Luistxo Fernandez: "Hemendik urte batzuetara Internet eta telebista gauza bera izango da"

Uztarria 2006ko aza. 9a, 19:11

Luistxo Fernandez, Aitonenan, hitzaldian.

Internet eta euskararen inguruko hitzaldia eman zuen, Uztarria Kultur Koordinakundeak gonbidatuta

Hitzaldia oso-osorik bideoan

Atzo, asteazkena, Luistxo Fernandez Interneteko adituak Internet eta euskararen kalitatearen inguruko hitzaldia eman zuen, Uztarria Kultur Koordinakundeak gonbidatuta. Aitoneko I-eko aretoan izan zen hitzaldia eta 25 lagun inguru bildu ziren bertan. Fernandezek hitza hartu aurretik, Josu Azpillaga Uztarriako kideak egin zituen aurkezpen lanak.

Hona hemen hitzaldian Luistxo Fernandezek esandako hainbat gauza.

Interneten iragana

"Orain hamar urte sartu nintzen ni Interneteko kontu honetan. Orduan ze panorana zegoen... nik gogoratzen dudan bezala, ingelesez zegoen gauza bat zen eta han zebiltzan euskaldunak ingelesez zebiltzan" esan zuen Luistxo Fernandezek.

Duela hamar urte Interneten inguruan zituen gogoetak aipatu zituen Fernandezek: "1996an, hemengo ikuspuntu batetik, Euskal Herriaren inguruko gauza gehiago ingelesez esplikatu beharra zegoela uste nuen. Ikusita Internet zer zen orduan... Kanpotarrei zer eta nor ginen esplikatzeko aprobetxatu behar zela pentsatzen nuen".

Hasieran Interneten "lehenengo galdera egiten nuena zen; zer dago Euskal Herriaz?. Gehiena ingelesez zegoelako, pentsatu ere ez euskaraz ezer egon zitekeenik. Internet amerikanoen gauza bat zela uste nuen".

"Gauza batzuk ingelesez explikatzeaz gain beste batzuk euskaraz azaltzen hasi ginen hainbat lagun. Bilboko bulego batean lan egiten zuen tipo batek 'Egunkaria'-ko portadako titularrak konpiatu egiten zituen, berak eskuz egunero sarean, eta hori izan zen 'Egunkaria'-ren lehenengo edizio digitala" gogoratzen du Fernandezek.

.1996an 'Egunkaria'-n Nabigatzen sailean egin zituen lanak ere gogoratu zituen Luistxok. "Euskaldunok ere ari gara Interneten hori adierazi nahi izaten genuen. Interneten zer zegoen jendeari erakusteko tresna bat zen".

Oraina, sarean

Gaur egun jendea Internetera "exploratzeko gogo batekin" sartzen dela dio Luistxo Fernadezek. "2000 urtetik beste eredu bat goraka etorri da, ordea. Azken bi-hiru urteetan Internetera beste gogo batekin sartzen gara; beste funtzio batekin. Orain demagun herri batean bizi dena ez da sartzen Interneten herri horretaz zer dagoen exploratzera. Interneten dena dagoela asumitzen du, eta bilatzera doa".

Egoera honetan, "normala da entzutea Gehiegi dago Interneten. Eta ez da egia, hemengo ikuspuntutik behintzat". Fernandezen hitzetan "blogak eta horrelako plataformek euskarazko edukiaren ugaltze bat" eragin dute, "instituziek lortu ez dutena".

Etorkizuna

Azaroko Uztarria herri aldizkarian egindako elkarrizketan esandakoa gogoratu zuen Luistxo Fernandezek atzoko hitzaldian, "euskara biziko bada, biziko da Interneten, etxean eta kalean".

Internet esparru askorekin nahasten dela aipatu zuen baita Fernandezek. "Hezkuntzan adibidez Internet gero eta garrantzitsuago izango da" esan zuen.

Aurrera begira, berriz, "ez daukat duda izpirik hemendik urte batzuetara telebista eta Internet gauza bera izango direla. Gailu eta teknologia bera izango delakoan nago" baieztatu zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide