Pentsatzeko astia izan orduko, eskuan diskoa dutela ikusi dute euren burua Ezinean taldekoek
Hau da zuen lehenengo diskoa (taldearen izen berekoa), baina berez maketa izan behar zuen.
Orain dela hiru urte batu ginen Oier (orduan baxuarekin hasi zen), Oihan Amezua (baterian) eta ni (Iban, gitarrarekin eta kantuan). Oihanen garajean batzen ginen, ondo pasatzeko eta monotoniatik ateratzeko. Urtebete geroago, Urrestillako entsegu lokaletara pasatu ginen, eta lagun bat gehiago sartu zen taldean: Xabier Agirre (Hitzak kantuaren letra harena da). Estiloan ez gentozen bat, gu hardcore melodikotik gentozen, eta Xabier rockeroagoa zen, eta utzi egin zuen taldea. Oier ere Inglaterrara joan zen praktikak egitera orduan, eta bueltan, gitarra berak hartu zuen, eta baxua nik (Ibanek). Maketa grabatzea pentsatu genuen orduan. Oihan Lizaso unibertsitatetik ezagutzen nuen, eta banekien beste maketa batzuk ere grabatuta zeuzkatela. Planteatu nion, eta baiezkoa esan zuen. 2004ko abenduan hasi ginen grabatzen.
Berez, zeuentzako maketa izatea zen asmoa.
Grabatzen hasi ginenean, maketa hori eduki baino ez genuen nahi. Kontzertuetan jotzen genituen kantuak grabatuta edukitzea zen asmoa. Nik (Oihan Lizaso) esaten nien hainbeste kantu grabatu ordez, grabatzeko gutxiago, baina landuago edo. Baina, azkenean, 16 kantu grabatu genituen. Polito gelditu zen, eta nik animatzen nituen (Oihan Lizaso) diketxeetara-eta bidaltzera, ze inguruko jendeak oso ondo hartu zuen maketa. Orduan, Gorrekoek interesa agertu zuten, eta diskoa grabatzeko proposamena egin ziguten.
Diskoan dagoeneko gitarra bi daude.
Maiatzean amaitu genuen diskoaren grabazioa, eta Oihan Lizasok parte hartu zuen grabazioan. Konposizioa gitarra bakarrarekin eginda zegoen, baina diskorako beste gitarra baten beharra ikusten genuen. Diskoa grabatzen amaitu, eta udan Gorrek lotutako kontzertu batzuk eman genituen. Irailean, azterketak amaitu ondoren, Oihan Lizaso taldera sartu zen.
Diskoko kantuak maketakoak dira, edo diskoaren proposamena jasotzean berriak egin zenituzten?
Maketan 16 grabatu genituen, eta maketako bederatzi kantu sartu ditugu hemen, beste bostekin batera.
Non grabatu zenuten diskoa?
Bonberenean, Karlos Osinagarekin. Aurretik hitz egin genuen, eta gauza batzuk aurretik prestatu genituen, gutxi gorabehera. Kanta batzuk berriro grabatu genituen, geuk ikusteko. Denbora askorik ez geneukan, eta dena ondo landuta eraman genuen aurretik. Zazpi egunean grabatu genuen, eta zazpi egunean nahasi. Materiala utzi digute beste talde batzuek, baina bestela, kolaboraziorik-eta ez dugu sartu.
Kantuen konposizioa zelan egiten duzue? Letrak nork idazten ditu?
Konposatu, normalean, Oierrek eta biok (Ibanek). Ahotsa ateratzen dugu lehenengo; ahotsak konbentzitu egin behar gaitu. Edozein lekutan gaudela zer edo zer okurrituz gero, sakelako telefonoan edo ahal den lekuan grabatu eta gorde egiten dugu. Gero etxera joan, eta gitarreoa atera. Orduan, oinarrizko estruktura aterata eramaten dugu entsegura, eta gustatzen bazaigu, aurrera. Gero, denon artean txukuntzen ditugu kantuak. Letrak neuk egiten ditut (Ibanek), beste inork ez duelako nahi! Melodia ingelesez-edo ateratzen dugu, ze euskaraz hasten bagara, silabak sartu egin behar dira melodiaren barruan, eta orduan, ez bortxatzeko, lehenengo melodia egiten dugu, eta gero hitzak sartu.
Hardcore melodikoa egiten duzuela esan duzue. Zeintzuk dira zuen eraginak?
Taldekide batzuk oso hardcore melodiko zale itxiak gara, baina beste batzuk ez hain itxiak. Azkenean, baina, kantuek ukitu hori hartzen dute. Nofx, Rise Against... punk kaliforniarra eta halakoak.
Orain dela hiru edo lau urte musikan hasi, eta maketaren aurretik diskoa atera duzue; baina, oro har, disketxe batzuk itxi egin dira, autogestioa lantzen dute hainbat taldek... Zelan ikusten duzue zeuen burua panorama horretan?
Itzel! Jakin badakigu guztiok nolako zortea izan dugun. Hala ere, badago zuloa estilo horretan. Euskal Herrian ez dago talde askorik. Orduan, musika honek merkatua izan dezakeela dirudi. Guri tokatu zaigu, baina beste talde bat ere atera zitekeen gure moduan, baina, agian, zortean lagundu digu estilo honetako talde asko ez egoteak. Estilo rockeroagoak, metala... ari dira sartzen, baina zortea daukagula argi dago. Dena dela, gure helburua beti ondo pasatzea izan da, eta orain ere ez genuke nahi inork ezer exijitzerik diskoa argitaratu dugulako. Musika kritikaren menpe jartzen ari da: onak zarete, zuek ez zarete onak, presioa... guk ondo pasatzen jarraitu nahi dugu.
Etorkizuna zelan ikusten duzue? Helbururik finkatu diozue zeuen buruei?
Guk, ahal dela, hardcorea jendearengana iristea nahi dugu. Kontzertuak eman gura ditugu, ondoen kontzertuetan pasatzen dugulako (elkarrizketan ere gustura gaude, baina...), kontzertuen amaieran furgoneta etxera nork eramangao duen zozketa egin... Helburu handirik sekula ez dugu izan. Erdi gogoz kontra ere ez dugu lan egin nahi helburu jakin batzuk lortzearren. Momentuan momentukoa dago. Ideia berriak biltzen jarraituko dugu, eta kanta hobeak ateratzen saiatuko gara. Jendearen kritikak ere entzun nahi ditugu. Oraindik asko falta zaigu gure gustukoak diren talde horien mailara hurbiltzeko!