Harrobia, ez mila esker

Eneko Garmendia 2006ko eka. 1a, 17:06

Azpeititik Errezilera bidean dagoen harrobia handitu behar dutela-eta Garmendiak iritzia eman du

Teknologiak agintzen duen garai honetan, gizakiak bere balioa edo kotizazioa galtzen duen garai berberean, ingurugiroa, zainketa berezietako gelan dugu. Mendez-mende, urtez-urte, egunez-egun, gizakiaren eskuak lehendabizi eta aipaturiko giza-teknologiak gero, astindu duten ingurugiro berbera. Beti bezala, gizakiak kaltea egin ondoren erreakzionatzen du, inoiz ez aurretik. Eta orain bizitzen ari garen aro berrien zurrunbilo honetan, ingurugiroaren aldeko kontzientzia berreskuratu nahi da. Nik ez dut sekula ukatuko zenbait kalte onartu beharrekoak ditugula, gure erosotasunaren alde eta gaur egungo bizi-moduaren alde. Hango errepide bat, halako zubi bat... Bestalde, gure erosotasunak ere neurririk izan behar luke eta gaur egun nahikoa eroso bizi gara. Hemendik aurrera tentuz jokatzeko garaia iritsi da, ondare naturala, amaierarik gabea ez baita. Horregatik diot, edozein lan eta txikizio ezin daitezkeela egin edozein lekutan. Telebista piztea nahikoa, kontzientzia berr! Eskuratu beharraren deiaz ohartzeko. Eusko Jaurlaritzak ere keinu bat botatzen digu, "zaindu ingurugiroa, gure geroa bakarrik ez, ondorengoena ere bada eta". Ondare naturala dela, alegia. Hitzok ezin burutik kenduta nabil aspaldian.

Azpeititik Errezilera bidean dagoen harrobi txiki hori dela medio, harrobi txikirik bada, hasi naiz pentsakizunetan.

Dirudienez, harrobi hori berriro ere biziberritzeko asmoa omen dute. Biziberritu bakarrik ez, handitzea nahi gainera. Pentsatzen nago onez gero kokatu zaretela eta ingurua begien aurrean duzuela. Luzamendurik gabe esango dizuet, tragedia handi bat iruditzen zait.

Harrobiaren gainean, ber-bertan, pertsonak bizi dira, heuren bizi-moduarekin, sustraiak ondo atxikirik. Inguruan dugun paraje politenetakoa dela iruditzen zait niri. Baso ederrez eta mendi mardulez beteriko bailaratxoa. Urraki, Gazuma, Ernio, Izarraitz ere han agertzen da goizero bestaldetik, Arauntza... denak begibistan. Aisialdirako gune ere bihurtu dela esan genezake. Errepidean hamaika txirrindulari, mendizaleak eta perretxiku lapurrak, arrantzaleak erreka barrenetan. Hasi Azpeititik eta Iturburu gaina ikusi arte.

Gure geroa eta ondorengoena. Beraz, harrobi haundiago bat utzi behar diegu ondorengoei. Hori erabaki dute behintzat, bai Errezilgo Udaleko EAJ-ko kideek nahiz Eusko Jaurlaritzak. Ados daude proiektuarekin, ez dute inongo sentimendurik nonbait. Horrela bada, ken dezatela mozorroa eta garbi esan dezatela, lotsarik gabe, "guri ingurugiroa ez zaigu interesatzen, botuak irabazteko esaten dugu. Guri benetan axola zaiguna zera da, poltsikoak ondo beteta edukitzea, kosta ala kosta". Geroa eta ondorengotzaren kontu horregatik izango da agian, heuren geroa bermatzeagatik edo.

Orain guri, gizakioi, dagokigu kexa eta mina erakustea. Betiko sistema zaharrari jarraiki.

Zer da beraz, ingurugiroa zaintzea? Horrelako paisaia guneak ez gordetzea? Gure seme-alaben bizi-modua baldintzatzea? Euskal Herri eder bat, amets gaizto bihurtzea? Harrobiaren inguruan bizi diren pertsonek ez al dute hainbeste balio akaso? Zer hori baino baliotsuagorik?

Teknologia berrien aro honetan, I+D eta abarren dizdiraren itsutasuean, ezin al daitezke ekidin horrelako basakeriak?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide