Pello Aizpuru: "Erremontea, aurrera begira osasun onarekin ikusten dut"

Urola Kostako Hitza 2006ko urr. 2a, 14:10

Pello Aizpuru (ezkerretik bigarrena) erremonte eskolako ikasle batzuekin, Izarraitz Pilotalekuan.

Pello Aizpuru gaur egungo erremontisten artean beteranoetakoa da: orain 23 urte debutatu zuen, eta ordudanik erremontea da bere bizimodua(Urola Kostako Hitza)

Pello Aizpuru (Azpeitia, Urrestilla, 1964) erremonteko jokalaria eta irakaslea eta Izarraitz pilotalekuko kantxeroa da. "Erremontista izan eta orduan Izarraitz pilotalekuko kantxeroa zen Juan Pedro Azkaraterekin hasi nintzen erremontean, 15 urte nituela. Gero, 17 urterekin Galarretan hasi nintzen, Telesforo Arregirekin". Etxekoak pilotazaleak zituen Aizpuruk eta horregatik aukeratu zuen erremontea: "Gustatu egin zitzaidan, eta 15 urtetik gaur egunera arte erremontea izan da nire bizimodua". Gaur egun erremontisten artean beteranoetakoa da Aizpuru. Berak debutatu zuen garaian Orbegozo, Urkia, Matxin, Matxin II... ibiltzen ziren, "mordoxka ginen".

Erremontean hasi zineneko aurreneko urteak errazak izan al ziren?

Hasieran ez dakizu gustatuko zaizun ala ez, ezagutzen ez duzun joko bat delako. Baina niri ikaragarri gustatu zitzaidan, nahikoa ondo moldatzen nintzen. Gero, Galarretan-eta postura onak nituela eta jokatzeko modua nuela esaten zidatenÉ Galarretan hasi nintzenean oso gustura ibili nintzen, lagunarte polita egiten da; gustura ibiltzen zarenean betiere segitzeko ilusioa izaten da.

Profesionaletarako pausoa noiz eman zenuen?

Orain dela 23 urte debutatu nuen, Galarretan. Ni eta Arregi, Alberdi-Aranbururen aurka aritu ginen. Galdu egin genuen, bi tantogatik.

Zeintzuk izan dituzu maisu?

Juan Pedro Azkarate eta Telesforo Arregi. Baina behin debutatzen duenean batek eta profesional egiten denean inoren beharrik ez dagoela irizten da, baina niri iruditzen zait profesional askok baten bat gainean edukiko bagenu, bai posturak bai gainontzekoak zuzentzeko, erremontistarentzat ona izango litzatekeela.

Orduan behin profesional eginda entrenamenduak zu-en kasa egiten dituzue.

Normalean bai, pilotak hartu... eta gutxi gorabehera jakiten dugu zein posturatan edo noiz gaizki jo dugun, baina pixkat berandu xamar konturatzen gara. Nik uste dut beti gainean bat edukitzea ona izaten dela. Afizionatuetan, Galarretan ibiltzen ginenean, esan egiten ziguten noiz jokatzen genuen gaizki. Horrek konfiantza ematen zigun jotzeko garaian eta hori antzematen da.

Lehen gaur baino txapelketa gehiago jokatzen al ziren?

Ez, orain agian gehiago daude. Lehen, udaberrikoa, udakoa eta udazkenekoa zeuden; hiru gehienez. Orain gehiago daude, eta horrek erremonteari zabaltzen laguntzen dio.

Afizioa batere berritzen ari al da?

Uda partean jende dezente ikusi dut Galarretan: gazteak eta berriak. Dezente mugitu dira. Jokalari gazteek beti eramaten dute jendea, lagunak etaÉ

Gazte asko al dabil gaur egun erremontean?

Azpeitian 14-15 bat dabiltza eta Galarretan ere mordoxka bat ibiliko da. Baina garai batetik gutxiago direla iruditzen zait. Eskuz jende gazte asko ibiltzen da baina eskua betiere zailagoa da, mindu egiten dira etaÉ Normalean eskuz probatzen dute eta gero utzi. Askok ez dute erremontea ezagutzen.

Eta erremontearen etorkizuna nola ikusten duzu?

Orain momentuan ondo dagoela iruditzen zait. Txarrena frontoi bakarra dagoela da, Galarreta. Iruñekoan, larunbatetan bakarrik jokatzen dugu, eta kili-kolo dabil. Baina Galarreta indartsu dabil. Aurrera begira erremontea osasun onarekin ikusten dut. Gazteak ere badaude ondo jokatzen dutenak.

Izarraitz pilotalekuan erremonteko eskola duzue. Nola funtzionatzen du?

Mutil-kozkorrek izena ematen dute Izarraitz pilotalekuan bertan edota kiroldegian, eta abuztuan ez ezik urte guztian ibiltzen gara Izarraitzen. Abuztuan, berriz, 16-17 urtekoak Galarretan entrenatzen dute. Kuota bat ordaintzen dute eta eskolak jartzen du material guztia: zestoak, kaskoak, pilotak eta dena. Gaur egun hamabost gazte dabiltza hemen, eta beste batzuek Galarretan. Ematen duena baino zailagoa da, baina hori hasieran da.

Di-da batean

Erremonteko jokalari bat? Ezkurra

Frontoi bat. Galarreta

Txapelketa edo torneo bat?Udakoa

Beste kirol bat? Eskupilota

Zenbat zesto dituzu? Hilero berri bat estreinatzen dut. Behin dozena bat partida jokatu ondoren zestoa aldatzeko ohitura dut. Zesto berria gustukoa bada pilotak beste bizitasun batekin irteten du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide