Jose Maria Urkia: "Artetxeren liburu hauetan gerra zibilaz jakiteko lan berezi batzuk badaude"

Urola Kostako Hitza 2006ko eka. 19a, 16:06

Jose Maria Urkia.

Larunbatean (hilak 17) udaletxean aurkeztu zuten Jose de Arteche, un hombre de paz lanaren bi liburuak; Urkia koordinazio lanetan aritu da (Urola Kostako Hitza

Jose de Arteche, un hombre de paz lanaren bi liburuak aurkeztu zituzten larunbatean (hilak 17) udaletxeko aretoan. Lan hori, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak atera du, eta koordinazio lanetan Jose Maria Urkia aritu da. Jose Artetxe (Azpeitia, 1906-Donostia, 1971) idazle azpeitiarrak idatzitako lan batzuk jaso dituzte liburuetan. Aurkezpenean, besteak beste, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Joan Joxe Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak parte hartu zuten.

Nolatan sortu zitzaizuen Jose Artetxeri buruzko lan hau egiteko ideia?

Aurten, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bi kide jaio zireneko mendeurrena da; bata Jose Artetxe da, eta bestea, Ignacio Barriola. Biak 1906an jaio ziren, eta biak gizon inportanteak, ospetsuak dira. Artetxe, jende askok ez duela ezagutzen pentsatu genuen, eta hutsune hori betetzeko modu egoki bat honelako lan bat egitea zela iruditu zitzaigun. Bere liburuak agortuta daude, ezin dira bilatu, eta behintzat bere lanen edizio hautatua egitea erabaki genuen. Nirekin batera lana egin dutenak Maite Etxenike, Antonio Villanueva, Jose Ignacio Telletxea, Emilio Mugika, Jose Ignacio Alberdi eta Santiago Aizarna izan dira.

Zeinek zer egin hautatzeko, zer hartu duzu kontuan?

Bi irizpide izan ditugu: bata, zein ziren bere obra garrantzitsuenak eta lan horien gaurkotasuna. Alde batetik, oso garrantzitsuak ziren gerra garaiko liburuak jaso ditugu, eta pakeari buruzko hausnarketa bat lotu dugu horrekin. Bestetik, gipuzkoarren biografia inportanteenak jaso ditugu: Loiolako Inazio eta hiru marinoak: Elcano, Urdaneta eta Legazpi, eta gero, Cura Areyzaga. Beste atal batean, Artetxeren intimitatea edota barruko hausnarketa jaso dugu. Horretaz gainera, ikusteko Artetxek euskaraz ere artikulu asko eta asko egin zuela, euskarazko artikuluen sorta bat jaso dugu. Horiez gainera, biografia bat eta epilogo batzuk bildu ditugu. Baina, Artetxeren beste lan batzuk hor gelditu dira, liburu hauetan jaso gabe.

Orduan, oraindik ere Artetxeri buruz zer jaso badago.

Bai, hori esan daiteke. Baina, hala ere, bi liburu hauetan egin dugun hautaketa, nik uste dut, ona eta serioa dela.

Gaur egun Artetxe hainbeste ez dela ezagutzen, eta bera ezagutzera emateko aukera on bat delakoan?

Bai, hala da. Belaunaldi batzuetako jendeak ezagutzen du Artetxeren lana, baina jende gazte askok ez. Nik uste dut, bi liburu hauetan gerra zibileko kontuez-eta jakin daitekeela. Aurten 70 urte dira gerra amaitu zela, eta orain lan asko ari da idazten horretaz. Gerraz jakiteko liburu hauetan lan berezi batzuk badaude. Eta gure pertsonaia berezi batzuk eta Artetxe ezagutzeko modua ere badago, noski.

Atal bakoitzaren aurretik sarrera tekniko bat egin duzue.

Hori da, obrak bakarrik ez ditugu jaso, eta Artetxeren lanen multzo bakoitzak aurkezpen tekniko bat dauka aurretik. Nik uste dut, Artetxiano onenak direla aurkezpen lan horiek egin dituztenak. Horretaz gainera, Agustin Artetxe semeak bere aitaren oroimen biografiko bat egin du, eta epilogo mamitsu batzuk ere jaso ditugu. Aurrenekoan, Jose Ignacio Alberdi azpeitiarrak Azpeitian kokatzen du Artetxe. Gero, Jose Ignacio Telletxeak, Artetxe Aldundiko bibliotekarioa ekartzen digu, eta, hirugarrenean Santiago Aizarnak -honek Jose Artetxe ezagutu zuen- hari buruzko bere ikuspuntua azaltzen du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide