Iñaki Uria: "Bi herrietako proiektua izateari eman diogu garrantzia"

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 7a, 12:07

Iñaki Uria Iraurgi Saskibaloi Taldeko lehendakaria.

Saskibaloia talde-laneko kirola da, eta Iraurgiko lehendakari berria den Iñaki Uriak horrelaxe ulertzen du bere kargua ere (Urola Kostako Hitza)

Iñaki Uria (Azkoitia, 1958) Iraurgi Saskibaloi Taldeko lehendakari berria da. Jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzako partaide izan da aurretik, taldea sortu zenetik.

Zein da Iraurgi Saskibaloi Taldearen gorakadaren gakoa?

Lana eta egitura aldaketa. Herri hauetan kirol gaiak udalen menpean utzi izan dira. Eta ez da bakarrik joan eta eskatzea, zuk ere zerbait eskaini behar duzu. Serioa izan beharra dago eta zerbitzu hobeak eskaini behar dira. Batik bat, gu bezala, bolumena hartzen duzunean. Aldunditik datozen aldaketak ere bide horretatik doaz. Lehengo egiturak aldatu beharra dago. Azkenean, inportantena ez da pilotan ala saskibaloian aritzea, kirola egitea baizik. Umeengan jendarteko harremanak bultzatzen dira kirolari esker.

Umeentzako erreferentzia izatera heldu zarete.

Aurten 13 talde federatu izango ditugu. Teknifikazio Eskolan ere 300 lagun ditugu. Lan Mobel EBA liga igo zenean, gai honek arrakasta izan du eta guk horri heldu nahi diogu umeentzako erreferentea delako. Oraindik ezin dugu kontatu Azkoitiko eta Azpeitiko jokalariekin lehen taldean, baina juniorretatik datoztenak onak dira.

Jendearen aldetik ere babesa hazten doa.

Gustura gaude jendearen babesa daukagulako. Gipuzkoan laugarren kirol gertakizuna gara. Reala, Eibar, Bidasoa eta Real Union batzuetan, eta gero, gu gaude. 500-600 lagun partidako.

Zeintzu dira lehendakari bezala dituzun erronkak?

Ni lehendakaria naiz hala egokitu zaidalako, baina gu azken finean talde bat gara. Astero biltzen gara gure egoitzan, eta batek diruzain eta beste batek idazkari izan behar du, eta niri lehendakari tokatu zait. Zuzendaritzako azkoitiar bakarra izanik eta garrantzia ematen ari garenez bi herrietako proiektua izateari, hor gaude. Anbizio handikoak izan nahi dugu zentzu horretan, bertakoen maila ona izatea nahi dugu. Lan Mobelek EBAn finkatu beharko du. Kontuan eduki behar dugu GBC Bruesaren ondoren gu gaudela Gipuzkoan. Eta orain GBCkin lotuta gelditzen gara eta kolaborazio horrekin espero dugu abantailak izatea, konpromisoekin batera.Maila horretan Azkoitiko-Azpeitiko saskibaloia izan beharrean, Gipuzkoako saskibaloia izatea nahi dugu.

Taldea indartzeko zenbait fitxaje ere egin dituzue.

Lehenengo fitxajea iazko entrenatzaile berdina mantentzea izan da. Hiru jokalarik alde egin dute eta taldea osatu eta hobetu beharrean geunden. Atletico San Sebastianen zeuden bi jolakari lotu ditugu, Eñaut Aranbarri eta Alex Arzelus.

Zein da datorren denboraldirako Lan Mobelen helburua?

Talde orekatua egiteko moduan gara. Ea larritasunik ez dugun pasatzen. Maila badugu baina azkenean emaitzak ez dira hortik bakarrik etortzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide