Gorantz erori

Jose Luis Otamendi 2006ko api. 5a, 11:04

Larunbatean, apirilaren 8an, Zarauztik Azkoitira egingo den Pausoz pauso martxaren inguruan iritzia eman du Jose Luis Otamendik

Pausoz pauso preso politikoen eskubideen aldeko martxa egingo da datorren apirilaren 8an, Zarauztik abiatu eta Azkoitian bukatu. Itxaropenaren aldeko beste ibilaldi bat izan daitekeelakoan nago. Hau ez da kale agerraldien herria, baina oraindik isilik etsi ezin duen, mintzo gura den herri bat da.

Hondatutako zenbait harreman eta espazio humanizatzen hasteko itxaropena daukat. Preso politikorik gabeko gizartea izateko itxaropenari nahi diot bazka eman. Libreago bizitzeko itxaropena, norberari dagokionean bakoitzak erabakitzeko itxaropena. Memoria minduen itxaropena. Eskubide ukatu eta urratuak betetzeko ordua heltzear den itxaropena.

Itxaropenik gabe ez dago aurrera egiterik. Gauzak hobetu ditzakegula pentsatu gabe zaila da segitzea. Aterpe bat, maitasun bat eskatzen digu aldiro gogoak, eta hori gabe nekez.

Anari kantariak zoragarri dio, oinez ikasi orduko ahaztu zitzaigula hegan egiten. Eta hegan egiteko gose hori ez zaigu joan. Hegan nola egin ondo akordatu ez arren, gure oinen amets hegalariak ez dira errenditzen. Badira hegan egiten ikasteko abiatzen diren pausoak, hegan segitzearren urratzen diren oinetakoak. Hainbeste saio egiten da egunero mundu zabalean... Eta hortik ikasi.

Egunek, denek dute hogeita lau orduko gerria, baina alde ederra ateratzen du denborak bihotzeko erlojuaren konpasari jarraitu edo ez. Egunak handi edo kaskar zerk bihurtzen ditu? Egunak nola kontatzen diren: orduka, kolpeka, bekozkoka, pedalka, hegaka, segundoka...?

Uste dut itxaropena izateko aitzakiak sortzea tokatzen zaigula. Grinarik eransten ez bazaio itxaropena ere genero ergela da, lozorrora eta fedearen esparruan tenteltzera garamatzana. Sinestunen kontua. Eta hortik lehen ere osatuta gaude. Bestek zer ekarriko zain jarriz gero, itxaropena penak bentzitzen du, eta orduan ez du bere burua ordaintzen.

Gaiztoa nahi genuke beti itxaropena, elikatu eta etengabe ezbaian jarria, galdekatua. Zertan hartzen du oinarri gaurko itxaropenak? Zein flakezia ditu? Bihar jaiki eta kalera egiteko zer motibo emango diot esperantzari?

Pausoz pauso martxako urratsek badute jomuga bat, badute itxaropena indartzeko borondatea. Itxaropen bizi bat, itxaropen kritiko bat. Pauso bakoitza hegan egiteko asmo bat da, lurpean hegaldatzekoa, itsasoan oinez ibili eta ortzian igeri egin.

Preso politikoak izatearen lotsari arrazoiak kentzeko beste aukera bat ikusten dut hilaren 8ko ibilaldian. Auskalogarrena! Eta lotsa horri kendutako arrazoi bakoitza itxaropenari gehitzen zaion argudioa da. Presoak Euskal Herrira, Presoak Kalera, Espetxeak Apurtu, Amnistia Osoa konsigna ederrak dira, baina jendetasun modu bat ere aldarrikatzen dute. Nola esan; borrokaren itxaropena...? Hor nonbait.

Anariren hitzok datozkit azkenerako:... erortzen bagara ere, amets berriei helduz gorantz erortzen gara. Pausoen hegoetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide