EAko zinegotziak on-line egon ziren

Uztarria 2006ko aza. 6a, 17:11

Manuel Unanue eta Kontxita Martija, galderak erantzuten.

Manuel Unanue eta Kontxita Martija aritu ziren herritarren galderak erantzuten

Elkarrizketa osorik irakur dezakezu webgune honetan

Ostiral arratsaldean (hilaren 3an) Manuel Unanue eta Kontxita Martija Azpeitiko Udaleko EAko zinegotziak, uztarria.com-en On-line atalean izan ziren herritarren galderak erantzuten. Ordubetez, galderei erantzunak ematen jardun zuten (Elkarrizketa osorik irakur daiteke webgunean).

Azpeitiko Udalean EA ordezkatzen duten lau zinegotziak (Manuel Unanue, Kontxita Martija, Mikel Ibartzabal eta Kandido Mitxelena), 2007ko maiatzean udal hauteskundeetan Azpeitiko Udalerako EAren zerrendako lehen lau postuetan joango direla jakin zen duela bi aste. Erabaki horren inguruan hainbat galdera erantzun zituzten webean. "Alderdiak prozesu bat ireki zuen afiliatu guztientzat hautagaien izenak emateko. Juntak, guri lauroi galdetu zigun ea jarraitzeko prest geunden. Guk baiezkoa eman genuen, talde bezala. Prozesu horren barruan, afiliatu guztiak batzarrera deituak izan ziren eta juntak gure hautagaitza proposatu zuen eta batzarrean hori onartu zen", adierazi zuten erabakiaz galdetutakoan.

Gazteen arazo "kezkagarrienetako bat etxebizitza duin baten jabe izateko eskubide ezaz" galdetuta, EAko zinegotziek euren "betiko proposamena Udalak bere jabegoko lurretan etxebizitza babestuak egitea" dela esan zuten. "Esklabetako lurretan, Udalak aukera zuen etxebizitza politika hori gaur egun martxan edukitzeko. Udalak 425 etxebizitza baino gehiago egiteko aukera ukatu du eta esku pribatuetan utzi du. Hori oso larria da".

"Ezker Abertzaleak eta EAk bat egin eta EAJ oposiziora pasatzeari buruz zer uste duzu?" izan zen herritar baten galdera, eta EAkoen erantzuna: "EA hauteskundeetara aurkezten denean, gure ilusioa Alkatetza lortzea da. Errealitatea, ziur asko bestelakoa izango da. Guk herritarrei eskatuko diegu botoa lau urtean egin dugun lanaren bermearekin, eta beste lau urtetan lan hori eta gehiago egiteko. Bide hori gurekin egin nahi duena, ongi etorria izango da. Nor izango den? Hauteskunde ondoren esango dizut, baina beti gure programa eta hari leialtasuna ziurtatuz, eta, batez ere, elkarrizketaren bidez, ez bakarrizketarekin".

Guztira, 17 galdera jaso zituzten EAkoek.

Orain arteko On-line elkarrizketak, hemen

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide