Juanan Larrañaga: "Harrobian sinesten dut oraindik"

Xabier Lopetegi ('Berria') 2006ko aza. 17a, 10:11

Harrobia zaintzeko garai zailak direla uste du Larrañagak, lehia handia dagoelako, Gipuzkoan gazte gutxiago dagoelako eta Realak ez duelako begiralerik atzerrian (Berria)

Futbolarekiko lotura ez du inoiz eten Juanan Larrañagak (Azpeitia, 1958) erretiroa hartu zuenetik. Berion entrenatzaile, federazioan kimuekin lanean, ETBn esatari... "Pasioa da niretzat", esan dio 'Berria'-ri. Realak harrobiko arduradun nagusia izatea eskaini zionean ez zuen batere zalantzarik izan. Lehen taldeko egoera kaskarrak "klubeko adar guztiei" eragiten diela dio, baina itxaropentsu agertu da, Zubietak "fruitu onak" ematen jarraituko duela uste baitu.

Reala erreferentzia zen garai batean harrobia lantzen. Oraindik ere ba al da?

Realak etxekoekin egiten du lana, eta gehienek, berriz, inguruko mutikoekin ez, kanpokoekin baizik. Lehen harrobia lantzen ez zuten taldeak agertu dira, Vila-real esaterako, baina horiek leku guztietako gazteak ekartzen dituzte. Adibide bat jartzeagatik, Michigandik, AEBetatik ekarritako gazte bat dauka Vila-realek.

Horrenbeste baliabide dauzkaten taldeen kontra lehiatu al daiteke Reala?

Lehiatu behar dugu. Derrigorrean. Lan ona egitera behartzen gaituzte. Ezin gara besteei begira egon, geure lana egin behar dugu inguruko jokalari onenak edukitzeko eta horiek lantzeko. Horretarako, badugu jokalariak inguratzeko departamentu bat, Mikel San Juan buru duena, eta oso lan ona egiten ari da. Emaitzak etorriko direla uste dut, maila oneko jokalariak daudelako.

Begiraleak badauzka Realak?

Bai, batzuk entrenatzaileak dira eta partidak ikusi eta txostenak egiten dituzte. Beste departamentu bat dago eskoletako futbolari eta futbol eskolei jarraitzeko. Guztira hamar bat izango dira. Gu ere aritzen gara partidak ikusten. Denetik egin behar da eta horretarako gaude.

Gipuzkoara mugatzen dira begiraleak?

Ez. Iparraldean, Nafarroan, Araban eta Errioxan ere badauzkagu.

Eta Bizkaian?

Une honetan ez daukagu begiralerik, baina hango futbolari jarraitzen diogu. Gurekin hitzarmena duen klub bat badago: Arenas.

Mutikoak gero eta gazteago fitxatzen dira, atzerritik ere. Gauzak bere bidetik ateratzen ari dira?

Joera horretan ez dugu sartu behar une honetan. Hemendik urte batzuetara egokitu beharko ote dugun? Batek daki. Ez litzaidake gustatuko, baina inguruak markatzen zaitu, eta kasu honetan ingurua oso gogorra daukagu. Dauzkagun baldintzekin atera beharko dugu aurrera.

Garai zailak dira harrobi klasikoentzat?

Bai, lehia handia dagoelako eta ematen duelako talde guztiek diru asko mugitzen dutela berriz, telebistak sartu zirenean bezalaxe. Baina ez dugu etsi behar. Ni harrobitik ateratako jokalaria naiz eta harrobian sinesten dut oraindik. Gazte gutxiago dago, Gipuzkoa txiki gelditzen da, baina futbolean aritzen direnekin lan ona egitea da gakoa.

Gazteak lehiakorragoak izatea aipatu zenuen zure aurkezpenean. Zergatik?

Beti egon behar dutelako lehiarako prest. Ez bakarrik igandero, baita entrenamenduetan ere.

Gaur egungo gazteek zuek zeneukaten kasta ez daukatela esatea ohiko bihurtu da. Zer deritzozu?

Egia pixka bat badago hor. Teknika aldetik hobeak dira, prestakuntza fisiko hobea dute, baina Realean jokatzeko gogo eta sentimendu hori ez daukate guk genuen neurrian, gizartea ere aldatu delako.

Duela 20 urte baino zailagoa da Lehen Mailan jokatzea?

Orduan jokalari onak pasatzen ziren bakarrik, eta orain gauza bera gertatzen da. Jokalaria ona baldin bada, iritsiko da. Oztopo gehiago edukiko dituela, atzerritar gehiago daudelako? Agian. Sailkapeneko egoera ere ez da egokia, baina jokalari ona dena beti ailegatzen da, lehenago edo geroago.

"Aukera eskatu ez, aukera irabazi behar dute harrobiko jokalariek". Karpinen hitz horiek oihartzun handia izan zuten.

Ados nago. Lehen taldera ezin dira bi jokalari igo urtero pare bat igo behar direlako. Benetan merezi duena igo behar da, prestakuntza urteetan hori irabazi duena. Garbi eduki behar dugu hori, guk eta jokalariek.

Bakeroren kaleratzeak zerbaitetan aldatu du zure egitekoa edo egoera?

Ez, ezer ez. Nirean jarraitzen dut eta lehen taldeko entrenatzailearekin harremanetan jarraitzen dut, logikoa delako.

Jokatzen hasteko adina zergatik atzeratu da azken denboraldietan? Ausardia falta al da?

Ez. Lehen ere ez ginen hain gazterik hasten. Bakero, Lopez Ufarte eta Begiristain izan ziren salbuespenak. Ni 21 urterekin hasi nintzen. Bakoitzak bere erritmoa darama. Adina ez da erabakigarria. Hemen ez dago hamar ekarri eta bederatzi iritsiko direla ziurtatzerik.

**Kargura iritsi eta berehala, lehen albiste txarra jaso zenuen: Iñigo Rodriguez aurrelari kadetea Athleticera joan zen.**

Haren gurasoekin hitz egin nuen zergatiez eta haien erabakia izan zen. Realarekin ez zuten arazorik izan. Beste gauza batzuk zeuden tartean, eta berak hori erabaki zuen. Kezkatzekoa da Athleticek Realeko jokalari bat ukitzea, baina horregatik ez naiz kexatuko.

Antzeko kasu gehiago gerta daitezkeen beldur zara?

Ez. Arriskua beti dago, baina guk ere gauza bera egin dezakegu.

Eta egingo duzue?

Haiek egiten badute, zergatik ez? Ez daukagu batere arazorik.

Reala B zer moduz ikusi duzu?

Hasieran kostatu zitzaion, baina bide onean da. Gazteentzat prestakuntzako azkeneko pausoa da.

Utzitako jokalari batzuen egoerak kezkatzen zaitu?

Bai. Baina lehengora gatoz: maila ematen baldin badute jokatu behar dute, eta zer taldetan dauden ere ikusi behar da. Haiek baino jokalari hobeak baldin badaude, zaila da.

Bakea iritsi da Gipuzkoako futbolera?

Horretarako sinatu genuen akordioa Foru Aldundiarekin eta federazioarekin. Beharrezkoa zen denek bat egitea eta kontrol bat eramatea Reala erreferentzia gisa edukita. Hitzarmenekin gabiltza lanean. Aurreratuak daude gauzak eta laster hitz egingo dugu klub guztiekin akordioak egiteko. Futbol eskolak ere martxan jarri beharko dira. Denbora eskatuko duen prozesua izango da. Lehen bazeuden eskolak, baina hala-moduzkoak ziren, eta orain ondo antolatu beharko dira, baldintza batzuekin. Gure metodologia izango dute eta gainetik jarraituko diegu.

Antiguoko taldearekin zertan dira gauzak?

Haiekin ere hitz egingo dugu. Lehenetakoa izango da, gainera. Laster deituko diegu.

Loturak:

-"Juan Antonio Larrañaga: Jokalari onak igo dira lehen taldera, baina lehiakortasun pixkat falta zaie":http://www.uztarria.com/albistiek/1150025567

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide