'Mendeko zelatari' izateko azterketan

Urola Kostako Hitza 2006ko abe. 11a, 17:12

Asteazkenean, Osakidetzarako azterketen lehen egunean, EHEko kideak euskararen ofizialtasuna aldarrikatuz BECen sarrera nagusian.

Eskualdeko hainbat euskaltzalek euskararen ofizialtasuna aldarrikatu dute Osakidetzarako Lan Eskaintza Publikoan

Azpeitiko EHEko kideek azterketa hauetan euskarari errespetu gutxi izan zaiola diote (Urola Kostako Hitza)

Asteazken honetan Azpeitiko anbulatorio aurrean kontzentrazioa egingo du EHEk, 19:30ean

Asteazkenean (hilak 6), Barakaldoko BECen Osakidetzak Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) azterketa egin zuen. Lehen eguna zen, eta 40.000 lagunek egin zuten azterketa. Baina azterketa egitera sartutakoen artean, beste zeregin batetara joandakoak ere baziren: "Euskal Herrian Euskaraz-eko eta euskararen ofizialtasunaren aldeko 35 lagunek azterketa egiteko izena eman genuen; tartean, hiru Urola Kostakoak ginen". Euskararen ofizialtasuna aldarrikatuz kamiseta berdeak zeuzkaten jantzita. Osakidetzak LEP honetan jokoan jarritako 4.300 lanpostuetatik %20ri jarriko dio euskaraz jakiteko derrigortasuna.

Jende artean nahastuta, azterketa aretora sartu ziren euskaltzaleak. Bitartean, beste ehun lagun inguru, BEC atarian gelditu ziren Osakidetzan euskararen ofizialtasuna bermatzeko aldarrikatzen. Eskualdetik 15 lagun inguru joan ziren, tartean Azpeitiko eta Zestoako EHEko kideak.

Urola Kostako hiru lagun azterketa egitera sartu ziren, kamiseta berdeak soinean. "Azterketa hasi zenean, hamar minututik hamar minutura, txandaka zutik jarri eta hizkuntz eskubideen aldarriak oihukatzen hasi ginen: Euskararik gabe Euskal Herririk ez, Osakidetzan euskaraz!... Bat edo beste epaimahaiaren mahaira kateatu ginen, beste bat korrika hasi zen jende artean leloak oihukatuz, beste batzuk zutik jarri eta klaxonak jo genituen... Gehienak segurtasunekoek atera gintuzten, baina ertzainak ere sartu ziren kaleratzera. Bat, gainera, jo egin zuten".

Azterketa egitera joandako gehienek euskaltzaleengan erakutsitako jarrerarekin "pozik" daude, hala diote euskararen ofizialtasunaren aldekoak: "Gutako bat oihuka edota jaiki eta korrika hasten zenean, jendea txaloka hasten zitzaion, eta gu kaleratzen hasten zirenean ertzainei txistua jotzen zieten". Tartean, bestelako jarrera ere erakutsi zutenak baziren, ordea: "'Iros de aquí', callaros eta horrelakoak esan zizkiguten".

Euskarari errespeturik ez

"Azterketa hasi aurretik, euskaraz azterketa egin nahi zutenek besoa altxatzeko eskatu zuten, 19.000 lagunetik 200 batek altxatu zuten. Nik ondoan euskaldun bat neukan eserita eta hark esan zidan: Ausartak dira bai, besoa altxatu duten horiek. Esan beharra dago, azterketetarako ikasgai eta material guztia gazteleraz zegoela".

Osakidetzako azterketan euskarari errespetu gutxi izan zaiola diote, adibide batzuk jarriz: "Gu aurkeztu ginen azterketaren azalean celador de nivel inferior jartzen zuen eta euskaraz, berriz, mendeko zelataria zegoen jarrita; txibatoa alegia. Oinarri espainoletik egindako itzulpen kaskarra da hori".

Ertzainek ere euskarari "errespetu falta" diotela esaten dute azterketan izan ziren hirurek: "Ertzaintzan ere euskararen normalizazio plana martxan dagoela diote, baina ertzainen kontzientzia nolakoa den BECen garbi gelditu zen. Identifikatzeko eskatu ziguten. Guk, guri euskaraz egiteko esan genien, haietako baten erantzuna hau izan zen: 'Hoy es día de la constitución, aquí se habla español, porque lo he dicho yo, y punto'. Hori ere salagarria edo aipagarria da".

Eskualdekoei ez zieten hori esan, baina bai haiekin joandako bati. "Niri ertzainek identifikatzeko eskatu zidatenean, euskaraz egiteko eskatu nien behin eta berriz, azkenean haietako batek zera esan zidan:Eman denetarik. DNI-a eskatu nahi zidan. Intentzioa behintzat erakutsi zuen, eta hari nortasun agiria eman egin nion". Diotenez, ez ziren joan "inori kalterik" egitera, "gure asmo bakarra euskararen ofizialtasuna eta hizkuntz eskubideak aldarrikatzea zen".

Eskualdeko EHEeko taldeak, 2004ean hasi ziren Osakidetzan euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen. Ordutik gaur egunera arte, hainbat ekintza egin dute: "Azpeitian esaterako, herritarrek egindako eskaera zuzendu genien arduradunei, alegia, Osakidetzari, Jaurlaritzari eta EAJri. Gero, herri eragileekin bildu eta, iaz, lehenengo kaleratze zabala egin genuen, manifestazio baten bidez. Azpeitiko anbulatorioan hizkuntz eskubideen urraketa ematen dela eta euskarak ofiziala izan behar duela aldarrikatu dugu".

Hizkuntz eskubideak ziurtatzeko "hizkuntz politika berri baten beharra" dagoela diote Azpeitiko EHEko kideek: "Osakidetzako azterketa hauek garrantzitsuak dira, bertan erabakiko baita Osakidetzan etorkizunean euskararen erabilera bermatuko den ala ez. Azken batean, hor irudikatzen da bai Jaurlaritzak eta bai EAJk daramaten hizkuntz politikak zein egoera ofizialetan segitzen duen, eta euskaldunon hizkuntz eskubideen zanpaketa zenbaterainokoa den. Azterketak martxan jarri dituzte eta orain arteko diskurtsoa anulatu egiten dute. Osakidetzarako azterketa hauetan, %20ari bakarrik eskatu diote hizkuntz eskakizuna".

Kontzentrazioa asteazkenean Azpeitian

Asteazken honetan (hlaren 13an) Azpeitiko anbulatorio aurrean kontzentrazioa antolatu du EHEk. 19:30ean hasiko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide