiek erabiltzeko?

Edozein unetan jartzen ziren. Saio bat bazen Discos dedicados izenekoa, eta trikitia asko eskatzen zuten. Bazkalondotan bazen beste irratsaio bat Usted hace el programa, eta hor ere eskariak gutunez egiten ziren. Goizetan bazen beste bat gaixoentzat, eta hor ere soinua izaten zen gehiena. Astero-astero Gure erromeriak irratsaioa egiten genuen ostegunetan gaueko bederatzietatik hamarretara. Gaur telebistan esaten den prime time zen ordu hori. Nik 1983an alde egin nuenean ordu erdira jaitsita zegoen irratsaioa. Igande goizetan bazen beste bat Saski-naski izenekoa, eta hor ere bazuen lekurik soinu txikiak, nahiz eta kantuak, Ez dok Amairuk batik bat, nagusitasuna zuen. Grabazio horiek euren promoziorako balio izan zutela uste dut. Egia da arrakasta izan zutela, baina irrati barruan borroka ere egin behar izan genuen. Donostiako Herri Irratian baserritarkeriak zirela uste zuten, trikitia «aldeanada» bat zela esaten zuten lankide batzuek. Garaiko abertzale asko soinu txikiaren kontra zeuden, etorkina zelako. Gauza bera gertatu zen gitarrarekin ere, Lurdes Iriondo agertokietan katuan agertu zenean. 'Enbata'-ren lehen zenbakian kritika bat atera zen Soroa laukotearen kontra, gitarra espainolarekin kantatzen hasi zirelako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide