Joxe Luis Albizuri: "Zure gorputza ezagutu behar duzu, hau ez baita matematika"

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 14a, 12:06

Jose Luis Albizuri semearekin.

Bere neurrira egindako proba du Joxe Luis Albizurik Hiru Handiak, aurten 12 ordutan egin ditu 100 kilometroak (Urola Kostako Hitza)

Joxe Luis Albizurik (Azkoitia, 1963) irabazi du XV. Hiru Handiak iraupen luzeko ibilbidea. Ondo ezagutzen du proba, eta larunbatean 12:00:02 denboran egin zuen Aizkorri, Anboto eta Gorbea lotzen dituen 100 kilometroko ibilbidea.

Aspaldiko ezagunak zarete Hiru Handiak proba eta zu. Zenbat aldiz atera zara?

Aurtengoa hamabosgarrena izan da, eta nik hamairutan parte hartu dut. Hasieran urtero egiten zen eta ez zen izaten lehiaketa, ibilaldi neurtua baizik. Gero, pixkanaka jendea hasi zen hirugarren etapa lasterka egiten. Jendeak hala eskatuta, orain sei urte hasi zen, 2000n, oinez eta korrika egiten. Ordutegi desberdinarekin ateratzen dira. Hiru aldiz egin da horrela. Aurten denok batera irten gara, eta nahi zuenak oinez eta nahi zuenak korrika egiten zuen. Lehen, egun berean hiru lasterketa egitea bezala zen, geldialdi eta guzti; orain ez, dena segidan egin behar da.

Zein eratan gustatu zaizu gehiago?

Geldituta, hobeto. Hobeto kontrolatzen duzu eta errekuperazioa ere hobeto egiten duzu.

Probako markarik onena zurea da.

Lehen, hiru etapatan egin zenean, 10 ordu eta 20 minututan egin nuen marka onena. Orain, desberdina da, eta ezin da konparatu. Pixka bat makalago ibili gara, ez genuelako errekuperatzeko denborarik.

Nola deskribatuko zenuke lasterketa?

Ederra, polita. Sentsazio onak eman dizkit beti.

Zein da ondo ibiltzeko beharrezko faktorea?

Eguraldia. Aurten horren beldur ginen, ekaitza zetorrela esan baitziguten. Haize hotza izan genuen. Beti ilargi betearekin egiten da, eta eguraldiaren arabera aldatzen da. Euri pixka bat ere izan genuen, eta linternarekin joan behar izan genuen.

Non sufritzen duzu gehien?

Bukaeran, Otxandiotik atzera Gorbeara eta beste 22 kilometro egitea da txarrena. Eguerdia da, pixka bat nekatuta zaude, eta Gorbea oso gogorra da. Hori da gogorrena.

Jenderik izaten al da animatzen?

Aurten ez da ikusle asko egon. Gauez, Aizkorrin, jende gutxi egoten da, normala denez. Bazeuden batzuk deiadarka eta horrela... baina bestela ez da jende askorik izan, Gorbean ere bakan batzuk ikusten ziren. Gero, Otxandioko helmugan jende asko egoten da.

Nola prestatzen zara?

Nik errutina bat daukat korrika egiteko. Proba hau bi urtean behin izaten da, baina nik mendiko beste proba askotan parte hartzen dut. 20, 30, 42 kilometrokoetan... Hau luzeagoa denez, ez naiz joaten abiadura hartzera, kilometroak egin eta egin baizik. Adibidez, datorren urtean ez da proba hau egongo eta asmorik ez badaukat luzerik egiteko, abiadura gehiago landuko dut. Hiru Handitan ez da abiadura lantzen, fondoa baizik, erresistentzia.

Egunero aritzen al zara?

Egunero ez naiz ibiltzen, ez daukat egutegi bat finkatuta. Normalean astean 4-5 aldiz ibiltzen naiz, eta asteburuan ez naiz asko ibiltzen.

Dieta ere asko zaindu beharra al dago?

Orain bai. Denboraldia hasten denean zaintzen hasten naiz. Maiatza aldera jatekoari gehiago begiratzen hasten naiz, kalitatea zainduz. Elikagai naturalagoak edo biologikoak jaten ditut.

Zein da lasterketa luzeetan ondo ibiltzeko gakoa?

Edatea eta jatea. Edatea garrantzitsuagoa da. Izerdi asko ateratzen ari bazara, edan egin behar duzu, nahiz eta egarririk ez sentitu. Denborarekin eta ibilbidearen zein unetan zauden zerikusia ere badu. Zure gorputza ezagutu behar duzu, hau ez baita matematika.

Eta lasai ibiltzen ba al dakizu?

Bai, lasai ere ibiltzen naiz. Nik asteburuak lasai hartzen ditut. Hori bai, neurea eginda badut!

Batzuentzat zorokeria da zuk egiten duzuna.

Gaur egunean zenbat kirol ikusten ditugu muturreko egoerara eramanda? Eta ez dugu pentsatzen kirolariak zoroak direnik. Txirrindulariak, adibidez, miresten ditugu, Armstrong-eta, baina gutako batek egiten badu, ezer arrarorik hartu gabe, zorokeria da. Nik hori ez dut ulertzen.

Di-da batean

Euskal Herriko mendi bat?
Ez naiz asko irteten. Anboto ederra da, gogorra delako.

Mendian ibiltzeko sasoirik ederrena?
Udaberria. Hala ere, beroa ere asko gustatzen zait.

Gustuko ibilbideak?
Luzeak. Hiru Handietan ondo ibiltzen naiz.

Zure lehenengo lasterketa?
Orain zortzi urte, honetan hasi nintzenean. Anetoko maratoia egin nuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide