'Urola bailarako landareak' liburua aurkeztu dute

Uztarria 2006ko eka. 12a, 16:06

Larunbatean Ingurugiro Etxean egin zuten aurkezpena.

Xabier eta Igotz Arenas dira liburuaren egileak

Guztira, 300 landareren irudi eta azalpenak bildu dituzte; liburuko 10 landareren argazkiekin bilduma egin dugu

Larunbatean (hilak 10), Urola bailarako landareak liburua aurkeztu zuten Ingurugiro Etxean. Bailarako landareak ikertu, sailkatu eta irudietan biltzen Xabier eta Igotz Arenas aita-seme azpeitiarrak aritu dira. 300 landaretik gora identifikatu dituzte bost urtetan zehar Legazpi eta Zumaia artean, eta egindako lana liburu horretan bildu dute.

"Orain bost urte inguru, semea biologia ikasketak egiten ari zela, herbario bat, landareak bildu, lehortu, txukundu eta klasifikatzen lan bat egin behar zuen eta lan horretan lagundu egin nion. Lana gustatu egin zitzaidan eta niretzako herbario bat egiten hasi nintzen, baina argazkiekin" azaldu dio Xabier Arenasek Uztarriari.

Horrela, 300 landare ezberdinen argazkiak bildu zituen Xabier Arenasek. "Argazkiekin zerbait egin zitekeela prentsatuta, Udalera jo nuen. Ingurumen teknikariarekin bildu nintzen eta harek alkateari erakutsi zizkion argazkiak; lan horri irteera bat eman behar zitzaiola esan zuten, eta liburuaren ideia hortik etorri zen".

Liburua egiterako orduan, testuak eta azalpenak biologia ikasketak eginak dituen Igotz Arenasek egin ditu. "Denbora pasatu da lana egiten hasi ginenetik; lan luzea eta astuna izan da, baina gustuko tokian...".

Lan hau egiteko "hitz teknikoak ez erabiltzen" saiatu dira egileak. "Normalean era honetako liburuak oso zientifikoak, teknikoak izaten dira; guk jende normalarentzako egin nahi izan dugu, gauzak edonork ulertzeko moduan azaltzen saiatu gara".

Liburuaren ezaugarriak:

Orrialde kopurua: 400 orrialde.
Zer biltzen du: 300 landareren azalpenak eta argazkiak jasotzen ditu.
Atalak: Landareak kolorearen arabera sailkatuta daude.
Tirada: 1.500 ale.
Non topatu daitezke: Ikastetxe, liburutegi eta udaletxeetan banatuko dute hasieran, eta oraingoz ez dute salgai jarriko.
Edizioa: Azpeitiko Udala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide