Mikel Aranburu: "Ez nuke nahi harrobiko jokalaririk gabeko Reala"

Jon Ordoñez (Berria) 2006ko uzt. 18a, 14:07

Berria egunkarian Realeko jokalaria elkarrizketatu dute

.1997ko ekainean egin zuen debuta lehen taldean; orain, bederatzi urte geroago lesio larri batetik ateratzen ari da.

Lesio larri bat jasan zuen pasa den denboraldian Mikel Aranburuk (Azpeitia, 1979). Harmailetatik ikusi zuen bere taldea, beste behingoz, jaitsiera saihesten. Ia osatu da. Herren dabil oraindik baina denboraldi hasieran jokatzeko prest egotea espero du. Orain dela hamar urte egin zuen debuta lehen taldean. Klubaren ikur denik ukatzen badu ere, bera da harrobitik igo den jokalariaren eredu nagusia, Reala barru-barrutik bizi eta sentitzen duena.

Ari al zara sendatzen?

Bai. Normal ari naiz entrenatzen. Aste honetan [aurrekoa] entrenamendu asko egin ditugu, eta arazorik gabe ari naizela ikusita, gustura nago, bide berean jarraitzeko asmoarekin.

Min hartu zenuen sarrerari buelta asko eman al dizkiozu?

Akordatzen naiz nola izan zen, bai. Baina buelta gehiegi ematea alferrik da, egindakoa eginda dago. Orain sendatzen saiatzen ari naiz.

Eduardo Escobar sendagileak esan zuen bere ibilbidean inoiz ez zuela horren lesio okerrik ikusi. Zer esan zizun zuri?

Niri ere nahiko gordin azaldu zidan zer lesio zen. Hitz horiekin ez, baina hasieratik esan zidan lesio larria zela. Lesioekin, ordea, ezin da inoiz zehatz-mehatz asmatu. Batzuetan arina dirudiena larria da gero. Nire kasuan igual izan dena baino larriagoa zela pentsatu zuen jendeak. Nik uste lesioak ez didala etorkizunean arazo gehiago ekarriko.

Zure futbolari ibilbidearen azkena izango zela pentsatu al zenuen?

Ez. Denboraldi osoa galduko nuela jakitea kolpe gogorra izan zen, eta pena hartu nuen. Baina pausoka osatu naiz. Buelta eman nion ebaketari, eta hortik aurrera pausoak eman ditut, oinez, bizikletan, korrika eta azkenean taldekideekin batera. Pasa zena pasa ondoren, ez naiz kexu.

Zer moduzkoak dira baloirik gabeko entrenamenduak?

Boladarik luzeena eta gogorrena hori izan zen, gimnasioan bakarrik pasa nituen egunak, korrika egiteko gai ere ez nintzenekoak.

Zer espero duzu denboraldi-aurre honetan?

Hasteko Ligako lehen partidara taldea osorik ailegatzea, lesiorik gabe, eta aurretik min hartuta geundenak, sendatzea. Garrantzitsuena ahalik eta ondoen prestatzea da.

"Fitxaketarik onena, Aranburu sendatuta", ez litzateke albiste txarra izango.

Aurreko denboraldia txarra izan denean, jendea beti gogoratzen da falta izan diren jokalariez. Baina nik jokatu dudan mementoetan ere partida txarrak eta denboraldi txarrak egin ditugu. Denok egon beharko dugu prest.

Denboraldiari zer eskatuko zenioke?

Lehen hamar postuetan sailkatzea. Azken denboraldietan UEFAn sartzeko borrokan egon ez diren taldeak jaitsiera saihestekoan egon dira. Erdibiderik ez dago.

Eta taldeari zer eskatu beharko genioke?

Uste dut ez dagoela esan beharrik ahal dugun guztia egingo dugula. Denborak esango du zer maila daukagun, eta non egotea merezi dugun.

Munduko Kopa ikusteko astia izan al duzu min hartuta egon zaren bitartean?

Bai.

Ondoriorik atera al duzu?

Ikusi da jokalari onenak dituen selekzioak irabazi ordez, askotan buruz gogorrena denak edo fisikoki ondoen dagoenak irabazten duela.

Zer egin behar du jokalariak denboraldi berri bakoitza ilusioz hasteko?

Ondo egindakoari eutsi. Aurreko denboraldiko lehen zatian ondo aritu ginen etxean, eta nik uste datorrenean oso garrantzitsua izango dela hori denboraldi txukun bat egiteko. Hasiera on bat egin behar dugula pentsatu behar dugu. Zaletuei alferrik da helburuak jartzea, azkenean jendea emaitza onekin eta joko onarekin ilusionatuko baita.

Zer iruditzen zaizkizu klubak egin dituen bost fitxaketak?

Juanito, Rivas eta Gerardo ezagutzen nituen, eta onak direla esan behar dut, oso erregularrak. Jokatzen badute, maila ona emango dute. Bravo eta Felicio ez ditut ezagutzen oraindik, ikusi beharko da jokatzen duten.

**Juan Antonio Larrañagak esan du fitxaketa horiek epe motzerako egin direla. Ondo iruditzen al zaizu horrela egitea?**

Taldeak zituen gabeziak betetzeko ekarri dituztela ari dira esaten klubeko arduradunak. Beste batzuek esan dezakete orain dela gutxi agindu zituzten gauzak urrun daudela une honetan. Hori denborak erakutsiko du, erabaki hori luzera begira hartu den edo memento bateko apustua izan den. Horren gainean jardutea alferrik da orain.

Mikel Labakak esan zuen fitxaketa horiek harrobiko jokalarien igoera oztopa dezaketela.

Tentuz aritzeko gaia da hori. Guk aldagelan kanpotik etorritako jokalari horiekin egon behar dugu, eta ez dugu horri buelta gehiegi ematerik. Nik badaukat nire iritzia, baina nahiago dut horietaz zer edo zer esan behar badut, zuzenean beraiei esatea. Etorri diren horiek une honetan gu bezainbeste dira Realeko jokalari.

Harrobiko jokalariak lehen taldera igotzeko prest ez daudela esaten dute. Zuk egunero ikusten dituzu Zubietan. Horrela al da?

Nik uste dut harrobian badaudela jokalari onak. Orain dela bi urte jokalari dezente igo zen Lehen Mailara. Labaka, Alonso, Garrido, Riesgo eta Urangak orain bi urte jokatu zituzten partida dezente Lehen Mailan, eta harrobiak maila duen seinale garbia da hori. Une honetan ere nik ikusten ditut jokalari onak. Beste kontu bat da klubean erantzukizuna dutenek gazteei denbora eman behar zaiela erabakitzea, eta horretarako epe motzerako kanpotik jokalariak ekartzea. Hor guk ez daukagu sartzerik. Baina nik uste dut harrobian badaudela Realean jokatzeko maila duten jokalariak.

Uztarria aldizkarian esan zenuen behin harrobitik lehen taldera jokalariak ateratzeko ausardia behar dela.

Bai, hori ere bai. Hemengoak garen lehen taldeko jokalariei jokatzeko aukera eman ziguten une jakin batean. Jokalaria heldu gabe egon arren, jokatzeko aukera eman behar zaio, pixkanaka Lehen Mailako jokalaria egin dadin.

Realak bere nortasuna galduko duen beldurra duzu?

Nire ustez, Realak harrobiko lana alde batera uzten badu eta urtero epe motzeko fitxaketak kanpotik egiten baditu, etorkizunik ez du. Hori nire iritzia da. Hemen dauden instalazioak ikusita eta Lehen Mailan jokatzeko jokalariak beti irten dutela ikusita, horri eutsi behar zaio. Bertako jokalari euskaldunik gabe, aurrera irteteko modurik ez diot ikusten Realari. Nik pertsonalki, ez nuke nahi horrelakorik.

Zein da Realaren nortasuna?

Nortasuna? Ez dakit. Ni edozein kirol ikustera joaten naizenean bertako jendea ikusi nahi izaten dut. Beste batzuek kanpoko jendearekin berdin-berdin disfrutatzen dute. Baina nik inguruko herrietako jendea, edo txikitatik ezagutzen dudan gaztea, Lehen Mailan jokatzen ikusteari balioa ematen diot. Nik futbola uzten dudanean eta Anoetara partidak ikustera joaten naizenean, gustura ikusiko ditut txikitatik ezagutzen ditudanak igandero partidak jokatzen, talde handien kontra. Hori nik pertsonalki, beste batzuek horri garrantzirik ematen ez badiote, guztiz errespetagarria iruditzen zait.

Gabilondo joan da, Jauregi gaixo dago, Lopez Rekarte jomugan egon da azkenaldian... sentitzen al zara zu harrobitik igo diren jokalarien ikurra une honetan?

Ez, eta ni hori naizela pentsatzea akats bat litzateke nire ustez. Hemen garbi dago denbora gutxian gauza asko aldatzen direla, eta mementoaren arabera hobeto edo okerrago ikusten gaituzte. Nik ez dut nire burua ikur sentitzen. Bertako jende asko gaude, eta azkenean hau ez da ikur kontua.

Kapital handitzea nola ikusten duzu?

Hasieran egin ziren aurreikuspenak ez dakit zenbaterainokoak ziren. Bukaeran jendeak nahiko erantzun ona eduki du. %50 saltzea gustura utzi ditu zuzendaritzakoak ustez. Jendeak erantzun nahiko ona eman du, ez? Ikusita gainera bazkide kuotak igo egin zirela, taldea ez zela ondo ibili... Nik uste jendeak ondo erantzun duela. Ez dakit hasiera batean zuzendaritzak zer espero zuen.

Zuk gehiago espero zenuen?

Nik egia esan esperientziarik ez dut horrelako gaien inguruan. Hasieran egia da makal joan zela dena, eta erosketa portzentajea txikia izan zela, baina azken txanpa ona izan da. Nola hasi zen ikusita %50 saltzea gustura egoteko modukoa da.

Taldeak aurreko denboraldian egin zuen ibilbide eskasak zerikusia izan dezake.

Bai, propaganda aldetik igual jendea gehiago enteratu da kapital handitzeaz prozesuaren azken fasean, baina nik ez dakit jendeak zer pentsatu duen, igual aurretik nahikoa lagundu duela Reala edo nahikoa diru gastatu duela... Orokorrean nik uste erantzun ona izan dela. Jendeari ezin zaio gehiago eskatu.

Miguel Fuentesek urtebete egin du Realeko lehendakari. Zein balorazio egiten duzu?

Esan dut lehen, ni ez naiz zuzendaritza baloratzeko pertsona egokiena. Gurekiko tratua oso ona izan da. Alde horretatik inongo kexarik ez dut; ezta aurreko zuzendaritzarekin ere, haiek ere ondo portatu ziren gurekin. Pertsonalki harreman ona izan dugu. Hortik kanpoko balorazioa zaletuek, bazkideek eta akziodunek egin behar dute.

Bederatzi urte bete dira debuta egin zenuenetik. Zer nabarmenduko zenuke?

Azkar pasa zaizkidala urteak, akordatzerako. Lehen gazteena izaten nintzen, eta orain erdia behintzat pasa dudala konturatzen naiz, zaharrengandik gero eta gertuago ikusten naiz.

Gustura?

Bai, ikusi dudalako zenbat jokalari pasatu diren hemendik. Orain dela urte gutxiko posterra ikusita konturatzen zara ez gaudela jende asko orain dela sei urte taldean geundenetakoak.

Hori seinale ona al da?

Ez dakit. Askotan aditzen da ez dakit zenbat entrenatzaile eta zuzendaritza pasatu direla, baina jokalariak ere mordoa pasatu dira. Kalkulurik ez dut atera, baina azken zazpi edo zortzi urteetan 80 bat izango dira. Aldaketak arlo guztietan egon dira.

Ez da oso seinale ona orduan?

Ez, ez. Baina aldaketak talde guztietan egon direla hartu behar da aintzat.

Javier Iruretarekin egin zenuen debuta. Horrekin hamar dira izan dituzun entrenatzaileak. Norekin egon zara gustuago?

Bat esatea zaila da. Denengandik ikasi dut zer edo zer. Periko Alonso, Denoueix, Amorrortu... horiekin, egia esan, oso gustura egon ginen jokalari guztiok orokorrean. Clementerekin ere ni nahiko gustura egon nintzen.

Bakero jokalari izan zen orain dela gutxi arte. Zer moduz berarekin?

Ondo. Haren esperientzia denontzat da ona. Entrenatzaileak beti jokalarien menpe egon behar du, eta jokalarien arabera neurtzen da bere balioa. Mementoz lan ona egiten ari da. Aurreko denboraldian egoera zailean hartu zuen taldea, eta Lehen Mailan mantentzea lortu zuen. Ea datorrenean suertea duen, taldea ondo dagoen seinale izango delako.

Debuta egin zenuenean aurrerago jokatzen zenuen. Orain Bakerok aurrerago kokatuko zaituela dirudi. Nahiko al zenuke?

Egia da garai batean punta-erdian aritu nintzela, baina nik gehiago jokatu dut zelai erdian beste taldekide batekin, euskarrian. Ezkerrean eta eskuinean ere jokatu dut, baina zelai erdian beste taldekide batekin sentitzen naiz erosoen; aurrerago edo atzerago ez da inportantea.

Orduan aurkariaren areatik gertuago egoteko gogo berezirik ez duzu?

Nik ahal den lekuan egon nahi dut. Izan dudan lesioa izan ondoren, ez dut uste posturik aukeratzerik dudanik. Jokoan beti egoten da aukera bestearen areara iristeko eta norberaren area gordetzeko. Niretzat pertsonalki ahalik eta gehien jokatzea izango da garrantzitsuena. Mementoz ez dit Bakerok esan zein postutan ikusten nauen egokiago.

Etorkizunari begiratzen al diozu?

Urte hau garrantzitsua izango da niretzat belauneko lesioa ahaztuta dagoela frogatzeko. Pentsatzen dut jendeak horri begiratuko diola. Benetan daukadana baino okerrago daukala pentsatzen du jendeak, nire ustez. Denborak esango du zer maila eman dezakedan.

Datorren urtean kontratua amaitzen duzu.

Bai, baina Realak beste urtebetez luzatzeko aukera dauka.

Zer asmo duzu gero?

Denboraldi honi begiratzen diot oraingoz. Horrek esango dit gero zer egiteko gai naizen. Ondo sendatzearekin konformatzen naiz oraingoz. Hori besterik ez dut eskatzen.

Hamar urte hauetan taldekide batzuk beste talde batzuetara joaten ikusi dituzu. Tentaziorik ez al duzu zuk izan zerorrek?

Batzuk talde handietara joan dira, baina gehienak joan dira hemen nahi ez zituztelako. Batean galtzen dena, bestean irabazten da. Ni gustura nago hemen. 13 urterekin etorri ginen hona jokatzeko ilusioarekin, eta alde egitea serio inoiz ez dut pentsatu. Esperientzi berri bat edukitzea eta beste gauza batzuk ezagutzeko aukera polita da kanpora joatea, baina leku batean gustura baldin bazaude, hori ere baloratzen jakin behar da.

Igor Gabilondoren berririk ba al duzu?

Bai, Benasquetik etorri ondoren hitz egin nuen berarekin, eta espero bezala jendearekin ondo konpontzen zela esan zidan. Egia esan, nahikoa saltsa izan dute entrenatzen hasi orduko, baina urte ona egingo duelakoan nago. Ea hemen izan ez duen zortea han baduen. Partida batzuk jarraian jokatzen baditu, maila oso ona eman dezakeela uste dut.

**Fuentes, Bakero, Larrañaga... jokalariarentzat erretiroa hartzeko leku txarra ez da Reala.**

Uf... Oraindik ez nago ni erretiroa hartzea pentsatzen. 27 urte dauzkat, eta normal segituz gero urte batzuetako sasoia badaukadala uste dut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide