Pasaiako segadan Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik 22 urte igaro dira. Auzibideak eta ikerketak aurrera jarraitzen du. "Aste honetan Santiago Gonzalez abokatuaren bidez berriak jaso ditugu: garai hartan, segadan, polizia buru egin zuenak eta Espainiako Poliziaren Gipuzkoako buru zenak deklaratu egin beharko dute", dio Jon Ziarsolo Pasaiako Sarraskia Argituko kideak.
Larunbatean egin zituzten Pasaiako Sarraskia Argitu lelopean 22. urtemugako ekitaldiak, Azpeitian. Pasaiako badian Espainiako Poliziak hildako Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideak gogoan izan zituzten, orduan jakin zuten berria.
Pasaian eraildakoen senideek operazioen buru egiten zuten poliziak deklaratzeko eskatu zioten Donostiako Auzitegiari. "Guk inputatu bezala deklaratzeko eskatu genuen, baina Auzitegiak lekuko bezala deitu ditu deklaratzera. Horrela, ordea, eginbehar gutxiago dituzte, gure abokatuen galderei ez erantzuteko aukera edukiko dute. Gure abokatuak inputatu gisa deklaratu dezaten errekurtsoa jarriko du", azaldu du Pasaiako Sarraskia Argitu taldeko kideak.
Auzibidea "oso luze" doala dio Ziarsolok. "Auziak eta ikerketak aurrera egitea garrantzitsua da guretzako, horixe eskatzen baitugu Pasaiako sarraskia argitzeko. Baina oso luze doa, makal, oso makal. Baina operazioan polizia buru egin zutenek deklaratzea garrantzitsua da, horiek jakingo baitute han zer gertatu zen eta horretaz hitz egin beharko dute. Orain arte epailearen aurrean deklaratu duten bakarrak segadan urruti zeuden poliziak izan dira".
Auzibideko gastuei aurre egiteko ekitaldiak antolatu ohi ditu Pasaiko Sarraskia Argitu taldeak. Ostiralean mus txapelketa antolatu dute, 21:00etan, Orkatzen eta Korrale tabernan. Bikoteko 15 euro ordaindu behar dira.
Kronologia
1984ko martxoaren 22a. Pasaiko badian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak: Pedro Mari Isart Pelitxo
(Azpeitia, 1961), Dioni Aizpuru Kurro
(Azpeitia, 1963), Rafael Delas Txapas
(Iruñea, 1957) eta Jose Maria Izura Pelu
(Iruñea, 1958). Autopsien arabera, gorpuek 113 bala zauri zituzten. Joseba Merino, operazio horretan, atxilotu egin zuten.
1987. Bertsio ofiziala ontzat eman eta sumarioa itxi egin zuen Calvo Rojas epaileak.
2000ko maiatza. Pasaian poliziak hildako senideen izenean auzia aztertzen hasi zen Santiago Gonzalez abokatua. Ikerketa berriro zabalarazi zuen Gonzalezek, ohartu zelako Joseba Merinok Alcala espetxean 1987an egindako deklarazioa falta zela.
2000ko iraila. Joseba Merinok deklaratu zuen Donostiako 2. instrukzio epaitegian.
2001eko urtarrila. Azpeitiko Udalak herri akusazio gisa jokatzea erabaki zuen eta Miguel Castells abokatua jarri zuen lan hori egiteko.
2002ko ekaina. Lau poliziak deklaratu zuten epailearen aurrean. Hauek Pasaiako operazioan atzeko lerroan egon zirela eta tiroketan ez zutela parte hartu deklaratu zuten.
2004ko ekaina. Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak Pasaiako segadaren auzia artxibatzea erabaki zuen.
2005eko apirila. Gipuzkoako Auzitegiko 2. sekzioak ikerketa berriro zabaltzeko agindu zuen.
2005eko urria. Pasaian hildako lau kideen senitartekoek kereila aurkeztu zuten Espainiako Poliziako Informazio Unitate Zentraleko (UCI) zuzendariaren aurka, informazioa ezkutatzeagatik.
2006. Pasaiako segadan polizia buru zena eta Gipuzkoako polizia burua zena deklaratzera deitu dituzte.