Jose Luis Otamendi: "Errealitatearen erakusleiho da zubia"

Kepa Urbieta ('Berria', 2006-06-03) 2006ko eka. 3a, 13:06

Azpeitiar idazleak Amuko zubia aukeratu du Berria egunkariaren Bazterretik atalerako

"Oso elementu sinkretikoak ditu, mende bateko elementuak eta oraingoxeko altzairu hautsak botatzen dituen mamu bat”

Zubia: “1. Bi ertzen arteko lotura posible egiten duen bide bat. 2. Literaturan eta poesian aspermeneraino erabili izan den hitza. 3. Salto egiteko leku bat”. Hiztegi batetik ateratako definizioa da, irakurri berri duzuna. Jose Luis Otamendiren barrunbeko hiztegitik ateratakoa da. Azpeitian (Gipuzkoa) jaio eta bizi den idazleak bertako zubi bat aukeratu du gurekin hitz egiteko.

“Ez dut bereziki motibatzen nauen lekurik; ez behintzat nik dakidala. Baina, sormenaren edo nire bizitzaren inguruan ditudan pentsakizun batzuk islatzen dituen lekua da hau, bizitzaren koskak eta kontraesanak laburbiltzen dituena”. Amuko zubia deritzonaz ari da Otamendi. XVI. mendean eraikitakoa da, harrizkoa, erromatar estilokoa, ederra. Bakarrik utzi dute, ordea. Altzairuaren inperioak jan du. Lantegien auzo batean dago, herriko lantegi nagusiarengandik gertuegi. “Oso elementu sinkretikoak ditu leku honek, mende bateko elementuak eta oraingoxeko altzairu hautsak botatzen dituen mamu bat”.

Garai batean, herritarren biltokia zen Amuko zubia. “Ebokazio indar handia du oraindik gure garaiko jendearentzako, hor ikusi izan ditugulako, gazteak jolasean, bainatzen, inguruko zoroetan nekazariak lanean, herriko pasealeku politenetakoa ere hortxe zegoen”. Historiak sehaska egin duen arte: “Sutegi hori handituz eta ingurua janez joan da, eta zubia ia estrangulatua dauka. Hori gure historia ere bada neurri batean. Diru goseak espaziorik gabe edo arnasbide gabe utzi gaitu; aberastasunak metatzen goaz, baina, gozatzeko denborarik ez dugu. Lurraldetxo txiki honetan bizitzea tokatu zaigun zerbaiten laburpen moduan har daiteke, kontraesan dosi handi batekin”.

Egungo errealitatearen erakusleihotzat du Otamendik lekua. Ibaiaren soinua estaltzen dute atzeko lantegitik nahastuta datozen zarta hotsek eta zarata lanbro etengabeak. “Onartu edo ez, hor dago. Ez dut uste konformismoz hartzeko gauza denik. Baina, nostalgiaz begiratzea berak beldur handiagoa ematen dit. Iraganeko malkoetan gozatzea, eta hor usteltzeko arrisku horrek beldur handiagoa ematen dit, modu konfliktiboan bizitzeak baino. Neurri batean onartu egiten da, hor dagoelako. Onarpen deseroso bat da. Hor daude biak, eta gu hori gara: garai bateko zubi mitiko bat eta burdinazko zubi hipermoderno bat, bestea estrangulatua duena, sutegi handi hori tarteko dela”. Aurrean, metro gutxira egin duten zubiarekin alderatzen ari da.

Baina, zer da zubia? “Zubia bide bat da. Bideko leku bat. Elkarrekin topo egiteko bide bat, leku ireki bat ate bat den neurrian. Ixteko arriskua ere badu, baina posibilitateak gehiago ditu mugak baino”, dio Otamendik. Zer ote du zubi-k literaturan horrenbestetan erabili den hitza izateko? Idazleak garbi duena zera da, poesiak ez duela zubigintza lanik egiten. “Poesia ekintza positibo bat da. Beste norbaiti barruko alderdi batzuk aurrez aurre jartzen dizkiozun unetik, zerbait positiboa egiten ari zara. Terapia bat den, katarsi hutsa den... seguru denetik duela. Baina, poesiak zubigintza helbururik ez du, bi aldeen arteko lotura bezala ulertuz behintzat, ez bada norbere buruarekin edo irakurlearekin sare mehe horretan harremanetan jartzen duelako”.

Egonezin bat da idazlea idaztera behartzen duena. Barnean eraiki diren zaurietan lardaskan jardutea. Min horietan jardun baino gehiago, zubiak eraiki eta ahaztea proposatuta hauxe erantzuten du: “Batzuetan ondo egongo litzateke. Baina, bestetan hobe da odol txarra atera arte zauria zabalik uztea, eta inoiz gatza botatzea era bai zauria gaiztotu dadin. Sendabideak ere beti ez dira onuragarriak izango. Itxi dezake zauria eta zornea barruan utzi”.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide