Patxi Gurrutxaga: "680ko eta 640ko txapelak lortu ditugu, baina 600ekoa zailago daukagu"

Urola Kostako Hitza 2006ko uzt. 19a, 12:07

Patxi Gurrutxaga proba batean.

Nuarbek aurtengo Euskal Herriko Sokatira Txapelketa larunbatean, uztailaren 22an, bukatuko du, Azpeitian bertan (Urola Kostako Hitza)

Patxi Gurrutxaga (Nuarbe, 1966) aurten 27. denboraldia egiten ari da sokatiran. "13 urte nituela hasi nintzen, mutil kozkorretan. Nuarbe Sokatira Taldea 1978an hasi zen, eta ni neu 1980an", dio tiralariak. Nuarbe Sokatira Taldeak hainbat eta hainbat txapel irabazi ditu urteotan. Aurten dagoeneko bi txapel irabazi ditu, Euskal Herriko lur gaineko 680 kilokoa eta 640 kilokoa. Larunbatean, Euskal Herriko lur gaineko 600 kiloko txapelketa du jokoan. Lehia Loiola Hotelaren ondoko belardian izango da, 17:00etan. Mutriku, Goiherri A, Goiherri B, Nuarbe, Gaztedi A, Gaztedi B eta Areso ariko dira lehian.

Nuarbek dagoeneko bi txapel irabazi ditu aurten.

Bai, halaxe da. Euskal Herriko sokatira txapelketan lau maila daude: 680 kilokoa, 640koa, 600ekoa eta 560koa. Guk hiru maila handienetan parte hartzen dugu, 560koan ez dugu jarduten, jende arina behar delako eta guk ez daukagulako. Aurtengo denboraldia pisu handieneko txapelketarekin hasi da, eta bi pisu handienetan txapeldunak izan gara. Eta orain 600 kilokoa daukagu jokoan.

Eta 600 kilokoa irabazteko modurik ba al du Nuarbek?

.600 kiloko txapela zailagoa daukagu. Dagoeneko 600 kiloko bi ekitaldi jokatu ditugu. Lehen ekitaldian hirugarren gelditu ginen eta bigarrengoan bigarren. Bigarren gaude Goiherriren atzetik, hiru puntuko aldearekin, hiru postuko aldearekin alegia. Larunbatean da azken ekitaldia eta zaila edukiko dugu, baina edozer gerta liteke.

Bestela, orain arte egindakoarekin gustura al zaudete?

Iaz baino denboraldi hobea egiten ari gara, baina igoal ez guk nahi bezainbesteko ona. Gure asmoa, iaz baino denboraldi hobea egitea zen, iaz txapela maila bakarrean irabazi genuen, eta aurten dagoeneko bi mailatan txapeldunak izan gara. 600 kiloko lehian edozer gauza pasatu liteke, maila horretan lau talde antzeko gabiltza eta edozer gertatu liteke. Gu hiru maila horietan txapela ateratzeko prestatu gara eta horixe lortzea nahi dugu.

Azpeitiko saioarekin aurtengo denboraldia bukatu egingo al duzue?

Bai, Azpeitikoa izango da gure azken tiraldi ofiziala, aurtengo denboraldia larunbatean bukatuko dugu. Urtarrilean hasi ginen aurtengo denboraldia prestatzen eta taldean entzenatzen. Aurretik norbera bere kasa entrenatzen da, baina urtarrilaren erdialdera taldean hasten gara lanean.

Tiralari berririk ibili al da aurten Nuarbe Sokatira Taldean?

Bai, bat badabil. Bergarakoa da bera, pixkat probatzen eta ikasten dabil.

Nahiko tiralari ba al ditu Nuarbek?

12-13 lagun gabiltza, eta horietatik tiratzen 10-11 ibiliko gara. Hori gutxi da, eta aurten ere oso estu ibili gara tiralari aldetik. 600 kiloko lehen ekitaldian, tiralari bat erdi lesionatuta zegoelako eta beste kontu batzuk tarteko hirugarren egin genuen. Hain justu ibilita, bakar bati zerbait gertatzen bazaio gaizki ibili behar. Gaztedi eta Goiherri hogeitaka lagunekin dabiltza, eta horrek beti segurtasun bat ematen du. Areso ere, gure antzera, nahikoa justu dabil.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide