Autonomi Erkidegoko Eskola Publiko bihurtzeko legearen aurrean Azpeitian ikastolari eustea erabaki genuenetik 11 urte pasa dira. Urolan, 30 urtetako bideari beste hamaikaren jarraipena ikastolari eutsiz eman izanaren poza dugu. Eta jarraipen hori, Euskal Herria/Nafarroa osoan beste 100 ikastolarekin batera, denon eskutik eramaten jarraitzen dugun bakarrak gara Azpeitia-Azkoitia-Zestoan.
Ikastolaren aukerari eusteko berriro ere etxe berri bat ekiteari aurre egin behar izan genion eta azaroak 17an hamar urte egin ditu ikastolaren etxe berria inauguratu genuela.
Hori dela eta garai haietan ikastolarekin jarraitzeko inguruko erasoei aurre egiten elkarrekin ibili ginen Bizkaiko eta Gipuzkoako lau ikastoletakoek elkartu ginen ostiralean ikastolan, hausnarketa egiteko eta haria etengabe biziberrituta izateko.
Ondorengo bost ideia hauen inguruan mamitzen dut gaurko hausnarketa.
.1. Aldaketa: Hezkuntzan aldaketa aldarrikatzen dut. Ikasleen eskutik, behetik gora egindako aldaketa, beraiek protagonista bihurtuz. Guk, herritarrok, halabeharrez estaturik gabeko egitura batean ekiten diogu ikastolatik geure Eskola Nazionalari eta Unibertsitateari. Egoera honetan aurrera egiteko gizarte ekintzaile baten beharra dugu. Hori lortzeko Unibertsitatean ikasleak protagonismo zuzena izatera animatzen ditut gizarte mota hori bultzatzeko. Hori ezin da lortu, ikasleak pasiboak eta atomizatuak badira; hau da, elkarrekin hitz egiten ez badute; liburutik edo irakasleen apunteetatik bakarrik ikasten badute, irakasleen esanatera bakarrik funtzionatzen badute, hori garapenerako eragozpena da. Eta ikasleak unibertsitatean protagonista izateak ikastoletatik saiakerak egitea eskatzen du, bat-batean ez delako jarrera aldaketarik ematen. Aldaketa honetan kokatzen da irakasleon erronka nagusiena. Ikasleekin harremanak modu berrian egitean. Bestalde, unibertsitateari dagokionez, ezagutu berri dugun datua da, munduko 100 unibertsitate onenen artean espainiar bat bera ere ez dagoela. Geurea eta egokia nolako zumearekin egingo dugu?.
.2. Argi izan zer transmititu: XXI. mendean euskal identitatea bere osotasunean nola transmititu gure erronka nagusia da une honetan. Hor daukagu euskal curriculuma eta geure sistema propioa gauzatzearen lana. Hau da, guraso eta irakasleen erronka haundi bat, ikasle euskaldunek eskubide hori dutelako eta guk betebeharra. Hizkuntza-tranpa asko erabiltzetik, argi definitzera pasatzea, herri honentzat ezinbestekoa da. Dena ez da berdina, eta ordua bada bakoitzari bere izena ematekoa, bestela geure izana ipintzen dugulako arriskuan.
Ez badakigu zer kultura transmititu, oinarrizko traba bihurtzen da gaitasunen garapen orokorrerako. Hau da, ikaslearen behar pertsonalei erantzuten diona; geure kulturan oinarritzen dena; etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatzen duena; pentsamentu kritikoa garatzen duena; emozioen abilezietan harremanetarako trebatzen duena; komunikazio teknologietan, hizkuntzetan eta balio etikoetan norberaren garapen onena emateko prestaten duena, gizaki, gizarteko kide eta gizadiko kide bezala. Eta hori guztia bermatzeko, herri bezala geure burua arautzeko ahalmena behar izatearen kontzientziarekin.
.3. Etorkizunerako norabidearen haria historiarekin lotu: Herri batek bere norabidea topatu nahi badu bere historia kontutan izan behar du. Bere izaera bizi-berrituta mantentzeko transmisioa egoki egitearen helburua bete behar da. Bizi dugun une honetan zer gorde gerorako kontuan izatea eskatzen du. Izan zirelako gara eta garelako izango dira. Gerorako zer espero dugun gaur erabakitzea, hori da gure izatearen transmisioa. Beraz, ez da lehen aldian korapilatzeko, baizik eta gure herriaren haria etengabe biziberritua mantentzeko.
.4.Gizarte-sare eragilea: gizarte zibilaren sarearen aldekoa naiz. Ikastola mundutik ikasi dut herri honetan giza-talde batek bere burujabetasunetik ekiteak duen indarra. Herri honen historian oso argi azaltzen da herrigintza ez dela bakarrik adostasun politikoetatik etortzen. Ikusia eta ikasia dugu politikagintza handietatik baino gehiago aurreratzen dela gizarte eragileen eskutik,, kolektiboek herri kontzientzia argia dutenean, lanean konprometitu eta ondo egitearen konfiantzan aritzen direnean. Herri bezala hainbeste estimatzen dugun burujabetasunaren indarra, herritarren protagonismoan dago, lekuan-lekuko gizarte lanetan, elkarteetanÉ. Horren errespetutik dabiltzen politikariek jasotzen dute, itzulian, beraiekiko errespetua. Horretan erakutsi dute gurasoek, ikastoletan gakoa non dagoen eta zenbateraino den garrantzitsua ikastola aurrera ateratzerakoan, beraiengan oinarritzen den herrigintza.
.5.Politikariak bere lekuan kokatzea: Dauzkagun gorabehera guztien errua ezin diegu politikariei bota, baina nabarmena da kosta egiten zaiela beraien lekua eta zeregina zein den onartzea eta denen gainetik ibiltzeko duten joera aldatzea. Egokia deritzot, politikariek, gizartearen gainetik bisionario
eta salbatzaile papera uztea eta gizarte heldu baten aurrean kokatzea. Heldutik heldura gizartea tratatzen hastea. Herritarrok geure buruaren protagonista izanik, geuk egin nahi dugun ibilbidean, politakariek, laguntzaile izatera aldatuz, bidea askoz ere emankorragoa izango delakoaren ustea dut.
Hainbat alditan politikariek ikastola moztu nahian bota dizkiguten erronken aurrean, herritar asko eta asko gaude ikastola lotu egin dugunak. Orain, bermea topatu nahi dugu.