Zein zaila den poza behar bezala adieraztea, zein zaila esplikatu ahal izatea, nondik, nola eta zergatik. Baina, zein ederki egoten den bat pozik dagoenean, esan nahi dena arrazoitu ezin denean, arrazoi bakarra poza bezalako sentimentu soil bat denean. Zer atseginekin ikusten den bestea, edozein beste, norbera pozik dagoenean. Zer ulergaitza egiten den pozik egon eta pozkide izan nahi ez duenen bat ikustean.
Ikusia zegoen, bazetorren, bazetorrela esaten zuten, zetorrelako tankera hartzen genion. Sentimentu kontraesankorrak bizi izan ditugu. Ezin uka, hala ere, hautetsiak ez zituztela helburu esan zuten larunbat hartatik, nire balkoipetik, autoaren burrundarari gain hartuz, ezagutzen ez nuen hura "libre hago! Libre! Libreeeeee!" deiadar eginez pasatu zen igande goiz hartatik beste bat izan naizela. Aurpegierak ederragoak ziren, irribarreak irribarreago ziren, bostekoak bostekoago, besarkadak besarkadago. Esanak zituzten nonbait gazteak ere ni bezalako erdi agurerik ez xaxatzeko, leunago begiratzeko, lasai ibil zitekeenari bakeagoan uzteko. Eta kafeak gosari bilakatu ziren, gosariak otordu ezti, lagunak adiskide, arima gogo eta Euskal Herria herriago, herritarrez betetzen hasi zen.
Hala ere, espero izateak, ia ziurtasun osoa izateak, inoiz derrigor hala izan behar zuela izateak ez digu ezustekoa gutxitu, ez zaigu bihotza taupada bat bakarra ere makalagotu. Poza nori kontaturik inguruan ez nuela harrapatu nau eta mezua errebotez bidali diet, semeari, alabari, emazteari, duintasun monumentuzkoz eramaten jakin duten maiteei, euskal herritarrengan inoiz federik galdu ez didaten nireei. Gain hartu dit leherrarazteraino. Gogorrago jotzen nuen neure burua, prestatuago zetorrenerako, urte gaizto gutxik asko zahartu naute, gaztetzea dagokit, gaztetzea eginkizun nagusi.
Pentsamenduen zurrunbiloak lastoak eta gariak, denak, nahastu dizkit eta nahaspiloan, nahaspilotik, buruak, izenak, izanak ateratzen hasi zaizkit, ezgaraian, unerik onenean, zergatik ez duten ezkutatu behar, oroimenean betirako ito behar, galdetzera ausnartzen ez nintzaienean eta haiek gurasoak, senideak, alargunak, umezurtzak argiro marrazten hasi zaizkit. Haienean sartzeko eta jartzeko ahalegina egin dut, irudimena sutu dut, eta zerraldo eta gerizpeko gelditu zitzaizkigula pentsatu dut, bide bazterrean bota genituela, bide bazterrean bota egin genituela, derrigor hustu behar genuen karga balira bezala. Ezin, ezin...
Hori guztia bizkarrean, kontzientzia zuloan, eta etorkizuna, egoskor, ezin bota bazterrera, ezin kendu aurretik, luzea, zabala, bihurria, malkartsua. Bide luzea, ohitu gabeko bidaideekin egin beharrekoa. Egunsenti amaigabea, zeinetan parrandako hondar ezezagun guztiek bildu beharko dugun errematea emateko, maitearen leihopean abesti bakar bat dotore kantatzeko, maitea, guztion maitea norena izango den erabakitzeko.
Eta askatasunak heldu dit bizkarretik, tinko, bultzaka, "goazik lehenbailehen hemendik" esan dit, iragana atzean uzten genuen bitartean. Ibiltzen ez dakienaren, arlote mozkorraren, pausoan abiatu gara, dorpe, zabar, oker, estropezuz estropezu. Heldu egin diot, tinko, gogor, "ez nauk sekula bakarrik utziko" esan diot. Elkarri disparateak esaten hasi gara, beldurtzeko disparateak "desegindako guztia osa zitekek eta osatutako guztia desegin zitekek, mila bider" tankerakoen disparateak. Etxera iritsi garen arte, askatasuna egarriak zegoen eta xanpaina eman diogu, garestiak dira horrelako lagunak.
Etxekoek biok ikusi gaituzte eta berotasun handiz hartu, ezti, gozo, baina esan beharra izan diet, badakizu etxekoak beti kulpante. "Azkenengo aldia duzue aita edo senarra preso edukitzen duzuela etxean edo beste inon. Eta pentsatu ondo sesioan edo muturkerian hasi aurretik. Hasi orduko aterako naiz kalera, neu bakarrik, bakar-bakarrik, inoren laguntzarik gabe, baretu arteko trago bat edo bi hartzera". Erotu naizela guztiz pentsatu dute, ez naizela azken hamar urte gaizto hauetakoa, eta tragoak norekin hartuko ditudan galdetuz tentatu naute, bakartien multzoko gizagajo hau. "Norekin? Agian ezker abertzaleko jendearekin! Egiteko asko daukagu elkarrekin!".