Marian Amenabar: "Dantza bizioa da; zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago nahi duzu"

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 6a, 16:06

Marian Amenabar.

Marian Amenabar duela zortzi urte saloiko dantzen eskolak hartzen hasi zen; orain txapelketetarako prestatzen dabil (Urola Kostako Hitza)

Marian Amenabar (Azpeitia, 1970) buru-belarri dabil saloiko dantzen lehiaketarako prestatzen. Kirol olinpiarra izendatu berri duten dantza mota hau gero eta ezagunagoa bihurtzen ari da.

Zenbat urte dira dantzak ikasten hasi zinela?

Alaba gazteena jaio zenean hasi nintzen, 28 urterekin. Ikastaro bat ikusi nuen, larunbat arratsaldean ematen zutena, lana bukatu ondoren, eta inor molestatu gabe ondo etortzen zitzaidana. Joxe Mari Orbegozorekin hasi nintzen, hemen, Azpeitian. Eta pixkanaka bere eskutik eraman nau, ikusten zuelako gustukoa nuela. Gero, Donostian hasi nintzen, gehiago ikasteko. Dantza bizioa da, zenbat eta gehiago ikasi orduan eta gutxiago dakizula dirudi eta gehiago nahi duzu ikasi.

Ikasle ona zaren seinale.

Ez dakit ona, baina gustatzen zait, bai. Gainera, gauza politak egitea gustatzen zait, eta horretarako lan asko egin beharra dago, kate bat da.

Lehian aritzea gustukoa al duzu?

Lehiatzeak esan nahi du gauzak ondo egitea, ondo ikastea. Arau oso zehatzak dauzka saloi-dantzak. Mailarik baxuenetik altuenera aldatzen doa araudia. Ezaugarri asko hartzen dute kontuan eta bikotea oso inportantea izaten da prozesu guztian zehar.

Ez da erraza izango bikote egokia topatzea.

Bikotea edukitzea gaur egunean zortea da. Eta gainera, zure bizimodua eta balore berdinak baditu zorte handiagoa da. Zuretzako inportantea den gauza batean berdin ematen duen bikotea aurkitzea oso zaila da. Gainera, mutil gutxiago aritzen da dantzan. Nire dantzako bikotea Igor Latasa beasaindarra da. Orain urtebete hasi ginen. Ondo konpontzeaz eta elkar laguntzeaz gainera, pilo bat ikasi eta disfrutatu dut berarekin. Lehiaketetan urduritasun handia izaten da. Eta biona gehituta, ez baduzu asmatzen ondo eramaten oso zaila da. Azkenean, ez da bakarrik dantza; dantza da, eta tratua eta bidaietan ondo konpontzea...

Zenbat eta profesionalago orduan eta denbora gehiago beharko duzue prestatzeko, ezta?

Orain gehiago kontzentratzen gara nahi dugun horretan. Lehiaketan sartzen zarenean, alderdi guztiak zehatz lantzen hasten zara. Horrek askatasuna eta atsegina ematen dizu.

Eta zein tokitan aritzen zarete lehian?

Gipuzkoan momentuan ez dago ezer lehiaketa mailan. Aldiz, Bizkaian asko daude. Gu han hasi ginen, Espainia mailako txapelketan. Beraz, batera eta bestera mugitzen gara. Orain bigarren mailako lehiaketa prestatzen hasi gara, E1-etik D1-era pasatuko gara.

Saririk ekarri al duzue etxera?

Latindar dantzetan bi lehenengo sari irabazi ditugu Espainia mailan, eta estandarretan ere bitan geratu gara lehen postuan. Beste hiru alditan bigarren geratu gara. Konpetentzia handia egoten da Espainia mailako txapelketetan.

Zure inguruan hazi al da afizioa?

Oso gutxi. Baina jendea mugitzen hasi da, eta bidea jarriz gero jendea errazago joaten dela egia da. Hala ere, faktore asko behar da, ez bakarrik gogoa. Bikotea, gogoa, ekonomikoki ahal izatea... gauza asko behar da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide