Duela bi urte bezala, larunbatean, Urola Kostan Pausoz Pauso ekimena izango da, "Euskal Preso Politikoen Eskubideen alde". Duela bi urte antolatu zuen lehenengo aldiz Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ekimen hau. Hitza horren inguruan aritu da "Begoña Uzkudun":http://www.uztarria.com/albistiek/1139044618 (1959, Errezil) eta Joxin Arruti (1960, Azpeitia) preso ohiekin.
Gaur egun presoen egoera nola ikusten duzue? Aldaketarik izan al da azken urte hauetan?
**Begoña Uzkudun**: Gaur egungo presoen egoera, aspaldikoen antzekoa da, azkenaldian esan dugun bezala, espetxeetako baldintzak gogortuta daude, eta hori ez da aldatu. Baldintza gogorrak izaten jarraitzen dute, eta berdin jarraitzen du presoen egoerak. Baldintzak aldatu dira, eta zenbait espetxetan baldintzak asko gogortu dira. Baina egoera duela bi hilabete bezalaxe dago, presoek urrun egoten jarraitzen dute, isolatuta, bakartuta, batez ere estatu frantsesean, eta baita Espainiako Estatuan ere.
Joxin Arruti: Azken 20 urte hauetan segur aski egoera gogortu egin dela iruditzen zait.
Euskal Herritik urrun egotea gertutik bizi izan duzue, espetxean etxetik ehunka kilometrora urte asko pasatuta. Nola eramaten da hori?
Arruti: Espetxeari berari urruntasunak ez dio eragiten, ez zuri ere pertsonalki, preso zaudela. Baina suposatzen da kanpoan senitartekoak eta lagunak dituzula eta horiei bai eragiten die zuzenean. Gaur egun dauden bizi baldintzetan, antzekoa da Euskal Herriko espetxe batean preso egon edota milaka kilometrora dagoen espetxe batean egotea.
Zuek nola bizi izan duzue sakabanaketa?
Uzkudun: Senideei eta presoei eragiten die sakabanaketak. 1987a arte preso guztiak elkarrekin zeuden, Alcala Meco, Herrera de la Mancha eta Caranbachelen. Garai hartan presoak batuta geunden, baina ondoren, banaka espetxe ezberdinetara eramatean, aldaketa izugarria suposatu zuen horrek. Bestalde, EAJk beti esan du sakabanaketa politikaren aurka dagoela, baina egiten duena baina gehiago egin dezake politika horren aurka.
ETAk su-eten iraunkorrarekin badirudi aldaketak izango direla epe ertainean. Nola ikusten duzue egoera berria?
Arruti: Egoera itxaropentsua da, baina horren aurrean ezin dugu lo geratu. Guk garbi ikusten dugu alde batetik gatazka konpontzeko ahal diren pausoak ematen ari direla, baina beste alde batetik baldintza berdin berdinetan jarraitzen dugula, bai espetxeetan daudenak eta baita beraien politikak ere baldintza berdinetan jarraitzen duela. Orduan, beraiei ere zerbait egitea dagokie egoera honen aurrean. Egoera itxaropentsua dela argi dugu, baina...
Uzkudun: Gainera, estatuek oraindik ez dute bestelako borondaterik agertu.
Beraz, egoera itxaropentsu ikusten duzue.
Arruti: Bai, egoera itxaropentsua da, baina azken 25 urteotan egoera itxaropentsu asko bizi izan ditugu, eta azkenean beti gertatu da gertatzen dena.
Uzkudun: Orain, bakoitzak bere ardurak hartu behar ditu eta hori dago jokoan. ETAk eman du bere pausoa, ezker abertzaleak eman du bere pausoa, baina beste aldekoen artean hutsuneak ikusten dira.
Su-etena iragarri dutenetik, presoen egoera aldatu al da?
Arruti: Ez, ez. Egoera ez da aldatu. Denbora egon da aldatzeko nahi izanez gero. Adibidez M-11ko atentatuak gertatu zirenean egun batetik bestera denon egoera aldatu zen, eskubideak gogortu ziren, isolamendua... Borondatea baldin badago, egun batetik bestera aldatzea posible da.
Larunbatean Urola Kostan Pausoz Pauso ekimena izango da, euskal presoen eskubideen alde. Zer iruditzen zaizue horrelako ekimenak antolatzea?
Uzkudun: Oso beharrezkoak dira, eta zorionez herri honek ez ditu ahaztuta bere presoak. Gainera, indarra eta presioa egin beharra dago presoak ekarri nahi baditugu. Ez badugu indarrik egiten, beraiek ez dituzte ekarriko.
Euskal Herriko egungo egoera eta duela bi urtekoa ez da berdina. Pausoz Pausoren zentzua aldatu al da?
Arruti: Ez, berdin berdina da.
Uzkudun: Presoen eskubideak, Euskal Herrian egotearen eskubideak, ez du zerikusirik ETAren su-etenarekin. Presoen eskubideak su-etenarekin edo gabe eskubideak izaten jarraitzen dute, eta gaur egun urratuta daude.
Espetxe barruan, horrelako ekimen baten berri izatean zer sentitzen da? Eta zertan laguntzen du?
Uzkudun: Poz handia, izugarrizko poza. Zure eskualdea ikusten duzu, eta jende pilo bat, ilusio handia egiten du. Indar handia ematen du, gazte asko ikusten dituzu, eta bakarrik ez zaudela ohartzen zara.
Arruti: Beste ekimen guztiek bezala, poz handia ematen du, baina hau bereziki gertutik bizi izan dugu, agian eskualdeko jendea dagoelako.
Pausoz Pauso
Apirilak 8, larunbata
09:00. Azkoititik autobusa aterako da, herriz herri Zarautzera.
10:00. Zarautzen hasiera ekitaldia, Musika Plazan.
10:45. getariako portura iritsiko da ibilaldia.
12:00. Zumaiako itsas kiroldegira iritsiko da.
13:30. Bazkaria, Zestoan.
16:30. Azpeitira abiatu.
17:45. Azpeitiko Eskuztara iritsi.
18:45. Azkoitiko Illarrara iritsi.
19:00. Amaierako ekitaldia Azkoitiko plazan.
20:30. Txotxa, plazan.
22:30. Kontzertua: Kloratita eta Txakurrak.