Oztopo artean, arrakasta

Eneko Garmendia 2006ko uzt. 5a, 11:07

Olmos vs zezena. Argazkia: Iban Etxezabal.

Bigantxa eta zezenekin oztopo artean eginiko jolas-erakustaldiak "arrakasta handia" izan zuen Garmendiaren ustez

Larunbatean (hilak 1), bero itsaskor batekin ospatu zen bigantxa eta zezenekin oztopo artean eginiko erakustaldia. Arrakastaz ospatu ere, 2.000 lagundik gora gerturatu bait ziren, itxura bikaina emanaz gure zezen plaza zaharrari. Niretzat, gustura ikusi nuen ikuskizuna izan zen, antolatzaileentzat, berriz, kontuan hartzeko gertakaria. Beroak, beste herrietako ekitaldiek, hondartzek... ezin izan zuten herrian sortutako jakin mina asetu. Ni, asetu samar, hurrengorako gogoz geratu nintzen. Etb ere bertan izan genuen, Euskal Herriarentzat irudiak jasotzen. Kontent joan omen ziren, bada zerbait.

Ganadutegia, Gorixorena. Azken urteetan gehien harritu nauen ganadutegia da, lanerako grinagatik nahiz ganaduaren kalitateagatik. Bost bigantxa eta zezen bat ekarri zituzten mutrikuarrek. Erronka handia zen beraientzat, lehenengo aldia izaki. Ganaduak emango zuen jokuaren berri jakitea ez zen erraza. Baina portatu ziren txula, txikita eta konpania. Heuren zailtasunak eskaini zituzten, nafar kastari ohore. Animalia politak, redio!!

Errekortariak, ondo esango dugu. Ez zuten lan errazik izan. Bertan izan genuen "gure" Egoitz ere. Hauen ausardia eta abilezia ez dira hautsa. Hala ere, bat goraipatu nahiko nuke, inor gutxietsi gabe. Eduardo Olmos, 28 zenbakiarekin aritu zen. Ikaragarria. Gustura geratu omen zirela entzun nuen. Ganadua protagonista den ikuskizuenean, beharrezkoak dira hauek, ez pentsa.

Agurrean, hiru pertsona, hiru zaletu nabarmedu beharrean nago, nirekin haserretuko direla jakin arren. Ekitaldiaren bihotz eta arima izan direlako, lana behin eta bi aldiz egin dutelako, nabarmenkeriarik nahi izan ez dutelako, zaletasunetik ekitaldi hau antolatzeko gai izan direlako; Iosu Uria, Juanjo Etxeberria eta Haritz Xague. Ez nuke inor ahantzi nahi, gainontzeko antolatzaile, babesle eta hontan edo hartan laguntzen aritu den oro. Zaletuak.

Orain, gertatua mamitu eta ondorioak ateratzeko ordua da. Bitartean, zorionak eta mila esker guztioi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide