Uztarria.com-en parte hartzeko

Juankar Arellano 2006ko urr. 13a, 20:10

Hasteko esan behar dut idatzi honek ez duela eztabaidatzeko asmorik, nire gogoeta bat besterik ez da, beraz ez naiz inorekin eztabaidan sartuko

Espero bagenuen ere, ez nuen uste horrela borobilduko zenik. Uztarria.com orria bisitatzen duen edonork gogoan izango ditu egon izan diren eztabaidak, (ziren esan beharko hemendik aurrera) nahiz eta askotan konturatu xextra horiek ez zirela errealak, baina tira, ondo ikusten zen nolako barruak ditugun, eta zein erraz idazten genuen.

Emandako arrazoiak ez zaizkit gehiegi gustatu, horregatik idatzi hau bederen, eta saiatuko naiz esplikatzen zergatia. Egia da anonimotasun horrek arauak hausteko bidea garbi uzten zuela, eta norbaitek hartzen zuela idatzi horiek mozteko, edota kentzeko ardura. Eta orokorrean arazoak hor gertatzen dira, kalitatearekin batera.

Aipatzen diren gauzen artean, "arinkeria ugari", "balio ez duten iritziak", "izen abizenik ez izateak eztabaidatzeko berdintasunik ez...", "interesatuak" "sinesgarritasun txikia dute eztabaidek oro har". Seguruenik ongi dago guzti hori arazo bezala hartzea baina, eta hau nire kezka, eztabaidak eta iritziak "kalitate" gehiago al dute erregistratzen badira?

Komunitate erreala sortu, esaten da, eta kalitatea gora. Erreala izango delakoan asmo hau. Estilo jakinean idazteak, joerak eta horrelako argudioak aipatzen dira, azken finean "ardura handiagoz jokatuko da" eta kalitatez. Horrela izanik asko poztuko nintzateke. Baina kalitate horrek euskara egokian idatzi beharra eskatu beharko luke, (nahiz era oraindik ere akats asko egiten dugun) eta iritziak, horrela izanik, libreak eta sakonak beharko ote dute.

Zenbaiten komentarioak entzun ondoren, azken boladan, estatistiken gorabehera kasu, Uztarriak pairatutako kritikak bultzatu dutela ematen du horrelako erabakia hartzera. Egia da lehenagotik datorrela erregistratzeko asmo hau, beraz zer ikusirik ez du, baina karamelo goxo bat kendu den errezeloa du jende askok.

Horregatik —eta bukatzen dut— ahalik eta jende gehien erregistratzera animatzen dut, aniztasuna askatasunak duen altxorrik preziatuena baita. Ah! eta Urola Kostako Hitzan oraindik ez dute horrelakorik egiteko asmorik, ezta?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide