Jokin Urangaren Errezilgo neskatoak

Amagoia Mujika (Gara) 2006ko eka. 6a, 20:06

Jokin Uranga bertsolariak urteak daramatza Errezilgo hiru nesken bertso irakasle lanetan

Erreportajea Gara egunkarian argitaratu zuten atzo (astelehena)

Sei-zazpi bat urte daramate Nagore Arzallusek, Izaro Zinkunegik eta Eneritz Eizmendik bertso eskolan Jokin Uranga irakasle dutela. Hamabi urte ditu lehenengoak –hamahiru egiteko– eta beste biek, hamalau.

Aurten lehenengoz iritsi da Errezilgo taldea Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalera, eta gustura daude balentriarekin. Finala hasi aurretik harrapatu ditugu eta lasai antzean, hala ere; tenple handiko bertsolariak balira bezala. Adi-adi entzuten dituzte Jokinen azalpenak; bera omen da beren bertso idoloen zerrendan bigarrena. Lehena, berriz, Maialen Lujanbio.

Astean bitan elkartzen dira bertsotan egiteko, Errezilen bertan batean eta Azpeitian beste batean. Bertsoa gustatzen zaielako inguratu ziren bertso eskolara, eta aurrera begirako asmo potolorik ez dute taldeko bik. "Gustura gauden bitartean jarraituko dugu", diote Nagorek eta Izarok. Eneritzen ametsak bestelakoak dira. "Nik ahal dudan arte iritsi nahi dut, gustatuko litzaidake bertsolaria izatea eta Jokin bezala herriz herri ibiltzea!", aitortu du.

Jokinek samur-samur begiratzen ditu "bere neskatoak", hazten ikusi dituenaren begiez, bai bertsotan eta bai bestela. "Nagorek oso txukun egiten du bertsotan, nahiz eta jendaurrekoan gaizki samar pasatzen duen. Baina hori plazek konpontzen dute eta oraindik oso gutxi egin ditu". Nagorek buruarekin baietz dio, gaizki pasatzen duela oholtzan. Etxekoek ere hala esan omen diote finalera begira, lasai egoteko. "Etxean esan didate berdin dela galdu edo irabazi, ondo pasatzeko, eta kito".

Izarok ere aise egiten omen du bertsotan "hizketan bezala edo hobeto egiten du. Asko ikasi du eta neroni harritzen naiz askotan bere ateraldiekin", agertu du Urangak. Izaro serio antzera geratzen da, erdi pentsakor erdi lotsatuta irakaslearen laudorioekin. Eta galdeketan azkena, Eneritz. "Eneritzek asko pentsatzen du bertsoa, gehiegi batzuetan. Bertsoa ondo jostea gustatzen zaio", agertu du Urangak. Eneritzek irribarre txikiaz onartu dio kritika.

Ikasleek ere badute irakaslearen inguruan zer esan: "Jarraitzen dugu Jokin, eta ikusi izan ditugu bere bertso saioak. Agian postura zaindu beharko luke, besteen desberdin egoten da, buruak eskura botaz eta... txukunago egon beharko luke", barre egiten dute hirurek batean, gaiztakeria txikia egin duenaren pare.

Jokini bertsoa beretzat zer den galdetuta, erantzuna barrutik ateratzen zaio. "Nire bizitzan izan ditudan une onenak bertsoak eman dizkit. Txapelketa nagusiko ibilera eta gero pentsatzen egona naiz ea izan den neure buruarekin hain gustura egon naizen mementorik nire bizitzan, eta, egia esan, uste dut ezetz. Atanon kantatu ostean izan nuen asetasuna ez dut sekula izan, eta hori bertsoak eman dit".

Bere ikasleak pentsakor geratu dira. Haiek ere "galtzetan ezin kabitu" egon omen ziren Eskolarteko finalera iritsi zirela jakin zutenean. Parekoak izan ziren baten eta besteen sentimenduak.

Hortik aurrera, Oiartzungo saioan egin zutenak ez dauka hainbeste garrantzi. Hala ere, aitortu beharra daukate trantze txar samarra pasatu zutela gaia entzun eta bertsoa hasi bitarteko tartean. Motza baina luzea izaten den denbora horretan. Eta korapilotxo hori sentitu zuten bai bertsolari gazteek, bai haien familia eta lagunek, baita irakasleak ere. Seguru.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide