Ez da laburra izan gure artean uda pasa duen zenbait haur sahararren etxerako bidaia. Larunbatean abiatu behar zutenak, 24 orduz zain egon ziren, Aljeriarrek bidali behar zuten hegazkina hondatu egin zelako. Aljeriari zerbait baino gehiago zor diote sahararrek, euren lurrera itzuli bitartean bizi izateko eremu bat utzi die behintzat. Idorra bezain gogorra, baina ezer ez baino gehiago. Halere, alukeria galanta egin zieten iragan larunbatean egin zutena. Askoz salagarriagoa AENAren portaera. Loiuko aireportua ixteko ordua heldu zenean, kale gorrian utzi zituzten 238 haur. Bidaiari errespetagarriak izan balira, mantenua eta ostatua eskainiko zieten. Umemoko talde bat besterik ez zen, ordea, hirugarren munduko beltz talde bat baizik ez. AENAko sasikumeen egiazko aurpegia ezagutu dugu oraingoan. Zorionez, bada bihotz bigunagorik bazterretan.
Duela lau urte etorri zen lehen aldiz Zarautzera Dreisha, Saharako gure alaba. Aurtengoa izan du boskarren eta azken urtea gurean. 12 urte bete dituenez, gehiago ez du Opoprrak bakean egitasmoan sartzeko aukerarik. Bost egonaldiotan gauza asko ikasi du gure beltzaran argiak: euskara eta gaztelania lardaskatzen, gure grafiaz nolabait irakurri eta idazten, bizikletan ibiltzen, igeri egiten, telebistaren urruneko agintea menperatzen...
Baina amaitu da haren abentura. Ostiralean hartu zuen azken bainua Zarauzko hondartzan. Bainu luzea izan zen, ez zuen olatuekin jolasik egin, inguru zabalera etengabe begira isil-isilik egon zen luzaroan. Bazekien agian ez dela sekula gehiago Euskal Herrira itzuliko, konturatzen zen gerta litekeela berriz itsasorik ez ikustea. Eta hantxe, olatu artean, besarkada estu eta luze batean korapilatu ginen biok, gure malkoak itsasoaren gaziarekin nahasten ziren bitartean. Gure ttikiek gauero galdegiten dute Dreishaz, eta denok otoitz egiten dugu Alak babes dezan eta egunen batean, agian, berriz gure artera itzul dadin, zain duen ohea eta gure bihotzak betetzera.