Euskal Herrian euskaldunok jasaten dugun hizkuntza eskubideen urraketa dela eta kalera irten beharrean aurkitu ohi izan gara gure eskubideak aldarrikatzera. Uztailean bertan, azpeitiarrok kalera irten ginen euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsan EHEk deitutako manifestazioa zela eta. Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeaz gain, herriko anbulatorioan euskarak jasaten duen zapalkuntza ere salatu genuen.
Nahiz eta EHEk Udalbatzan gaia tratatu nahi izan, EAJk ez zuen iritzirik emateko asmorik ere azaldu, eta manifestazioa baino egun batzuk lehenago prentsaurreko bidez bere desadostasuna agertu zuen ekimenarekiko. Bere arabera Osakidetzak hartuta zituen anbulatorioa euskalduntzeko beharrezko konpromisoak, eta denbora eman behar zitzaiela adierazi zuen behin eta berriz, Osakidetzako normalizazio planak emaitzak izan zitzan.
Prentsaurreko hartan baina, anbulatorioko euskararen egoeraren inguruko hainbat datu eman zituzten, adibidez, langileen %45 dela euskaraz hitz egiteko gai. Egoera hori gainditu ahal izateko funtsezkoa da langile berri guztiak euskaldunak izatea gaurdanik.
Urtarrilean izango dira Osakidetzako oposaketak, euskararen normalizaziorako une estrategikoa. Hona hemen hartuko duten neurria: bost lanpostuetatik batean bakarrik jakin beharko da euskaraz. Eta horrek ez gaitu ezustean harrapatzen!
Azpeitiko EAJko kideek ez dute konpromisorik hartu orain artean anbulatorioko egoerari aurre egiteko, baina faltsukeria ugari ibili dute. Beraien alderdikide den Miren Azkaratek ordea ez du itxurakeriarik ere izan, bere hitzetan, Osakidetzak euskarari erakutsitako konpromisoa eta ahalegina eskertu beharrekoak dira. Eta itxuraz, Azpeitiko EAJko kideak konforme.
Euskaldunon eskubideak horrela bermatuko dituzuela sinestuko dugulakoan bazaudete, alferrik ari zarete, badakigu zein den zuen jokoa. Bada garaia itxurakeriak alde batera utzi eta lanean hasteko, orain arte hainbat agintari potolo herrira ekarri duzue zuen agerraldi ponpoxoak egitera, baina non dira hitz eder guzti horien emaitzak? Aski da!