Atzo, asteazkena, Andoni Egaña bertsolari eta idazleak euskararen kalitatearen inguruko hitzaldia eman zuen, Uztarria Kultur Kordinakundeak gonbidatuta. Sindikatu Zaharrean izan zen eta aretoa bete egin zen. Egañak, Kike Amonarriz eta Joxerra Garziarekin batera, euskararen erabileraren inguruan lan bat egina du. Hark hitza hartu aurretik, Imanol Lazkano bertsolariak egin zituen aurkezpen lanak.
Hasiera emateko, euskararen kalitatearen inguruko hiru datu adierazgarri aipatu zituen Egañak. "Euskararen kalitateari dagokionez, hiru datu: bat, gaur egun sekula baino euskal hiztun gehiago gara; bi, sekula baino toki gehiagotan egiten da euskara, lurraldetasunari begira; eta hiru, sekula baino gai gehiagori buruz aritzeko gauza gara euskaraz. Hiru datu horiek positiboak dira, bere horretan".
Hizkuntzaren kalitatearen galera zein faktorek eragiten duten azaldu zuen ondoren: familia, eskola, kalea eta ingurua, eta hedabideak.
"Euskal Herri osora begira, familiak gero eta desberdinagoak, anitzagoak dira. Ia familiarik ez da geratzen non umearen gurasoak herri berekoak diren eta biak euskaldunak. Umearen gurasoak bat herri batekoa da, bestea bestekoa, bat euskalduna, bestea agian ez, bat euskaldun berria... Familietan duela 40 urtera arte geneukan homogeneizazio hori galdu egin da. Eta horrek hizkuntzaren transmisioan zerikusia handia dauka. Gutxi hitz egiten dugu familian eta familia da hizkuntzaren transmisiorako lehenengo tresna".
Eskolaren papera
"Eskolari ematen diogu gure zabarkeriaren lan guztia. Bide heziketa eskolan egiten da, sexu heziketa eskolan, eta hizkuntzaren transmisioa ere eskolan?" galdera bota zuen Egañak.
"Euskara bere bizitza-hizkuntza ez duen 20 urteko jende asko dago D ereduan ikasi duena. Horrez gainera, eskola, oro har, disimulatzen ari dela uste dut; gurasoak bezala. Nik uste dut eskolan simulatu egin behar dela, ez disimulatu. NASAkoek astronautak espaziora bidaltzen dituztela, ikusiko zenituzten simulakroak egiten; jendea espaziora bidaltzerako, hor aurreikusten da hango egoera, eta horretan entrenatzen dira astronautak. Umeekin hori egin behar da hizkuntza kontutan. Kalera irten behar dutenerako, etxean, eta etxean ez bada eskolan, simulatuz".
Hedabideei kritika
Hedabideek ere hizkuntzaren galeran zerikusia dutela uste du Egañak. "Hedabideetako euskara, oro har, eta salbuespenak salbuespen, berdintzailea da. Eta hizkuntza disfrutatu nahi duenak, hizkuntzaren lilura sentitu nahi duenak, dagokionean dagokion hitza eta esamoldea erabiliz gozatuko du, ez bestela. Hedabideek beti denari berdin deitzera ohitzen gaituzte. Hedabideek, pizzeriako hizkuntza ematen digute. Pizza denek base bera daukate. Hizkuntzaren zaporea gozatzeko, jatetxekoa eta kartakoa jan behar da". Horregatik, hedabideek "hizkuntzaren zehaztasunarekiko gustua lokartu" egiten dutela adierazi zuen.
Euskara zuzena, jatorra eta egokia
Hizkuntzak hiru gradu dituela adierazi zuen: euskara zuzena, jatorra eta egokia. "Euskara zuzena, Euskaltzaindiaren arauen arabera zuzen erabiltzen dena da. Euskara jatorra, euskararen senari jarraitzen diona. Garrantzitsuena, euskara egokia definitzea da. Euskara egokia, bere helburua lortzeko egokia den euskara da".
"Euskara egokiaren kasuan, helburua da garrantzitsua, helburuarekin batera nor ari den, nori... Faktore guztiak hartu behar dira kontutan euskara esamolde bat egokia den edo ez ebaluatzean. Egokitasunean beti segun
galdera egin behar da: segun nor ari hitz egiten, zergatik... Egokitasunaren ikuspegi honetatik, egokitasunetik eta diskurtsotik pentsatzen dut lor daitekeela hizkuntzaren xarma geureganatzea".
Azpeitiari buruz esandakoak
"Azpeitia da herri bat Euskal Herri osoa konbentzi dezakeena euskaraz egitea ona dela. Ez gurea delako, zaharra delako; erabil litekeelako eta egoki erabilitakoan, arrakasta lortzen delako baizik".
"Azpeitia hiztun egokiz betetako herria da. Landu egin delako, familiak lagundu egiten duelako, kaleak laguntzen duelako...".
Egañarena, Uztarriaren Euskara arloak antolatutako 21. hitzaldia izan da.