Azpeitian ere hizkuntz eskubideak "urratuta" daude eta hori dela eta, herriko Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak ostiralerako (hilaren 23rako) manifestazioan antolatu du. 19:00etan hasiko da, plazan.
Badira urte batzuk EHEk euskararen ofizialtasunaren aldeko lan-dinamika martxan jarri zuela, "euskara Euskal Herri osoan hizkuntza ofiziala izatera iritsi arteko erronka" bere gain hartuz.
Azpeitia, euskararen ezagutzari eta erabilerari dagokionez, oso herri euskalduna da, baina EHEren ustez, "hainbat esparrutan hutsune nabarmenak" daude. Adibidez, anbulatorioan, "euskararen presentzia urria delako eta euskaldunok euskaraz aritzeko aukerarik ez dugulako". Hala, azkeneko 3 urtean horra bideratutako lana egin du EHEk.
Esaterako, 2005ean herritarren artean sinadura-bilketa egin zuen; 500 lagunek baino gehiagok sinatu zuten anbulatorioan euskarak duen egoera aldatzearen alde. "Sinadurekin egoera horren arduradunengana jo genuen, Eusko Jaurlaritzara, Osakidetzara eta Udalera, hain zuzen ere. Osakidetzatik soilik jaso genuen erantzuna, baina ez aldaketak ekartzeko modukoa".
Anbulatorioan euskararen egoera "tamalgarria" da. "Larrialdietako sendagile eta erizain gehienek ez dakite euskaraz, bi pediatrak ez dira gai euskaraz komunikatzeko, familiako medikuen gehiengoak ere ez daki euskaraz, eta salbuespentzat jo behar ditugu harreran dauden gehienek euskaraz jakitea eta euskaraz komunikatzea".
Gauzak horrela, herritarrekin iritzia "akuilutzat" hartzen jarraitu nahian, Azpeitiko sindikatu, ikastetxe eta beste hainbat herri eragilekin (guztira 15ekin) hausnarketa egin du EHEk eta beste 20 bat eragileren atxekimendua jaso du. "Herritarroi osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea dagokigu. Eta horretarako, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak beharrezko neurriak hartu eta praktikan jarri beharko lituzkete (euskara plana burutu, langileak euskalduntzera bideratu, bitartean ordezko euskaldunak jarri lanean...)".
Horretaz gain, euskalduntzea aipatu nahi izan du EHEk. "Izan ere, hizkuntza eskubiderik oinarrizkoenetakoa den hori, eskubide izatetik urrun dugula ez da ikusezina. Eusko Jaurlaritzak euskararen ezagutza areagotzen ari den hitza eman nahi badigu ere, badakigu azken urteetan gero eta herritar gutxiago ari dela euskalduntzen".
Hori guztia aldarrikatzeko eta Euskal Herri osoan euskara ofiziala izateko eta hizkuntz politika berria eskatzeko, herritarrak manifestaziora deitu ditu EHEk.
Uztarria aldizkarian ekaineko zenbakian IƱaki Martinez EHEko kideari egindako elkarrizketa