Kirieleison lapiko batean hiru gizon

Nekane Gonzalez (Berria) 2006ko mai. 11a, 17:05

Berria egunkarian Joxe, Sebastian eta Beñat Lizasoren inguruko erreportajea egin dute

Zezen-plazaren alboan gaude. Hiru protagonista: Joxe, Sebastian eta Beñat Lizaso. Batak txapela du, bigarrenak txalekoa soinean, eta hirugarrenak pirata galtzak. Hiru belaunaldi, hiru izaera; baina hirurak arrazakoak. Zapi zuriak prest.

Bertsoaz elikatu den baina aldi berean bertsoa bera elikatu duen familia dugu Lizasotarrena. Etxeko egongelari erreparatzea besterik ez dago kantu errimatuak senideengan utzi duen aztarnaz jabetzeko: haize bolada batean bertsolaritzaren historia egongelatik igaro dela dirudi, eta lagin moduan utzi dituela une jakin batzuk argazkitan bildurik. Irudi zaharrak eta berriak, iraganaren lekuko eta orainaren sostengu.

Bi gazteenek etxean ikusi eta bizi izan dute bertsolaritza. Joxe, aldiz, "berritsua" zelako hasi omen zen bertsotan. "Izebak-eta kantatzen zituztenak buruz ikasten nituen nik. Hala hasi nintzen, eta hirurogeitaka urte daramatzat". Tartean, Landetako Unibertsitatea deitzen zioten taberna-jatetxean aritu zen lanean. Handik makina bat bertsolari pasatu zen, eta han zaletu zen, hain justu, Sebastian, San Sebastian egunean jaio zen mutikoa. "Hau sabeletik irten?", Joxek atzetik, "besteek atera behar izan zuten eta!". "Jaioz gero bizi izan dut nik bertsolaritza etxean. Tabernan ere beti izaten zen bertso giroa. Gero, Herri Irratiko txapelketako saioan parte hartzeko deitu zidaten, eta halaxe hasi nintzen. Santa eskean ere maiz ibiltzen ginen", zehaztu du Sebastianek. Bertso batzuk buruz ikasten zituen; beste batzuk, aldiz, asmatu. "Bai, oso gustukoa nuen". Behin, Araotzera joan omen zen festara, eta bertsolari batek huts egin zuenez, berak kantatu zuen. "Hamar-hamabost egunera, aita joan zen, eta hemen etorri zen argazki batekin. Ni neu nintzen, Araotzen bertsotan". Beñatek ere mikrofono aurrean ezagutu ditu aita eta aitona. "Txiki-txikitatik ikusi izan ditut nik etxean liburuak, kaseteak, bideoak...". Beñatek 23 urte ditu egun, baina 14 bat urterekin hasi zen kantuan. Bertso eskolatik pasatutako bakarra da hiruretan.

Bide honi nork bere modura ekin bazion ere, orain elkarrekin kantatzen dute noiz edo noiz. "Egindakoak eginda daude, eta ondo. Baina hirurok etxe berekoak izateak ez dakit, ba, ez ote digun mesede baino kalte handiagoa egiten", azaldu du Sebastianek. Ez dute uste maiz egin beharreko saioa denik. Izan ere, bakoitzak bere kantaera du, eta hiru belaunalditakoak direnez, mundua ikusteko modua ere ezin liteke berbera izan. Abizenak lotzen ditu, baina Lizasotar bakoitzak bere kasa ematen ditu pausoak bertsolaritzaren planetan. Horregatik, ez dira inola ere estutzen, kalean horrelakoak entzuten badituzte: "Niri gehien gustatzen zaidan bertsolaria Lizaso da". "Nork esan duen begiratu, eta erraz asmatzen da norengatik ari diren!".

Joxe Mari Iriondok Joxeren biografia idatzi du: Joxe Lizaso. Nire aldiko kronika. Emaitzarekin gustura dago bera, baina umorez dio: "Nik esandakoak ez zituen biltzen, berak zerizkionak baizik! Gainera, den-dena ez zuen jarri, ez nion dena kontatu eta!". Seme-bilobei ere gustatuko litzaieke noizbait beren biografia idaztea. "Bizitza osoa bertsotan pasatu ondoren, detaile polita da dena bilduta edukitzea, bai aitarentzat, bai guretzat eta bai edonorentzat", serio-serio Sebastianek. "Oraingo bertsolariena egitea errazagoa da, gainera, bertso gehienak bilduta daudelako eta material gehiago dagoelako. Asko eta asko grabatuta". "Bai, baina guri ez zitzaigun batere gustatzen grabatzea", bota du Joxek. "Han etortzen zen beti tipo berbera traste zahar handi batekin, eta gainera berak esaten zizun noiz hasi kantuan! Azkenean, ez zenekien norentzat ari zinen ere!".

Garai bateko kontuak "atzokoak" baino hobeto gogoratzen omen ditu Joxek, eta gerra ere izan du hizpide: "Nik 9 bat urte nituela, gerra zer zen ere ez genekien, baina bazetorrela eta bazetorrela esaten zuten. Zapatuan esan zuten tropak hurbiltzen ari zirela, eta igandean iritsi ziren. Bandera bat jarri zuten plazan".

Aspaldiko kontuak hizpide, aitonari Rusoa deitzen ziotela gogoan du Beñatek, baina izen hori nondik datorren ezin azaldu. "Pentsaeraz eta ideologiaz gorri samarra zelako-edo jarri zioten", lagundu dio Sebastianek. Geroztik, kartzelatik eta kuarteletik pasatutakoa dugu Joxe. "1946an lau hilabete eman nituen kartzelan. Eta, beste behin, errege-erreginen kontu bat zela eta ez zela, gau bat pasatu nuen kuartelean, Joxe Agirrerekin batera". Semeak esaldia borobildu du: "Gainera, okerreko Joxe Agirre eraman zuten, nahiz eta izen-abizen berberak izan!".

Aspaldi batean, gutxi batzuen afizioa zen bertsolaritza; egun, berriz, askoren ofizio. Plazetan txokotxo bat egiteak ez dirudi lan erraza, baina Beñatek badu beste askok ez duten zerbait: abizena. "Mesede egingo zidan, agian, Lizaso abizena izateak, baina kalte ere akaso bai: abizena badut, nahiz eta izenik ez izan. Aita eta aitona ditudanak izateak karga ere jarri dit bizkarrean. Plazetan, gainera, elite bat ibili ohi da, eta horretarako lan handia egin behar da; eta nik.... Txapelketetan gora iristeaz gainera, plazetan ematen dizkizuten aukeretan zenbaterainokoa zaren erakutsi behar duzu. Kontua zail samarra da, bai!".

Txapelketak. Plaza eta txapelketa binomioa. Txapelketei buruz duten iritzia ere azaldu dute. Sebastianek, gainera, puntuari erantzun ohi dion azkartasunaz: "Txapelketek badute beren funtzioa. Batetik, bultzada handia ematen diote bertsolaritzari; eta, bestetik, erakusleiho lana egiten dute. Beraz, beharrezkoak direla esango nuke". Joxeren ustez, garai batetik hona asko aldatu dira gauzak, baina berak ere jarraitzen omen ditu txapelketak. Beñaten hitzetan, berriz: "Esaten dutenez, gutxi eman eta asko kentzen du, baina azken txapelketa honi begiratuta, egitea merezi duela argi dago".

Txapelketetan doinuak dira ardatzetako bat: motzak, luzeak, luzeagoak... "Niri luuuuze horiek ez zaizkit batere gustatzen! Ezta entzuteko ere! Zerbait esaten hasi, eta bukaerarako zertaz ari diren ahaztu!", umoretsu Joxek. Sebastianek, atzetik: "Nire ustez, badute beren zailtasuna kantatzean. Dena den, entzuleek, oso-oso adi egon ezean, nekez harrapatuko dute haria. Bertsoa ona bada, ona da; baita handia izanda ere!". Aitak bereari, ordea: "Nik bertso luzea hasi eta buka ondo-ondo betetzen Basarri bakarrik ikusi dut ba!". Sebastianek: "Gaur egun ere badakite bertsoa ederki asko osatzen!". Benatek egin beharko ditu epaile lanak: "Ni bertso eskolen garaikoa naiz, eta han, probaketan-eta ibilitakoa. Gauza bat dago argi: ondo egindako bertsoa, luzea zein motza, oso polita da!".

Bakoitzak bere eskarmentua izaten du oinarri, eta ezin konpara daitezke Joxek mikrorik gabe kantatzen zuen garaia eta bertsoak 13.000 lagun batu dituena. "BECen mikrorik gabe kantatzea ere alfer-alferrik litzateke, e?", Sebastianek, "horregatik dira, ba, herriko plazak lauki itxurakoak, eta inguruan harrizko etxeak dituztela; plazan kantatutakoa ondo entzuteko!". "Lezon hirugarren solairutik kantatu genuen guk", azaldu du Joxek, "jendea han urrunean ikusten genuen, lekutan; guk kantatu, haiek isil-isilik entzun eta txaloak jotzen zizkiguten, eta mikrorik gabe!". Orduko saio haiek, gainera, urruti geratu dira gaur egungo bi orduko saioetatik. "Eguna eta gaua pasatzen genituen guk; eta zenbait tokitara iristeko gaizki ibiltzen ginen. Joan behar zenuen tokira joanda ere, goizeko seietako trena hartu behar; eta beste batzuetan, bezperatik aterata, gainera! Lagunak ere gau partean asko izaten genituen, baina hurrengo goizean esnatzean, denak falta! Gaur egungo gazteak ez dut uste gure moduan ibiliko zirenik".

Mikrorik gabeko garaietatik telebistaren arora. Bertsoak bere txokoa egin du hedabide horretan. "Pauso handia da bertsolaritzarentzat. Horri esker, bertsozale ez denak ere bertsolariak ikusi eta entzun egiten ditu", Sebastianen hitzetan. Beñat, aldiz, bertsoa telebistan agertzen hasi zen garaikoa da: "Katigatzeko modu bat da; han ikusten dutena izan nahi baitute txikiek: nik futbol jokalaria izan nahi dut, nik beste hura...".

Hitzetik Hortzera-n ez ezik, bestela ere, Joxe eta Sebastian telebistan ateratakoak dira. "Biok Goenkale-n atera ginen, eta aita baita Jaun eta Jabe-n ere". Telebistan lan egiteko modua bertsolaritzatik urrun dagoela azaldu dute: "Bost minutuko sekuentzia egiteko bi ordu behar dituzte, eta gu bat-batean egitera ohituta gaude". "Gainera, hiruzpalau aldiz errepikatzeko eskatzen dizute, eta igual-iguala kantatzeko! Bai, zera! Zer uste dute dela, ba, bertsoa?", Joxek. Beñatek ez du horrelakoetan ateratzeko aukerarik izan, baina ez omen da tentatzen duen jarduera bat.

Hirurak ere ez dira konparatu zaleak, eta nork bereari eutsi behar diola uste dute. "Ahots indartsu samarra dugula eta antza dugula ere esaten digute, baina besterik ez". Estutasunean jarri ditugu guk: eta nork ahotsik indartsuena? "Ez dugu neurtu, eta ezin esan!", Sebastianen ironia hizketan. Eta nor da azkarrena puntuari erantzuten? "Oraindik ere zaharrena igual, e?", aurreko ironia berbera. "Kantatu ez dakit, baina di-da hasi bai behintzat!", bota du Joxek ozen.

Hirukotea umoretsu dabil, baina laukotea izateko itxaropenik ba ote duten galdetu diegu. "Anaia ere bertsotan zertxobait ibiltzen da, baina hark guk ez daukaguna dauka: lotsa", azaldu du Beñatek. Beñatek ere aitak eta aitonak baino lotsatixeagoa dirudi, baina "lotsa eta kezka" biak omen ditu bat. Bi zaharrenek, aldiz, "lasai asko" kantatzen omen dute. "Ni aldarearen aurrean baino ez naiz urduri samar jartzen!", aitortu du Joxek. "Laugarrenarekin osatzea esan duzu?", galdetu du Sebastianek, "zail ikusten dut nik. Beste semeak behin kantatu zuen, amonaren urtebetetze egunean, baina orduan bakarrik eta Arzakenean! Horrek badaki, bai, non kantatu!".

Lizasotarrek bertsoarekin ez ezik tabakoarekin ere lotura hertsia izan dute, eta uzteko asmorik baduten galdetzean... "Et-et-et! Nik utzita daukat, e? Bost hilabete bai!", pozik Beñatek. "Nik ere lehen baino gutxiago erretzen dut", Sebastianek. "Niri, berriz, inork ez dit esaten uzteko eta...". "Ez, zera! Amonak, egunero-egunero", salatu du bilobak. Umorea dute ororen gainetik familiako hiru kideek. Irribarrea ahoan agurtu dugu elkar. Ezin bestela izan. Baina aurretik, jakina, zapi zuria aterata.

Errima katea

Saberri baserria... Gure bertsoen jatorria (Sebastian).

Juanita... Ez dakit nola ez dagoen etsita (Beñat. Ama du).

Erniarraitz... Elkartea, amets eta emaitz (Beï¿1/2at).

Montecristo... Sutzeko beti listo (Joxe).

Azpeitia herria... Bertakoentzat atsegingarria (Sebastian).

Eguneko onena... Gaueko atsedena (Beñat).

Basarri... Ez al dakizu haren berri? (Joxe).

Lekukoa... Garaian-garaian eman beharrekoa (Sebastian).

Bizikleta... Begira egoteko polita, tarteka (Sebastian).

1927. urtea... Amak mundura botea (Joxe).

Hiruretan gazteena naiz... Baina zaharrena ematen dut maiz (Beñat).

Egunkaria itxi ziguten... Eta herria malkoz busti zuten (Sebastian).

Txapela buruan... Babesle moduan, eta batik bat neguan (Joxe).

Gizartearen erradiografia... Desorekatua, ezin daiteke fia (Sebastian).

Txaloa jasotzea... Entzuleen esker ona lortzea (Beñat).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide