Xabier Euzkitze: "Gai sozialei buruz hitz egiteko beharra daukagu batez ere"

Urola Kostako Hitza 2006ko mai. 3a, 17:05

Saio asko egin ditu Xabier Euzkitzek telebistan, eta orain programa berria estreinatu du: Kalaka, gizarte gaiei buruzko eztabaida irekia (gaur, 21:55ean) (Urola Kostako Hitza )

Aurreko astean, ez ziren 12 ordu pasatu Kalaka estreinatu zenetik, eta goizean goiz, audientzia datuak jakinda etorri zen gosaltzera Xabier Euzkitze (Azpeitia, 1966).

Zer gorputzaldi daukazu programa estreinatu ondoren?

Gorputzaldi onarekin gelditu nintzen, neure burua sasoi onean ikusi nuen. Ni oso despistatua naiz, eta Kalaka bezalako saio batek ez du horrelakorik barkatzen. Arreta handia eskatzen du, eta hustutako globo bat bezala gelditzen zara. Sentsazio onak izan nituen. Jakin ditugu emaitzak, eta %3,6ko sharea izan genuen. Bartzelona-Milan partida izanda, oso emaitza polita da.

Gai sendoekin ekin diozue.

Ez dugu solasaldi soil bat nahi. Eduki aldetik, garbi daukagu gaien alderdi humanoa bilatuko dugula. Nik uste dut Elgoibarko irudiekin jendea asaldatu egin zela. Egun argiz jendea drogatuta agertzen ziren irudiak modu errealean agertzen zuen egoera. Trataera nahiko egokia izan zela uste dut, eta ordu eta erditik gorako saioa egin ondoren, gonbidatuak gehiago hitz egiteko gogoarekin gelditu ziren.

Euskal Herriak kalakan jarduteko beharrik ba al dauka?

Nik uste dut baietz. Gai sozialei buruz hitz egiteko beharra daukagu batez ere. Politikak gehiegi baldintzatu eta monopolizatu ditu solasaldiak. Jendeak badauka hizketarako beharra. Bide horretan, telebistan gutxi erretako izenak aurkitzeko ahalegina egin dugu. Betiko jende ezaguna ekarri ordez, aurpegi berrien bila jo dugu.

Bideoa errebobinatuz, nola egin zenuen jauzia telebistara Hi heu! saioarekin?

Euskadi Irratiko zuzendari zela, Joxe Mari Otermin aurkeztu zidan Azkoitiko taxizale batek, eta niri ezer esan gabe irratian toki bat egiteko eskatu zion. Handik bi hilabetera proba egin, eta 17 urterekin hasi nintzen kirol saioetan. Denboratxo bat pasatu nuen han, soldaduska ere bai tartean, eta telebistan saio bat egiteko aukera etorri zen. 1987ko kontuak dira horiek, eta garai hartarako apurtzailea izan zen'Hi heu!' Graffitiak egiten genituen dekoratuan, eta maniki batzuk geneuzkan bertan. Zuzendariak ideia asko zituen. Benito Lertxundi etorri zitzaidan behin manikien kontua oso iradokitzailea zela esanez. Diseinatzaileen arropekin janzten genituen maniki haiek. Ez zen ohikoa garai hartarako.

Gaur egungo telebista erosokerian erori al da?

Gaurkoa beste mundu bat da. Orain dela 8-9 urte ere askoz tentsio gutxiagorekin egiten genuen lan. Audientziarik ez baitzitzaigun iristen. Kaleko oihartzuna zein zen jakiten genuen, baina datu zehatzik ez geneukan. Ikaragarrizko aldaketa ekarri zuen horrek, eta minutuz-minutukoak are handiagoa. Orain badakigu zer gaik funtzionatu zuen, eta baita zein gonbidatuk ere.

Ikusle euskaldunak gutxi izanda, merezi al du hainbeste arduratzea audientziekin?

Nabaria da ETB1ean askoz pazientzia handiagoa dagoela. Guri 8 saio kontratatu dizkigute, eta audientzia kaxkarra baldin bada ere, programa horiek egin egingo dira. ETB2rekiko ere badago ezberdintasuna, galbahe lasaixeagoa daukagulakoan nago. Hala ere, oraindik gutxiago begiratu beharko litzaieke audientziei, eta gehiago egiten diren ekarpenei.

Albistegietara belarritakoa eraman zuen lehen gizonezkoa izan zinen.

Ez kosta gabe. Gaur egun txorakeria bat ematen du. Baziren aurkezle batzuk kalean belarritakoarekin ibiltzen zirenak, baina telebistan ari zirenean makillaje gelan uzten zuten beti. Negoziazio gogorrak izan nituen. Azkenean, belarritako diskreto batekin irteten nuen.

Zaila al da kate publikoko albistegiak aurkeztea?

90eko hamarkada zen, eta orduan beroago zegoen giro politikoa. Oso eskola ona dira albistegiak. Behin AEBtatik aditu bat etorri zitzaigun ikastaro bat ematera, eta zera esan zuen: hiru bideoren faltan hasten den albistegia hirugarren mundukoa dela. Hori entzundakoan, denok elkarri begira barreari eutsi ezinik gelditu ginen. Izan ere, albistegi asko asten genituen hiru bideorekin bakarrik! Kate handien aldean guk baldintza zailagoetan egin behar izan dugu lana. Beste kontu bat da, bertsolaria eta sortzailea izanda, zenbateraino baldintzatu dezakeen herri honetan berri ofizialen aurpegi izateak. Ondorioak baditu, eta horiei aurre egitea ez da beti erraza izan.

Bertsoekin bukatu izan dituzu albistegi batzuk.

Santa Ageda bezpera batean koplari bukatu izan dut, eta inauterietako astelehen batez mozorrotu ere egin ginen. Albistegiaren bukaera grabatuta utzi genuen gero emititzeko. Aintzane Bolinaga eta biok ginen, hura gizonezkoz eta ni emakumez mozorrotuta.

Orain bertsolaritza utzia duzu.

Bai, utzia daukat. Irratian kiroletan hasi nintzenean, IƱaki Elortza zen buru, eta Imanol Lazkanok hala esan zion: ez ezazue hartu hau, gehiegi gustatzen zaiok mundu hori, eta bertsoak utziko dizkik bestela!

Sorginen Laratza programak hizpide asko sortu zuen.

Hasi ginenean ez genuen pentsatzen hainbeste iraungo genuenik. Nik konfiantza banuen, baina hainbeste iraungo zuenik ez genuen espero. Egunerokoa izatetik astean behin egitera pasatzeak ez zion lagundu, errota martxan baitzegoen, eta gero gelditu egin zen. Hala ere, oso nekagarria zen, asteburuetan pilota partidekin aritzen bainintzen. Bestalde, ETBk bere onurarako erabili zuen guk egindako lana. Esate baterako, Estitxu Fernandez harri azpian aurkitu genuen guk, eta orain aurkezle onenetako bat da. Klaudio Landa ere beste zeregin batzuetarako hartu zuten. Ekipoan isuri nabarmena izan genuen, eta horrek pixkana hustu egin gintuen.

Pilota partidetan hainbeste urte, eta orain Earki gatxik!.

.2.000 partida inguru izango dira guztira. Wazemank-en kontua guk oso-oso natural daramagu. Orain ordutegi zabalean jarri dutenez, ume eta gaztetxoek asko ikusten dute. Kalean askotan etortzen dira umeak "izan untsa, eongo gatxik!" esanez; gaueko parrandetan helduek ere bai makina bat aldiz. Tolosak esan zidan, Lazkaoko partida eta gero, Titin eta Eulateri adina jende joan zitzaiola autografo eske.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide