Konposta egiteko planta egingo dute Lapatx zabortegian

Urola Kostako Hitza 2006ko aza. 2a, 16:11

Urola Erdiko Mankomunitateak Aldundiarekin hitzarmena sinatuko du plangintza pilotoan 2,1 milioi euro inbertitzeko (Urola Kostako Hitza)

Urola Erdiko Mankomunitateak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean Lapatxen konpostatze planta piloto bat egitea onartu berri du. Bi erakundeen arteko hitzarmena sinatzen bada, Foru Aldundiak 2.100.000 euroko inbertsioa egingo du zaborraren tratamendurako instalazio honetan.

Urola Erdiko Lapatx Zabortegia S.A.-n eraikiko den instalazioak Urola Erdian, Urola Kostan eta Sasieta Mankomunitatean jasoko diren zaborrak tratatuko ditu, esperientzia pilotoaren bitarteaz.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2002an onartu zuen Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralaren (2002-2016) baitan kokatzen da proiektu berria. Plangintzak Lurralde Historikoan sortzen den hondakinen kopurua gutxitzea eta ahalik eta hondakin gehien birziklatzea du helburutzat. Gipuzkoarrek botatzen duten zaborraren %40a organikoa da eta hau birziklatzeko instalazioa jarrita, asko gutxituko litzateke errauskailura eraman beharreko zabor kopurua.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraupen Iraunkorreko Sailak 2.400 litroko 132 ontzi jarriko ditu materia organikoaren birziklatze lanean aritzen diren mankomunitateen eskura. Herritarrek borondatez eramaten dituzten hondakinak tratatuko dituzte Lapatx zabortegian eraikiko duten instalazioan. Esperientzi pilotoak arrakasta badu, Donostian instalazio handiago bat egitea aurreikusten du Foru Aldundiak.

Oraindik ez dute finkatu zenbat zaborrontzi jarriko dituzten herrietan, baina segur aski giltzaz itxita egongo dira. Informazioa jaso duten eta konpostatzearen garrantziaz jabetuta dauden herritarrei emango zaie giltza, euren zaborra bertan bota dezaten. "Kalitatezko konposta egitea da helburua eta jendea nahiko informatuta ez badago eta bestelako zaborra botatzen badu konpostatzeko ontzietan, ezin izango da zabor organikoa ondo tratatu", adierazi du Mikel Zubizarreta Urola Erdiko Mankomunitateko kideak.

Azpiegiturak

Urola Erdiko Mankomunitatea Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bidegoian, Errezil eta Zestoak osatzen dute. Esperientzia pilotoaren lehen fasean konpostatze instalazioaren azpiegiturak eraikiko dituzte. 2.100.000 euroko inbertsioa egingo du Aldundiak fase honetan. 600.000 euroko ordainketa kredituan eta 2007rako 1.500.000 euroko konpromiso kredituan banatuko da inbertsioa. Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraupen Iraunkorreko Sailak 14-16 hilabete beharko ditu konpostatze instalazioen azpiegiturak sortzeko lanak bukatzeko.

Lapatx zabortegiko hainbat instalazio itxita daudenez, tokia dago bertan konpostatze planta eraikitzeko. Bestalde, Azpeitian Garbigune bat sortzeko asmoa ere agertu dute Urola Erdiko Mankomunitateko ordezkariek.

Orubea prestatzen hasiko dira urtea bukatu baino lehen, ondoren azpiegiturak eraikitzeko. Bi tobera izango ditu, hau da, zaborra biodegradarri bihurtzeko bi zilindro jarriko dituzte. Toberek bi zulo dituzte muturretan. Batetik zabor organikoa sartzen da eta bestetik konposta ateratzen da. Toberak duen anguloari eta mugimendu biratzaileari esker, haizearen eraginez zaborra konposta bihurtzen da. Bi eratako zaborra sartu daiteke bertan: marroia (etxeetan sortzen dena) eta berdea (belarra eta landareak).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide