Asteburuan, Nuarben, trinidadeak ospatuko dituzte. Urtero bezalaxe, herri afariarekin hasiko dituzte festak. "70-80 lagun inguru elkartzen gara afaltzeko. Geuk antolatzen dugu afaria, Nahi Genduena elkartetik edariak hartuz eta afariko jana geure artean prestatuz. Azken urteetan, herriko gazte gehienek parte hartu dute antolaketan. Nuarben gero eta jende gutxiago eta gazte gutxiago dago, baina gutxi asko moldatzen gara", dio Patxi Gurrutxaga Nuarbeko festak antolatzen dabilenetako batek.
Tabernarik gabe festa egitea zaila ikusten dute Nuarben. "Herria tabernarik gabe gelditu zenean, festetan barra jartzen hasi ginen. Handik ateratako diruarekin, eta Azpeitiko Udalak emandako diru laguntzarekin festak antolatzen genituen", dio Gurrutxagak. Barran txandaka egoten ziren, eta horrela, festen antolaketan eta barran txandak egiten, 40 lagun inguruk parte hartzen zuten.
Aurten, ordea, taberna gazte batzuek jarriko dute trinidadetan. "Ximoneneko taberna zen tokian jarriko dute, horretarako leku egokia baita. Orain Udalarena da eraikin hori, eta hari eskatu diogu taberna hor jartzeko baimena. Trabarik ez digute jarri".
Zezen-jana
Azken urteetan, Nuarbeko jaiak bere horretan mantendu dira, "orain dela urte batzuetatik behera eginda baitaude. Kanpotik jendea erakartzea zaila da gaur egun, herri handietako jaietan pilatzen delako jendea".
Garai batean, sokamuturra ere antolatzen zuten Nuarben. Goizeko 04:00ak aldean izaten zen. "Hasiera batean 3-4 zezen ekartzen genituen. Gero zezena erosi ere egiten genuen. Festetan sokamuturrean ibili, gero denbora batez baserriren batean eduki, eta ondoren, jan egiten genuen. Orduan gauez zezena ateratzeko arazorik ez zen izaten, baina gaur egun arazoak egongo lirateke".
Hiru egunetako festak izango dira Nuarben: "Aurten ere urteroko tamainari heldu diogu". Jai giroaren faltarik ez da izango bertan. "Gainera, igande arratsaldean Iparraldeko jokoak antolatu ditugu Herri Kirol Jaialdiaren barruan, eta ekitaldi horrek ikusmina eragingo duela uste dugu".
Egitaraua
Ekainak 10, larunbata
20:30. Herri afaria, zumitarioan edo plazan (eguraldiaren arabera).
Ondoren. Kupela taldearekin erromeria.
Ekainak 11, igandea
11:00. Meza.
12:30. Udal Musika Bandaren kontzertua, plazan.
13:15. Dantzariak, Izarraitz Txistulari Taldearen laguntzarekin, eta hamaiketakoa.
18:00. Herri Kirol jaialdia. Mutrikuko Herri Kirol Taldea.
Iluntzean. Izer eta Alabierrekin erromeria.
Ekainak 12, astelehena
Arratsaldean. Umeentzako jolasak eta txokolate-jana.
Iluntzean. Trikitilariekin erromeria.